LABORAL Kutxak Arabako enpresen lehiakortasuna bultzatzeko hitzarmena sinatu du

LABORAL Kutxak finantzaketa-lerroak lehentasunezko baldintzetan eskainiko dizkie Arabako enpresei.
Card image cap
Iñaki Peña (ezkerrean), LABORAL Kutxako Enpresen Sareko zuzendaria eta Pascal Gómez (eskuman), SEA-ko presidentea.
2019/03/29

LABORAL Kutxak eta SEA Arabako Enpresak elkarteak lankidetza-hitzarmena sinatu dute, lurralde horretako enpresek finantzaketa-lerro bereziak lehentasunezko baldintzetan eskura ditzaten. Sinatutako hitzarmenak beste abantaila batzuk jasotzen ditu arabar enpresentzat, hala nola prestakuntza-ekintzak antolatzea eta lehiakortasuna hobetzeko aholkularitza pertsonalizatua ematea, Compyte Planaren bidez.  

SEAk nabarmendu duenez, 4.0 Industriak dakartzan abantailak eskuratzen lagunduko die akordioak lurralde historikoko enpresaburuei.

Akordioa sinatzeko ekitaldia Arrasaten izan da, kreditu-kooperatibaren egoitza nagusian. SEA Arabako Enpresak elkarteko presidentea, Pascal Gómez, pozik agertu da sinatutako akordioaz. Haren hitzetan, «Arabako enpresariei behar besteko finantzaketa erraztu behar zaie 4.0 Industrian sartzeko eta horrek dakartzan abantaila guztiez baliatzeko». Bestalde, LABORAL Kutxako Enpresen Sareko zuzendariak, Iñaki Peñak, azpimarratu duenez, finantza-entitatea prest dago Arabako ETE-en lehiakortasuna hobetzeko: «ETEak Arabako benetako motorra dira eta LABORAL Kutxatik lehia-posizioa hobetzen lagundu nahi diegu». 

2018ko ekitaldian, euskal enpresen eta, batez ere, EAEko industria-ehunaren gehiengo nagusia osatzen duten ETE-en jarduera nabarmen handitu da. Ekitaldiaren azken zatian azaleratu diren zalantza batzuk gorabehera, BPGda % 2,8 hazi da urtean, eta 2019an % 2,5 inguruko haziko dela aurreikusten da. 

Arabak ere antzeko indizeak ditu: Gizarte Segurantzan izena emandako enpresen kopuruak gora egin du azken urtean eta dagoeneko 9.614 dira. Gainera, Eustaten datuen arabera, langabezia-tasa % 10,8ra jaitsi da. Kreditu-kooperatibaren Enpresen Bankaren 2018ko inbertsio-zifrek datu on horiek berresten dituzte. Hala, LABORAL Kutxaren datuen arabera, 100 milioitik beherako fakturazioa duten enpresa txiki eta ertainek egiturazko finantzaketa lortzeko egindako eskaera berriak % 18,8 hazi dira aurreko ekitaldiko datuekin alderatuta. 

Eta segmentu nagusi horretan, hain zuzen, nabarmentzen da LABORAL Kutxak Araban duen presentzia: Araban 2 eta 1.000 milioi euro bitarteko fakturazioa duten enpresen % 44 entitatearen bezeroa da. 

LABORAL Kutxaren bezeroak diren arabar enpresek egindako inbertsio-bolumenari dagokionez, 2019ko datuek baikortasunerako bidea zabaltzen dute. Sektore jakin batzuetan —esaterako automozioan— azaleratu diren ziurgabetasunak gorabehera, LABORAL Kutxarekin lan egiten duten arabar enpresen kreditu-inbertsioen formalizazioen bolumenak % 30etik gorako hazkundea izan du aurtengo urtarrilean eta otsailean. 

Banketxea