Mondragon Unibertsitateak eskaintza akademikoa zabalduko du hamar titulu berriekin

Eskaintza hau Mondragon Unibertsitateak 2020/21ean eman dituen 17 graduei eta 16 unibertsitate-masterrei gehitzen zaie.
Card image cap
2021/08/23

Mondragon Unibertsitateak bere eskaintza zabalduko du 2021/2022 ikasturtean, hamar titulu berrirekin –gradu-aipamen bat eta bi espezialitate berri, bost master berri eta bi aditu-ikastaro–, bere lau jakintza-arloetan: ingeniaritza, enpresagintza, hezkuntza eta gastronomia. Helburu bakar bat izango du: gizartean gertatutako aldaketen beharrei erantzutea eta premia horiekin bat datozen lanpostuak prestakuntza berrien bidez betetzea. 

Eskaintza berri hori unibertsitateak ikasturte honetan emandakoari batzen zaio. Horren barruan, nabarmentzekoak dira 17 graduko titulu, 16 unibertsitate-master eta lau doktorego-programa, bai eta lau esparru horietako hainbat graduondoko, titulu propio eta aditu-ikastaro ere.

Ingeniaritzako hiru master

Ingeniaritzaren arloan, Mondragon Unibertsitatearen Goi Eskola Politeknikoak hiru master berri eskainiko ditu urritik aurrera.

  • Alde batetik, Goi Eskola Politeknikoak Hidrogeno Teknologien Unibertsitate arteko Masterra eskainiko du, Mondragon Unibertsitateak beste unibertsitate batzuekin, Lanbide Heziketako zentroekin eta ikerketakoekin batera diseinatua eta Repsol-Petronor taldeak sustatua. Masterra teknologia berri horiek trantsizio energetikoan laguntzeko duten ahalmenean trebatzeko interesa duten profesionalei dago zuzenduta. Egoitza anitzeko titulua da eta lau lekutan emango da: Bilbon, Bartzelonan, Tarragonan eta Zaragozan; nagusiki, modalitate birtual sinkronoan eskainiko da, eta urriaren 15ean hasiko du bere ibilbidea.
  • Bestalde, Fabrikazioko Europako Master Bikoitza jarriko du abian. Masterra Berrikuntza eta Teknologiaren Europako Institutuaren (EIT) EITE Manufacturing Programaren parte da, eta robotika jasangarriko profesionalak trebatzea du helburu, fabrikazioaren arloan produktu eta zerbitzu berriak garatzeko, Europaren lehiakortasuna hobetze aldera. Mondragon Unibertsitatea da Fabrikazioko Europako Master Bikoitza emango duen Estatuko unibertsitate bakarra, eta lehen urtean beka osoa jasoko du. Ikasturtea irailean hasiko da, lehenengo urtea Arrasaten emango da eta bigarrena Austrian.
  • Hirugarren berrikuntza gisa, Industria Diseinuari lotutako master bat jarriko du abian: Silver Economyrako Ekintzailetza Teknologikoa (adinekoak). Masterraren helburua berrikuntza- eta ekintzailetza-prozesuak gidatzeko eta errazteko gai diren profesionalak prestatzea da, demografia-aldaketaren erronkari erantzuteko. Hala, pertsonengan zentratutako diseinuaren metodoen eta tresnen bidez, profesional horiek gai izango dira funtsezko beharrak identifikatzeko eta adinekoentzat erakargarriak diren produktu eta zerbitzu berrien baliozko proposamen bihurtzeko, euskal Silver Ekonomy delakoaren garapenean eragin esanguratsua izan dezaten. Masterra aurrez aurrekoa izango da (1.500 ordu, 2021eko urritik 2022ko ekainera), eta Urduliz Dorrean (Bizkaia) emango da, partaide duen Bizkaiko Foru Aldundiaren NAGUSI INTELLIGENCE CENTREren egoitzan. Parte-hartzaile guztiek izango dute beka jasotzeko aukera.

 MUAulaBIlbaoAsFabrik.jpg

Enpresagintza Fakultatean bi aditu-ikastaro berri

Mondragon Unibertsitateko Enpresagintza Fakultateak ere bi berrikuntza ekarriko dizkio Mondragon Unibertsitatearen hurrengo ikasturteko eskaintza akademikoari; zehazki, urrian hasiko diren bi aditu-ikastaro.

  • Alde batetik, Data Analytics Marketinean aditu-ikastaroa. Online programa horrek marketin, salmenta eta bezeroen arloko profesionalei lagunduko die bezeroen eta marketinaren insightak (gakoak) negozio-abantaila lehiakorretara eramaten. Programak erakundeen marketin-erronkei aurre egiteko funtsezko tresna analitikoak jorratzen ditu. Ikastaroa otsailean hasiko da.
  • Eta, bestetik, Pertsonen Kudeaketan eta Lan Etorkizunean aditu-ikastaroa eskainiko du. Lan-munduko joerak bete-betean ari dira eragiten erakundeetako pertsonen kudeaketan. Gogoeta egiteko, partekatzeko eta ikasteko garaia da, aurrera egin ahal izateko. Aditu-ikastaro honen helburu orokorra Giza Baliabideen eta Pertsonen Kudeaketaren arloko profesionalei garapenean eta ikaskuntzan laguntzea da, beren erakundeetan kontzientzia hartzen eta pertsonak kudeatzeko estrategiak diseinatzen lagunduko dieten gaitasunak eskura ditzaten, lanaren etorkizuneko joera berriak kontuan hartuta. Hori guztia lortzeko, bizipen erreala eta inspiratzailea eduki behar da esparru horretako profesionalen eskutik, erakunde bati dakarzkion inplikazioak ezagutzeko. Ikastaroa Donostian emango da eta otsailean hasiko da.

Eta bi kokaleku berri ere nabarmendu behar dira Marketin Digitaleko Unibertsitate Masterrari dagokionez, Bilbon ez ezik, Donostian ere emango baita. Eta gauza bera gertatuko da Marketin Digitaleko Diplomarekin, datorren ikasturtetik aurrera Donostian eta Bilbon eskainiko baita (orain arte Bilbon bakarrik egiten zen).

Hezkuntzako Masterretako bi espezialitate gehiago

Hezkuntzaren arloan, Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateak hainbat berrikuntza eskainiko ditu Bilboko As Fabrik ekosisteman urritik aurrera:

  • alde batetik, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan, Batxilergoan, Lanbide Heziketan eta Hizkuntzen Irakaskuntzan Irakasle Gisa Aritzeko Gaitzen duen Unibertsitate Masterra, zeinak, berritasun gisa, bere espezialitateetako bi Bilbon ere eskainiko baititu datorren ikasturtean (Teknologia eta Giza Zientziak, eta Gizarte Zientziak).
  • Bestalde, aipamen berri bat Lehen Hezkuntzako Graduan: Berrikuntza Digitala. Aipamenak kualifikazio handiagoa ematen duten curriculum-areagotzeak dira, eta oso balorazio positiboa dute ikastetxeetan.

Eta, azkenik, Ikus-entzunezko Komunikazioari buruzko Graduak datorren ikasturtean ekingo dio bere ibilbideari, gradu dual gisa. Graduak bi ibilbide eskainiko ditu: Ikus-entzunezkoen sorkuntza eta Komunikazio digitala. Komunikazio digitalaren ibilbideak dual modalitaterako aintzatespen ofiziala lortu berri du.

Gastronomiako bi master berri

021ecab0-0d26-4915-bbcf-d4de1d36699c.jpeg

  • Gastronomiaren arloan, Mondragon Unibertsitatearen Gastronomia Zientzien Fakultateak-Basque Culinary Centerrek Komunikazioa eta Kazetaritza Gastronomikoa Masterra jarriko du abian, eta urritik aurrera komunikazio gastronomikoaren prestakuntza integrala eskainiko du, nazioarteko ikuspegiarekin. Masterrak eduki eta ekimen gastronomikoak ikuspegi global eta garaikidetik diseinatzeko, ekoizteko eta sustatzeko beharrezko gaitasunak irakatsiko ditu. Komunikazioa eta Kazetaritza Gastronomikoa Masterreko programa 2021eko urriaren 4an hasiko da, formatu erdi-presentzialean (sei hilabeteko online prestakuntza eta hilabete batekoa Basque Culinary Centerren instalazioetan). Helburu izango du komunikazio gastronomikoaren arloko profesionalak prestatzea eta nazioko eta nazioarteko kazetaritza gastronomikoaren ikuspegi global eta modernoa eskaintzea, elikaduraren arloko egungo joerak ezagutaraziz gastronomiaren, elikaduraren eta ostalaritzaren esparruko eduki sakon eta gaurkotasunekoak kudeatze aldera.

  • Gainera, Gastronomia Zientzien Fakultatearen-Basque Culinary Centerren eta Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultatearen arteko lankidetzaren ondorioz, datorren ikasturtean Gastronomiako Irakasleak Prestatzeko Unibertsitate Masterra jarriko da abian, online modalitatean. Masterraren helburua gastronomiaren alorrean lan egiteko oinarri pedagogiko eta didaktiko sendoa izan nahi duten profesionalak trebatzea da. Programak etorkizuneko erronkei erantzuteko gai izango diren gastronomiaren arloko hezkuntzaren eta ikerketaren esparruko profesionalak trebatuko ditu. Gainera, gastronomiaren arloko ikaskuntzaren erraztaile izateko prestakuntza emango die parte-hartzaileei.

Eskaintza hori osatzeko 17 gradu-titulu eta 16 unibertsitate-master (horietatik 17 dualak) eskainiko dira, master propioez, graduondoko beste ikastaro batzuez eta unibertsitateak ikasturte honetan eskaini dituen doktorego-programez gain.

COVIDaren ondorioz, 2019/2020 ikasturtea inflexio-puntua izan zen goi-mailako hezkuntzarako. Mondragon Unibertsitatea campus birtual bihurtu zen denbora errekorrean, eta teknologia berrietara egokitzeko prozesua bizkortu zuen dagoeneko oso aurreratuta zuen digitalizazio-plan baten bidez. 20/21 ikasturte honetan aurrez aurreko prestakuntzaren aldeko apustua egin du unibertsitateak, eta hura metodologia eta teknologia digitalekin, azpiegitura berrietan egindako inbertsioekin eta irakasleen prestakuntza handiagoarekin aberastu du. Unibertsitateak aurrez aurrekotasun handiagoaren aldeko apustua egiten jarraituko du 21/22 ikasturte berrian, unibertsitate-esperientzia aberasten duen uste osoa baitu.

Irakaskuntza unibertsitate zentroa