Laboral Kutxak % 7,3 handitu ditu mozkinak urteko lehen seihilekoan, 72,6 milioi euro irabazita

Urteko lehen sei hiletan emaitzak hobetzen jarraitu du Laboral Kutxak. Izan ere, mozkin garbiak % 7,3 handitu ditu euskal kreditu-kooperatibak, 72,6 milioi euro irabazita. Horri esker, funts berezien gaineko errentagarritasuna, ROE adierazlea, % 7,36koa du.
Card image cap
2017/08/17

Finantza-negozioak azken urteotako joerari eutsi dio, susperraldi ekonomikoaren zantzu nabariak erakusten hasi den erreferentzia-esparru orokor batean. Hala, Laboral Kutxaren eragin-eremuan, hazkunde ekonomikoa %3 ingurukoa da. Interes-tasa apalek, ordea, zeharo baldintzatzen dituzte emaitzak eta oztopo dira interes-marjina elikatzeko. Edonola ere, emaitzak hobetu ahal izango ditu entitateak berriz ere seihileko honetan, aktiboko formalizazio berrien hazkundeari, gastuei eusteko politika zorrotzari eta arriskuaren gestio egokiari esker.

Emaitza Kontua

Interes-tasa apalen presio handiaren eraginpean dago oraindik interes-marjina, eta 127,1 milioi eurokoa izan da. Halere, komisioen eta finantza-eragiketen ekarpenari esker, kooperatibaren sarrerek 226,5 milioi euroko marjina gordina ekarri dute, 2016ko lehen seihilekoan lortutakoa baino %3,5 handiagoa.

Entitateak gastuaren euspena gestionatzen jarraitu du, eta, horri esker, gastuak %4,7 jaitsi dira 2016ko ekainekoen aldean; hau da, 5,6 milioi euro gutxiago gastatu dira.

Zuzkidura, saneamendu eta narriaduretara bideratutako 22,18 milioiak kendu ondoren, zerga aurreko emaitza 80,63 milioi eurokoa da, aurreko ekitaldikoa baino %9,8 handiagoa. Mozkinen gaineko zerga 8 milioikoa izan da; beraz, hori kenduta, 72,6 milioi eurokoak dira seihilekoko mozkin garbi bateratuak, kooperatibaren gizarte-ekintzarako urteko zuzkidurak egin baino lehenagokoak.

Berankortasun txikia

Laboral Kutxaren bereizgarrietako bat arriskuen gestioa da, eta hala erakusten du kreditu-zorroaren kalitate handiak: zalantzazko aktiboak %19,96 jaitsi dira, hau da, 179,15 milioi gutxiago izan dira. Ondorioz, zalantzazkotzat jotako eragiketen zenbatekoa alderatzen badugu bezeroei emandako kreditu eta bermeen saldo biziarekin, ikusiko dugu berankortasun-tasak jaisten jarraitu duela seihilekoan eta %5,31koa izan dela, sektorearen batez besteko mailatik (%8,83, maiatzeko itxieran) oso urrun.

Likidezia handia

Laboral Kutxak likideziako geldikin handia du, banka-jarduera erosotasunez garatzeko. Gordailuen eta kredituen arteko erlazioa —LTD (Loans to Deposits) ratioaren bidez adierazia— %79,7koa da, nahiko handia. Orobat, %369,9ko LCR ratioa (Liquidity Coverage Ratio) dugu, eta erreferentziazkoa, hain zuzen, %100ekoa da. Entitateak merkatu pribatuetan erraz eta azkar eskudiru bihur daitekeen aktibo likidoen funts egokia duela bermatzen du ratio horrek .

Kaudimen handia

Kaudimenaren aldetik, finantza-erakunde guztien buruan egoten jarraitzen du Laboral Kutxak. %17,58ko CET1 fully loaded kapital-ratioa du. Basilea III itunaren definizio guztiak erabat betez kalkulatu da ratio hori. Halaber, entitatearen kaudimen osoa, hori ere fully loaded bertsioan adierazia, %17,93koa da, nahiko handia.

Aurrezkiaren bilakaera positiboa

Laboral Kutxak gestionaturiko baliabide guztien batura 20.308 milioi eurokoa zen ekaineko itxieran, 12 hilabete lehenago baino 1.015 milioi gehiago; hortaz, %5,26koa izan da hazkundea atal horretan.

Partikularren eta enpresen aurrezkiak handitu egin dira 2017ko lehen sei hiletan. Balantzearen barruan, eperako aurrezkitik ageriko aurrezkirako lekualdaketak aurrera jarraitzen du. Eta balantzez kanpoko baliabideen bilakaeran ere joera positiboa islatzen da. Hala, inbertsio-fondoen bolumena %11 handitu da azken hamabi hiletan, 207 milioi euro gehiago. Selek eta Avant fondoek lortutako harrera ona izan da hazkunde horren eragilea.

Azpimarratzekoa da aurreikuspen- eta pentsio-planetan egindako ekarpenen zenbatekoak %12ko hazkundea izan duela aurreko urtearen aldean.

Familien eta enpresen inbertsioa

Urteko lehen erdialdean erregistraturiko formalizazio berriek hazkunde nabarmena izan dute, ingurunean hautematen den susperraldi ekonomikoaren erakusgarri. Hala, partikularren arloan, %17,5 handitu da urtarriletik ekainera bitartean eratutako hipoteka-maileguen saldoa, aurreko urteko epealdi berarekin alderatuta. Kontsumoko maileguak ere %3,9 handitu dira.

Baina dinamismorik handiena merkataritza-arloan ikusten da, batez ere tamaina handiko enpresetan. ETEak eta enpresa handiak helburu dituzten formalizazio berrien bolumena % 19 hazi da iazko lehen seihilekoko datuaren aldean, eta segmentu horretako kredituen saldoa %3 handitu da.

Hala ere, amortizazioen erritmoa oraindik handiagoa da produkzio berriena baino. Hori dela eta, bezeroei emandako kreditu guztien bolumena %1,15 jaitsi da urtetik urtera, 13.465 milioi euroraino. Dena dela, bilakaera hori sektorearena baino hobea da, horretan beherakada %2,7koa izan baita.

Aseguruen negozioa

Lehen seihilekoan, aseguruen negozioak 17,4 milioi euroko emaitza globalak eman dizkio Laboral Kutxari, aurreko urteko epealdi berean baino %34,5 gehiago. Emaitza horiek ahalbidetu dituzten alderdi nagusiak izan dira, alde batetik, Autoen alorreko ezbehar-tasaren bilakaera ona eta, bestetik, Etxearen eta Bizitzaren alorretako salmenten bilakaera faboragarria.

Online Banka berria eta Mugikor bidezko Ordainketa

Laboral Kutxa digitalizazio-prozesu batean murgilduta dago, eta banka omnikanalaren aldeko apustua egin du. Apustu horretan ez du alde batera utzi nahi bereizgarri duen zerbitzu-kalitatea, ordea, dela bulegoetako aurrez aurreko arretan, dela online bankaren bidezkoan.

Iragan ekainean, entitateak online banka berria plazaratu zuen, gailu guztietarako esperientzia bakar bat eskaintzen duena. Horrela, mugikorrerako eta tabletarako zerbitzu-eskaintza nabarmen handitu du. Online bankak 353.580 bezero aktibo ditu guztira.

Garapen berriei dagokienez, Mugikor bidezko Ordainketa plazaratu du entitateak. Aukera berri hori LK-Pay appean sartuta dago, Laboral Kutxaren ordainketa-aplikazioan. Horrela, jada osaturik dago mugikorren arteko ordainketak egiteko iragan urrian ateratako Bizum zerbitzua. Laboral Kutxaren 35.000 bezero zerbitzu horren erabiltzaile dira dagoeneko.

Banketxea