Mondragon Unibertsitateak graduko 1.700 ikasle berri ditu Euskadiko bere kanpusetan

Ikastaroari hasiera emateko ekitaldian izan dira Vicente Atxa errektorea, Iñigo Urkullu lehendakaria, Idoia Peñacoba, Mondragon Unibertsitateko idazkari nagusia, eta José María Canales, Goi Eskola Politeknikoko ikertzaile eta irakaslea, irekitze-hitzaldia eman duena.
Card image cap
Mondragon Unibertsitatearen ikasturte hasiera ekitaldiko parte-hartzaileak
2022/09/19

Mondragon Unibertsitateak irailaren 16ean egin du 2022-2023 ikasturte akademikoari hasiera emateko ekitaldi ofiziala Bilbao AS Fabrik campusean. Mugarri bikoitza da hori; alde batetik, Bizkaian lehen aldiz egiten delako, eta, bestetik, aurten unibertsitateak 25. urteurrena ospatzen duelako.

Iñigo Urkullu lehendakariak eman dio hasiera ofiziala ikasturteari. Lehendakariaren aurretik, honako hauek hitz egin dute: Idoia Peñacoba Mondragon Unibertsitateko idazkari nagusiak, 2021-2022 ikasturteko txosten akademikoa aurkezteko; José María Canales Mondragon Unibertsitateko Goi Eskola Politeknikoko irakasle eta ikertzaileak, hidrogenoak energia gisa dituen abantailei buruzko irekitze-hitzaldia eman duenak, eta Vicente Atxa Mondragon Unibertsitateko errektoreak, ikasturteari hasiera emateko hitzaldiaz arduratu denak. Halaber, hauek ere bertan izan dira: Bakartxo Tejeria, Legebiltzarreko lehendakaria; Unai Rementeria, Bizkaiko ahaldun nagusia; Juan Mari Aburto, Bilboko alkatea; Ana Otaduy, Bizkaiko Batzar Nagusietako lehendakaria; Jokin Bildarratz, Hezkuntza sailburua; Gotzone Sagardui, Osasun sailburua; Olatz Garamendi, Gobernantza Publiko eta Autogobernu sailburua, eta Javier Oleaga, Mondragon Unibertsitateko lehendakaria, besteak beste.

arizmendiarrieta.pngIñigo Urkullu lehendakaria, Jokin Bildarratz sailburua eta Vicente Atxa errektorea Arizmendiarrietaren eskultura berriaren aurrean

Ikasturte honetan, Mondragon Unibertsitateak 18 titulazio berri ditu —horietako 11 dualak—, bere ezagutza-arlo guztietakoak —ingeniaritza, enpresa-kudeaketa, ekintzailetza, hezkuntza, komunikazioa, humanitateak, kooperatibismoa eta gastronomia—, enpresen premia berriei erantzuten dieten eremuetan. Gainera, 19 unibertsitate-master ditu, horietako 7 dualak. Ikasturte osoan titulu propioetan matrikulatutako ikasleen kopuruari buruzko daturik ezean, unibertsitateak 6.700 ikasle baino gehiago ditu ikasketa ofizialetan (gradu, master eta doktoretza-ikastaroetan) matrikulatuta, eta, horietatik, 2.200 berriak dira. Zehazki, ikasle berri horietatik, 1.700 graduko ikasle berriak dira; hots, aurreko ikasturtean baino % 9 gehiago Euskadiko campusetan.

25 urteko konpromiso soziala

Mondragon Unibertsitateko errektore Vicente Atxak azpimarratu duenez, ikasturte berri bakoitzak berretsi egiten du unibertsitateak goi-mailako hezkuntzarekin, ikasleekin eta gizartearekin duen konpromisoa.

Konpromiso berritzailea, unibertsitatearen beraren metodologian oinarritua eta hiru ardatzetan finkatua. Hona hemen ardatzok: ezagutza sortzea, ikerketaren bidez; ezagutza hori ikasleei transferitzea, eta, ondoren, ezagutza hori enpresekin eta ekonomiarekin partekatzea, inpaktu sozioekonomikoa lortze aldera. «Eta irakaskuntzaren edo ezagutzaren transferentziaren gainetik, unibertsitatearen gizarte-eginkizuna dago. Gure unibertsitate kooperatiboaren zeregin nagusia gizartea eraldatzea da, desberdinkeria gutxiagoko gizarte bat eraikitzea. Eta, ildo horretan, ezagutza eta hezkuntza dira desberdinkeriei aurre egiteko armarik indartsuenak», azaldu du.

Atxak ardatz hauek izan ditu bere hitzaldiaren oinarri: ikerketa, irakaskuntza, transferentzia eta Mondragon Unibertsitatearen eginkizun soziala. Zentzu osoa du eginkizun horrek, unibertsitatea Euskadiko gizarteari zuzendutako zerbitzu publikoa den aldetik; izan ere, Euskal Unibertsitate Sistemak gizarteari lagundu behar dio. «Unibertsitate kooperatiboa gara, irabazi-asmorik gabekoa, onura publikokoa eta guztiz praktikoa. Hartan, zutabe horiek gure hezkuntza-ereduan finkatu ditugu, ikerketa praktikotasunean dago oinarrituta, ikasleak ikastetxean bertan daude, prestakuntza duala dugu 11 titulaziotan —aitzindariak gara horretan—, eta sortutako azken eskaintza akademikoa enpresen beharretara egokitzen da».

"Gure unibertsitate kooperatiboaren zeregin nagusia gizartea eraldatzea da, desberdinkeria gutxiagoko gizarte bat eraikitzea"

Ekarpenak Euskal Unibertsitate Sistemari

Unibertsitateak azken 25 urteotan Euskal Unibertsitate Sistemari egin dion ekarpena —bere hezkuntza-ereduak etengabe hobetzea— berrikusi ondoren, Vicente Atxak unibertsitatearen erronkarik handienetako bat azaldu du: hezkuntza-eredu berrietan aurrera egiten jarraitzea, berrikuntza ardatz hartuta. Orobat, errektoreak prestakuntza dualaren aldeko apustua nabarmendu du; izan ere, Mondragon Unibertsitateak 50 urte daramatza horretan lanean, eta aitzindaria da Euskadin. Hori dela eta, Europako lehen unibertsitate-sare dualaren buru da European Universities ekimenaren barruan, eta, «horri esker, herrialde gisa nazioarteko erreferentzia gara unibertsitateko prestakuntza dualaren esparruan».

Ildo horretan, bada unibertsitateak Euskal Unibertsitate Sistemari egin dion beste ekarpen garrantzitsu bat: enpresaren eta unibertsitatearen arteko harremana ulertzeko eta enpresen beharretara egokitzeko modua. Errektoreak Mendeberri 2025 eredua aipatu du. Horren bidez, gradu eta master berrien alde egiten jarraituko dute. Eredu horretan, prestakuntza praktikoa eta pertsonalizatua ematen da, eta ikasleen autonomia eta garapen profesionala eta pertsonala bultzatzen dira, arlo digitalean erabat integratuta.

 

Vicente Atxa.JPG
Vicente Atxa errektorea

«Gure etorkizunari begira, dinamikoak eta ekintzaileak izan nahi dugu, beti beste pauso bat eman daitekeela pentsatuz; hortaz, gure hezkuntza-eredua berritzen jarraituko dugu, Euskadin eta handik kanpo hazten, eta, prestakuntzan eraldaketa digitala ezarriz, talentua erakartzen. Unibertsitaterik onenekin lehiatu nahi dugu, eta nazioarteko erreferentzia bihurtu, bai gure hezkuntza-ereduengatik, bai enpresekin dugun harremanagatik». Horretarako, Mondragon Unibertsitateak lankidetza publiko-pribatua eskatzen jarraitzen du.

Azkenik, errektoreak hau azpimarratu du: «25 urteko jardueraren ondoren, gure kooperatiba-izaera oinarri hartuta, eragile aktiboa izaten jarraitzea da gure erronka, Euskadi aurreratua, lehiakorra eta jasangarria, aberastasuna sortu eta berdintasunez banatuko duena eraikitzen laguntzeko».

2021-2022 ikasturteko memoria

Bestalde, Idoia Peñacoba Mondragon Unibertsitateko idazkari nagusiak 2021-2022 ikasturteko txosten akademikoa aurkeztu du. Peñacobak nabarmendu duenez, Mondragon Unibertsitateak guztira 17 gradu-titulu —horietako 10 dualak— eta 15 unibertsitate-master —horietatik 7 dualak— eskaini zituen, bai eta lau doktoretza-programa eta hainbat graduondoko, titulu propio eta aditu-ikastaro ere, unibertsitatearen zortzi ezagutza-arloetan. Gradu, master eta doktoretza-ikastaroetako ikasleei dagokienez, 6.326 izan ziren 2021-2022 ikasturtean, eta titulu propioetako beste 840.

Idoia Peñacoba.JPG
Idoia Peñacoba idazkari nagusia

Ikasleen mugikortasuna esponentzialki handitu da COVID-19aren ondoren mugak irekitzean. Hala, 1.645 ikasle joan dira atzerrira, aurreko ikasturtean baino % 45 gehiago, eta Mondragon Unibertsitateak nazioarteko 709 ikasle jaso ditu, aurreko ikasturtean baino % 25 gehiago.

2021-2022 ikasturteko gertaera garrantzitsuei begira, Mondragon Unibertsitateak EU4DUAL: European Dual Studies University Europako programan izandako lidergoa nabarmendu du errektoreak, eta Gorka Ortiz de Zaratek jasotako Taylor domina; izan ere, sari hori jaso duen Espainiako estatuko lehen ikertzailea izan da.

Ikerketa eta transferentziaren eremuan ere, unibertsitatearen jarduera nabarmena izan da 2021-2022 ikasturtean: 594 proiektu egin dira, pandemiaren eragina nabaritu den arren; izan ere, enpresa batzuek zailtasunak izan dituzte Ikerketa eta Garapeneko baliabideei eusteko. Nolanahi ere, 1.283 ikaslek egin dute gradu-amaierako proiektua, eta beste 3.123 praktiketan egon dira enpresetan eta beste zentro batzuetan, aurreko ikasturtean baino % 18,7 ikasle gehiago. Profesionalen prestakuntzari dagokionez, joan den ikasturtean 8.338 langilek egin zuten unibertsitateko ikastaro, master edo tituluren bat, aurreko ikasturtean baino % 16 gehiagok.

Irakaskuntza unibertsitate zentroa