Laboral Kutxak 2013ko euskal ekonomiari buruzko txostena aurkeztu du

Txostenak 2013ko datu esanguratsuenak jasotzen ditu eta horretaz gain, 2014 eta 2015erako aurreikusten diren hainbat aspektu aztertzen ditu. Etorkizun ekonomikoari buruz, aipatzen da ziurgabetasuna dela ezaugarri nagusiena.
Card image cap
Laboral Kutxako Negozio Garapeneko zuzendaria, Xabier Egibar, eta Ikerketa saileko zuzendaria, Joseba Madariaga.
2014/07/22

2013ko txostena ikusita, hauek dira aspektu nabarmenenak:

-       2013an, EAEko BPGd-ak -% 1,2 egin zuen behera; estatu osoan izandako atzeraldiaren parekoa, eta Nafarroako Foru Erkidegoan izandako -% 1,3aren antzekoa. Irakurketa positiboagoa ere egin dezakegu, ordea, 2013ko erdialdean susperraldia hasi eta, horri esker, urte osoko atzerakada 2012an izandakoa baino txikiagoa izan baita azterketa honen helburu diren eremu geografikoetan.

-       Adierazitakoaren ondorioz, lan-merkatuaren portaerari begiratuta ez dugu baikorrak izateko arrazoirik. Hain zuzen ere, lurralde-eremu guztietan behera egin du enpleguak, % 3,8 EAEn, % 4,2 NFEn, eta % 3,1 Estatu osoan.

-       Magnituderik garrantzitsuenari, hau da langabezia-tasari, erreparatuz gero, EAEn % 15,8koa da, 2012an baino % 0,9 altuagoa. NFEn, berriz, % 18,1ekoa da eta Espainian % 26,4koa. Ondorioz, EAEko eta NFEko tasak poliki-poliki Europakoetatik urruntzen ari dira, eta Espainiakoak ezohiko eta paregabeko gainbehera izan du.

-       Eskaintzaren ikuspuntutik, sektore guztien portaera ahula nabarmen daiteke. Eraikuntza-sektorean izan da atzerakadarik handiena, eta ondoren datoz industria- eta zerbitzu-sektoreak. Azken horrek, zehazki, jardueraren euskarri izateari utzi dio.

2014-2015rako aurreikuspenak

Etorkizun ekonomikoa ziurgabetasuna ekartzen duten elementuekin beteta dago. Esaterako:

-       AEBn moneta-estimuluak erretiratzea eta interes-tasak altxatzeari buruzko eztabaida. Bi elementu horiek AEBko mugak gainditu eta mundu osoan eragin dute zalantza. Politika-aldaketa horren atzean zer ote dagoen da zalantza: ea Erreserba Federalaren ustez krisia amaituta edo amaitze-bidean dagoen ala, guztiz bestela, ea politika horrek epe ertainean izango dituen ondorioen beldur den.

-       Herrialde batzuetan berrikitan izandako dezelerazioak eta Frantziako eta Alemaniako ekonomien arteko decoupling kezkagarriak zalantzen kutxa ireki dute. Horretaz gain, luzaroan inflazio baxuekin bizi izan beharko duten herrialdeetan (adibidez Espainian) deflazioaren arriskua etengabea da. Izan ere, badirudi hemendik gutxira Europako Banku Zentralak eremu horretan kreditu-fluxua hobetzera bideratutako neurriak hartuko dituela.

-       Txinan egindako erreformek eta bertako hazkundea egonkortu izanak batetik, eta garabidean dauden herrialdeek orotariko arazoei aurre egin behar izanak bestetik, neurri garrantzitsuak hartzea eskatzen dute.

-       Eta, amaitzeko, geure etxeko arazoak ditugu. Ez dugu ahantzi behar finantza publikoak oraindik ere bideratu gabe daudela, eta defizit errepikaria izateaz gain, BPGd-aren % 100etik hurbil dagoen zorrari ere egin behar diotela aurre. Ez dugu ahantzi behar, halaber, zor pribatua oso altua dela eta lan-merkatuak urteak beharko dituela 2007an, aparretan bizi ginen garaian, genituen magnitudeak lortzeko.

Halere, eta zalantzazko alderdi horietan oreka puntu bat egongo delakoan, hazkundea errealitatea da. Oraindik ere ahula bada ere, aurreikuspenen arabera 2015ean lanpostuak sortzeko adinako tasak lortuko dira txosten honen helburu diren eremu geografikoetan. Hala, eskuartean ditugun ereduen arabera, 2014an % 1etik gertuko erregistroak izango dira, eta 2015ean % 1,5 ingurura ere iritsiko dira. Aurtengo urteari dagokionez, ez dugu espero langabezia-tasan atzerakada handirik izango denik, eta prezioei dagokienez, egonkortasunetik hurbil egotea aurreikusten da. Esan dezagun, ordea, planteatzen dugun egoera nagusiak ez diola 0,5etik gorako aukerarik eskaintzen balizko deflazio-espiral bati.

Banketxea