Eroskik guztiz ezabatu du palma olioa bere markako produktuetan

Beste pauso bat eman du kontsumitzaileei elikadura osasungarria eta orekatsua errazteko konpromisoan.
Card image cap
2021/09/06

Eroskik palmaren gantza ezabatu du marka propioko produktu guztietatik, eta, hala, elikadura eredu osasungarri eta orekatsu baten aldeko konpromisoa indartu du. Guztira, 43 fabrikatzaileren 308 produktu birformulatu dituzte lau urte pasa iraun duen lanean, eta dagoeneko eskura daude denda sare osoan.

Hala, Eroskik jarraitzen du pausoak emanez elikadura osasungarria eta orekatsua bere markaren bidez merke eskaintzeko bidean. Helburu hori, ezin utzizkoa dena, kooperatibak Osasunaren eta Iraunkortasunaren arloan hartuak dituen 10 konpromisoen parte da, zeinak 2018. urtean txertatu baitzituen bere kudeaketan.

"Palmaren gantzak gantz saturatuak ditu kopuru handitan, eta denbora luzean horiek kontsumituta edo gehiegi hartuta odolean den kolesterol maila handitu dezakete; gainera, hori lotua dago beste gaitz kardiobaskular batzuekin. Elikadura osasungarria erraztearen helburua dela medio, alternatiba osasungarriak bilatu beharrean gara gure produktuek nutrizio aldetik duten kalitatea hobetuko badugu", esan du Eroskiren Osasun eta Iraunkortasun arloko zuzendariak, Alejandro Martinez Berriochoak.

Alternatiba osasungarriagoak

Birformulatutako produktu gehienetan, oleiko ugariko ekilorearekin ordeztea hautatu du Eroskik, ia palmak bezainbat harrotu eta testura bertsua ematen baitu; hala, gantz saturatu kopurua jaisten du %80raino, eta %55eraino zenbait galleta eta zerealetan.

"Hura ordezkatzeko, lankidetzan aritu gara gure produktuak egiten dituzten ekoizle guztiekin eta hainbat elikagaitarako lehengaiak eskaintzen dituzten hornitzaileekin: kremak, margarinak, hostoreak, esne gainak, txokolatezko estalkiak..." esan du Martinez Berriochoak.

"Guztira, ehun pertsonak baino gehiagok jardun dute proiektu honetan, eta helburua gauzatzea lortu dugu (aitzindariak izan gara horretan)"

"Lehengoak bezain produktu guriak, harroak eta samurrak lortzea izan da helburua, baina osasungarriagoak. Denbora honetan guztian, hainbat proba egin dugu zenbait gantz eta osagai proportzio jakinetan erabilita, eta entsegu eta dastatze saioak ere egin ditugu aditurik zorrotzenekin. Lan handia eta sendoa izan da, eta eskuz esku aritu gara EROSKIren teknikariekin eta gure hornitzaileen I+G, Kalitate eta Ekoizpen arloekin", gaineratu du Eroskiren Osasun eta Iraunkortasun arloko zuzendariak.

Erronketatik azkena zen hori lortzea eta, gainera, prezio aldetik, kontsumitzaileentzat eskuragarria izatea marka propioaren bitartez. "Eskerrak ematen dizkiegu hornitzaileei, egin duten apustuagatik. Palma olioa merkea delako nabarmentzen da, eta, hortaz, gantz alternatibo batzuekin ordezteko, prozesuak optimizatu egin behar izan dira, besteak beste lehengaia elkarrekin erosita kostua murrizteko", onartu du Martinez Berriochoak.

Produktuaren hobekuntza nutrizio aldetik

Eroskik etengabe lantzen ditu bere produktu guztiak osagai aldetik, duten nutrizio soslaia etengabe hobetzeko. Oreka handiagoko elikadura bilatzearen poderioz, zenbait mantenugai gutxitu ditu, gizarteko patologiarik orokorrenak sorrarazten dituztela eta, hau da, bihotz-biriketako gaixotasunak eta gizentasuna.

2020an, 58 erreferentzia birformulatu zituen helburu horrekin, eta marka propioko gamaren %70ek baino gehiagok lortu dute A, B edo C balorazioa Nutri-Scoreren eskalan.

Produktua nutrizio aldetik hobetuta, sorta orekatsuagoa eta osasungarriagoa bihurtu da. Nabarmentzekoa da 236 produktu daudela gantz gutxikoak, 74 azukre gutxikoak, 35 gatz gutxikoak eta 128 zuntz askokoak.

Ekimen horri balekoa Eroski Fundazioaren Batzorde Zientifikoak eman dio, fundazioaren aholkularitza organoa bera, 2006an sortua, eta hura arduratzen da osasun eta elikadura arloko proposamenei bermea emateaz eta komunitate zientifikoak seinalatzen dituen behar eta lehentasunen araberakoak direla ziurtatzeaz.

Banaketa komertziala