Hiru euskal unibertsitateak Arantzazulab proiektura batu dira ikerketa-gune berritzaileak garatzeko

Arantzazulab-ek eta hiru unibertsitateek sinatu duten lankidetza hitzarmenaren bidez, laborategiaren esparru estrategikoetan ezagutza gune erreferente bihurtzeko ikerketa eta beste hainbat jarduera elkarrekin egingo dituzte.
Card image cap
Agustin Erkiziak, Euskal Herriko Unibertsitateko Gipuzkoako campuseko errektoreordea; Nagore Ipiñak, Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Falkultateko dekanoa; Naiara Goiak, Arantzazulab-eko zuzendari nagusia; eta Xabier Riezuk, Deustuko Unibertsitateko Donostiako Campuseko errektoreordea.
2021/10/15

Arantzazuko Gizarte Berrikuntza Laborategiak, Arantzazulab-ek, eta Euskal Herriko Unibertsitateak -UPV/EHU-, Mondragon Unibertsitateak zein Deustuko Unibertsitateak lankidetza hitzarmena sinatu dute Arantzazulab-en, laborategiaren helburuekin bat datozen esparruetan elkarlanean ikerketa kolaboratiboa egiteko eta ezagutza gune erreferente bihurtzeko. Ekitaldia gaur goizean (11:00etan) izan da Arantzazuko Gandiaga Topagunean (Oñati), eta hitzarmena sinatu dute: Agustin Erkiziak, Euskal Herriko Unibertsitateko Gipuzkoako campuseko errektoreordea; Nagore Ipiñak, Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Falkultateko dekanoa; Xabier Riezuk, Deustuko Unibertsitateko Donostiako Campuseko errektoreordea; eta Naiara Goiak, Arantzazulab-eko zuzendari nagusia.

Arantzazulab-en sorreratik erakundeek elkarren artean izan duten harremana sendotzen da hitzarmenarekin, eta datozen urteetarako Arantzazulab-ek proposatzen duen gune berritzailean elkarren arteko lankidetzari bide ematen zaio.

Arantzazulab-en oinarrietako bat da lurraldeko unibertsitate ezberdinen elkarlana zein laborategian beraien parte-hartzea sustatzea. Hasiera-hasieratik, modu berezian egon dira inplikatuta laborategiaren bilakaeran: elkarlanean parte-hartu zuten laborategia sortzeko hausnarketan nahiz jatorrizko diseinuan, eta mugarritzat hartu daitekeen gertaera izan zen hori. Gainera, egun, hiru unibertsitateek Arantzazulab-en Aholku Batzordean ere parte-hartzen dute modu iraunkorrean.

Hitzarmena_02.jpeg

Modu osagarrian, lankidetza hitzarmenaren babesean aurrerantzean elkarrekin egingo dituzten jarduera ezberdinak zehaztu dira, hala nola:  ikerketa, berrikuntza, ezagutza sortu zein eraldatzea, sareko lana eta lankidetzazko proiektuen sustapena. “Egun pozgarria da gaurkoa guretzat, lankidetza hitzarmen honek eta hiru unibertsitateen konpromisoak oinarri sendoa jartzen dutelako, Arantzazulab-en ikerketa elkargunean proposatzen dugun espazio eta antolaera berritzailea abian jartzeko, baita gure esparruan ezagutza-gune erreferente izateko ere”, azpimarratu du Naiara Goiak, Arantzazulab-eko zuzendari nagusiak. Ildo beretik mintzatu da Agustin Erkizia, EHU-ko Gipuzkoako Campuseko errektoreordea. “Hitzarmen honen bidez beste urrats bat ematen dugu elkarren artean eraiki nahi dugun hausnarketarako espazio berri eta berritzaile honen sorreran, eta bertan UPV/EHUko hainbat ikerlari eta pentsalariek euren jakinduria eskaini eta partekatuko dute”.

Ipiñak aipatu du "hitzarmen hau katalizatzailea izango da. Beraz, sormenean oinarritutako ikerketa egiteko eta landutakoaren dibulgazio lana egiteko."

Aldi berean, Nagore Ipiñak, Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateko dekanoa, lankidetzak sortzen dituen aukerak nabarmendu ditu. “Arantzazulab-en eta hiru unibertsitateen artean sinatutako hitzarmen honek aukera emango digu ikerketarako kolaborazio espazio berria eta berritzailea sortzeko, indarrak batzeko ikerketaren esparruan eta nazioarteko ikerketan posizionatzeko herri gisa. Erronka konplexu eta globalei eragile ezberdinen begiradatik erantzuteko aukera bat ere bada hitzarmen hau. Mondragon Unibertsitatearentzat eta Mondragon Unibertsitateko ikerlarientzat elkarlanean aritzea gakoa da ezagutzaren garapenerako eta ezagutza agenda publikora bueltatzeko. Hitzarmen hau katalizatzailea izango da. Beraz, sormenean oinarritutako ikerketa egiteko eta landutakoaren dibulgazio lana egiteko”. Halaber, Xabier Riezuk, Deustuko Unibertsitateko Donostiako campuseko errektoreordea, zera gaineratu du: “Deustuko Unibertsitatearen plan estrategikoaren lemak ‘Mundu berri baten alde elkarlanean’ dio. Elkarlanaren bitartez berrikuntza bultzatzea gure misioaren erdigunean jartzen dugun zeregina da. Horren adibide ederra da gaur sinatzen duguna. Unibertsitate desberdinek bat egingo dugu etorkizuneko gizartea irudikatu, aztertu eta lantzen laguntzeko asmoz”.

Ikerketa programa, jardunaldiak, gogoeta saioak eta difusio programak

Aipagarria da lankidetza hitzarmen honen izaera edo balio bereizgarria. Izan ere, ohikoa ez den elkarlana modu berritzailean egitea bilatzen du Arantzazulab-ek. “Ikerketa Elkargunea abian da. Unibertsitate ezberdinen banakako ikerketen batuketaz haratago, elkarlanean oinarritutako hausnarketa eta ikerketa elkargunea izatea da Arantzazulab-en balio proposamena. Antolaera honek ohikoa ez den elkarlana artikulatzea dakar, ikerketan lehiatu baino unibertsitate ezberdinen artean indarrak batzea dakarrelako berekin.  Kontzeptu eraldatzailea, eta berritzailea, ikerketa egiteko beste modu bat ahalbidetzen duelako”, nabarmendu du Naiara Goiak. Gainera, Arantzazulab-ek proposatutako gaien inguruan, diziplina anitzeko eta belaunaldi ezberdinetako ikertzaileak batuko dira; eta horrek gai jakinen inguruan ezagutza garatzeko begirada ezberdinak eta askotariko jakintza elkartzea ekarriko du.

Ikerketa edukiei dagokienez, Lankidetzazko Gobernantzaren esparrua zentrala izango da Ikerketa Elkargunean. Horren harira, Gobernantzan eta Gizarte Berrikuntzan erreferentzia zentro den heinean (Gipuzkoako Foru Aldundiaren Etorkizuna Eraikiz-en baitan), eta erantzukizun horretatik, Arantzazulab-ek badu misio bat: Lankidetzazko Gobernantzaren inguruan ikuspuntu teoriko eta esperientzia praktikoen ikuspuntutik ezagutza garatzeko gune garrantzitsuena bihurtzea, herrigintzaren, Euskal Herriko erakunde sistemaren eta gizarte eragileen zerbitzura egoteko. Bestalde, eta modu osagarrian, Demokrazia, Ongizatea, Lana eta Elkarbizitza izango dituzte ikerketa-gai hiru unibertsitateek. Edozein esparru dela ere, elkarlanean garatutako ezagutza ez da unibertsitateen edota Arantzazulab-en eremuan bakarrik geratuko, baizik eta hori gizarteratzeko ahalegin berezia egingo da.

Era berean, marko honek ekarriko du unibertsitateak hitzarmen honen esku jartzea beraien baliabideak, eta baita ikerketa arloan pilatu duten eskarmentua ere. Unibertsitateetako ikerlariek Arantzazulab-ek proposatutako programa garatzeko dedikazio batekin jarduerak burutu beharko dituzte, eta beste unibertsitateetako ikertzaileekin lan-taldean Arantzazulab-en instalazioetan lan egiteko elkartuko dira. Ikerketa egiteaz gain, jardunaldiak, gogoeta saioak eta difusio programak ere garatuko dituzte hiru unibertsitateek elkarrekin lankidetzan Arantzazulab-en.

 

Irakaskuntza unibertsitate zentroa