LABORAL Kutxak berritu du CEPESekin duen konpromisoa gizarte-ekonomiako enpresak sustatzeko

LABORAL Kutxa eta CEPES elkarlanean ari dira 2016az geroztik, gizarte-ekonomiako enpresen finantzaketa errazteko.
Card image cap
LABORAL Kutxako Negozioaren Garapen Areako zuzendariak, Ibon Urgoitik, eta CEPESeko lehendakariak, Juan Antonio Pedreñok, sinatu dute hitzarmena.
2020/12/07

LABORAL Kutxak berritu egin du Ekonomia Sozialeko Espainiako Enpresen Konfederaziorekin (CEPES) gizarte-ekonomiako enpresak sortzen eta sendotzen laguntzeko konpromisoa, bi erakundek gaur sinatu duten hitzarmenaren bidez. LABORAL Kutxako Negozioaren Garapen Areako zuzendariak, Ibon Urgoitik, eta CEPESeko lehendakariak, Juan Antonio Pedreñok, sinatu dute hitzarmena.

LABORAL kutxa eta CEPES elkarlanean ari dira 2016az geroztik hainbat ekimenen bidez; alde batetik, gizarte-ekonomiako enpresen finantzaketa errazteko, eta, bestetik, haien hazkundea eta sustapena bultzatzeko, CEPESek Europako Gizarte Funtsaren bitarteko erakunde gisa ematen duen laguntza teknikoaren zati bat finantzatuz.

Hitzarmenak hiru urteko iraupena izango du (2020-2023), eta Espainiako gizarte-ekonomiako 43.000 enpresa baino gehiago baliatu ahal izango dira horretaz. Era berean, CEPESen onuradun diren erakundeak ere baliatu ahal izango dira hitzarmenaz, Gizarteratzeko eta Gizarte Ekonomiako Programa Operatiboaren (POISES) esparruan, Europako Gizarte Funtsaren (EGF) bitarteko erakundea baita CEPES.

Joan den irailean 2020-2023 aldirako egindako azken laguntza-deialdian jaso zituen eskabideen ebaluazio-prozesua egiten ari da CEPES gaur egun.

Guztira 19,2 milioi euroko dirulaguntzak banatuko ditu. Zehazki, bi deialdi izan dira. Lehenengoaren bidez 12,3 milioi euro banatuko dira, gizarte-ekonomiako enpresen kopurua handitzeko, ekintzailetza kolektiboa sustatzeko, enpresen lehiakortasuna hobetzeko eta COVID-19ak eragindako krisiaren eragina arintzeko. Bigarren deialdiaren bidez 6,9 milioi euro banatuko dira, desgaitasuna duten edo gizarte-bazterketako arriskuan dauden pertsonak gizarteratzen lan egiten duten gizarte-ekonomiako erakundeen kopurua handitzeko, haien lehiakortasuna eta egiturak hobetzeko eta COVID-19ak eragindako krisiaren eragina arintzeko.

Bi erakundeok gizarte-ekonomiako erizpideak eta baloreak partekatzen dituzte eta enplegua sortzeko helburuan ikuspegi bera dute ere. Hori dela eta, lankidetzan jarduten dute gizarte-ekonomia bultzatzeko, etorkizun hobea lortzeko bide egokia delakoan.

LABORAL Kutxak gizarte-ekonomiarekin eta, zehazki, CEPESekin duen konpromisoa azpimarratu du Pedreñok. Izan ere, «finantza-sostenguak berebiziko garrantzia du gaur egun, enpresei laguntzeko eta COVID-19aren eragina arintzeko. Beste alde batetik, LABORAL Kutxak elkarrekin gestionatzen dugun programa operatiboarekin duen konpromisoa ere guztiz garrantzitsua da, haren bidez gizarte-ekonomiako enpresak sortzen eta sendotzen laguntzen baitu».

Kreditu-kooperatibak gizarte-esparrua bultzatzeko duen engaiamendua nabarmendu du, bere aldetik, Ibon Urgoitik: «Finantzaketa-lerro berri horrekin, bestelako banka baten aldeko apustua berresten dugu berriro, gizarte bidezkoagoa eta kohesionatuagoa ahalbidetzen duten enpresei laguntzen dien bankaren aldekoa», esan du.

Banketxea