EROSKIk marka propioko produktuetan ingurumen arloko adierazpenak publikatu ditu

Kontsumo handiko banaketa enpresetan hori egiten duen lehena da.
Card image cap
2020/01/15

Kontsumo handiko lehen banaketa katea da EROSKI, marka propioko produktuetan ingurumen arloko adierazpenak publiko egin dituena. AENOR GlobalEPD programak egiaztatzen du, Produktu Kategoriaren Araudiari jarraituta; araudi hori International EPD Systemek eratua da. Ingurumen arloko adierazpenak egiteko, lankidetzan jardun da bere ekoizleekin —EAEn landako arrautzetan diharduen Euskaber, esnea ekoizten duen SAT Valle de Karrantza, eta Lacteos de Santander ontziratzailea— eta Basque Ecodesign Centerrekin. EROSKI markarekin saltzen duen EAEko esneak Esne Produktu Jasangarriaren zigilua du Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioak emana, eta EROSKI Natur arrautza freskoak landa oiloenak dira, zeinek aire librean mugitzeko askatasuna duten.

Proiektu honek xehetasunez erakusten die ekoizleei bere produktuek nola eragiten duten ingurumenean eta nola hobe daitekeen eragina gutxitzeko.

Ingurumen arloko adierazpenek (Environmental Product Declarations) izaera gardena, konparagarria eta egiaztagarria ematen dute ingurumen aldetik; alde horretatik, nazioarteko araudiak betetzen dira, eta bizi zikloaren analisia egiten da. Produktu motaren araberako arau espezifiko batzuk betez eginda daudenez, mota bereko produktuak elkarrekin konpara daitezke ingurumen aldetik.

Marka propioko bi produktu horien ingurumen-adierazpenak egiteko, Basque Ecodesign Centerren lankidetza izan du; Eusko Jaurlaritzaren ekimen bat da, non Ihobe (Ingurumen Jarduketarako Sozietate Publikoa) eta sektore askotako enpresek elkarrekin diharduten proiektu berriak gauzatzeko, ekonomia zirkularraren eta bizi zikloaren ikuspegitik. Txostenek informazio xehea dakarte baliabide materialen, uraren eta energiaren kontsumoaz, etxaldeetan hasi eta kontsumitzailearen etxean sortzen den hondakinaren kudeaketaraino. Esaterako, EROSKI markaren litro bat esne oso eratzeko, 53 litro ur erabiltzen dira ziklo osoan. Produktuek zenbait kategoriatan duten ingurumen eragina ere xehakatzen da, hala nola klima aldaketa, azidifikazioa eta eutrofizazioa. Hala, EROSKI Natur-en kilo bat arrautzak 2,17 kilogramoko karbono aztarna uzten du, edo, bestela esan, 137 gramo CO2 igortzen da arrautza bakoitzarekin. EROSKIren webgunean daude ingurumen arloko adierazpenak, eta laster izango dira AENOR GlobalEPDrenak ere.

"EROSKIk konpromisoa du elikadura eredu jasangarri baten alde egiteko, eta pauso bat eman du, kontsumitzaileari era osasungarriagoan eta arduratsuagoan elikatzeko aukera berriak eskainita", esan du EROSKIko Osasunaren eta Iraunkortasunaren arloko zuzendariak, Alejandro Martinez Berriochoak. "Adierazpen hauek berme bat dira gure bezeroek produktuaz alde-aldeko ingurumen-informazioa izan dezaten. Ikusita zenbat kontsumitzen diren esnea eta arrautzak, kontsumitzaile askok jasangarritasunaren begirada erantsiko diote beren erosketei; gainera, eragin didaktiko eta pedagogikoa du, eta, kooperatiba garen aldetik, bat dator gure izaera sozialarekin, orobat kontsumitzailea hezteko dugun konpromisoarekin, erosketak egiteko orduan erabaki arrazionalak hartzeko gaitasuna izan dezan".

Ramon Arriola SAT Valle de Karrantzako presidenteak, berriz, zera nabarmendu du "EROSKIk elikadura jasangarriarekin duen konpromisoa". Halaber nabarmendu nahi izan du "ekimen honek jasangarritasunaren aldetik duen garrantzia esnekien sektorerako, tokian tokiko ekonomian duen inportantziagatik".

Gardentasuna arduraz kontsumitzeko

Produktuen ingurumen-adierazpen horiek argitaratuta, EROSKIk gardentasunarekin duen konpromisoa indartu du, baita kontsumo jasangarriagoaren mesedetan kontsumitzailea hezteko daukan konpromisoa ere. Konpromiso horren harira, EROSKIren helburua da bere markako produktuek ingurumenean duten eragina kalkulatzeko pausoak ematea.

Alde horretatik, EROSKIk jasangarritasunaren arloko zigiluak eransten ditu bere markako produktuetan; horrela, bermatu egiten du ingurumena errespetatuta ekoitziak izan direla eta horrek aldi berean hautu arduratsuagoa egin dezan laguntzen dio kontsumitzaileari. Hala, txikizkako banaketa kateetan lehenengoa eta oraingoz bakarra da Espainian Marine Stewardship Council eta akuikulturako GlobalG.A.P zigiluak eskuratu dituena, arrainaren zaintza kateari egiten dioten ikuskaritzak gaindituta; horiek bermatzen dute arraina arrantzaleku nahiz etxalde jasangarrietatik datorrela. Gainera, EROSKI Natur freskoen markarekin 500 erreferentzia baino gehiago ditu horrelako ziurtagiriak dituzten ekoizleekin, baita bestelako zigilu batzuk ere, hala ekoizpen integratuarenak nola animalien ongizatearenak.

Ingurumena zaintzea

Kooperatiba honek konpromiso sendoa du ingurumenarekin; alde horretatik, zenbait ekimenetan dihardu, ingurunean bere jarduerak dakartzan kalteak txikitzeko. EROSKIrentzat irizpide saihestezinak dira produktu jasangarriagoak merkaturatzea, ontzien eta bilgarrien ekodiseinua egitea, baliabideak modu jasangarrian erabiltzea, ingurumenean duten aztarna gutxitzea, hondakinak ekonomia zirkularraren ereduari jarraituz kudeatzea, bioaniztasunari eustea... Eta halaxe jasoak ditu Osasunaren eta Jasangarritasunaren alde berrituriko konpromisoetan. Iaz aurkeztu zituen konpromiso horiek.

Banaketa komertziala