Danobatgroupek 2.500 plaka fotovoltaiko baino gehiagoko sare bat zabalduko du

Ekimen horri esker, taldeko enpresek kontsumitzen duten elektrizitatearen %15 eta %18 artean lortu ahal izango dute, hau da, 5.000 megawatt urtean.
Card image cap
2022/09/20

Danobatgroupek ingurumenarekin eta gizarte iraunkorrago batekin duen konpromisoaren ondorioz, industria taldeak hainbat ekintza egin ditu berotegi efektuko gasen (BEG) emisioak murrizteko eta klima aldaketaren aurka indar handiagoz borrokatzeko. Asmo handiko apustu horren barruan ez da soilik taldeko kooperatiben barruan energia berriztagarrien iturriak erabiltzea sartzen; energiaren eta baliabide naturalen kontsumoa murrizten laguntzen duten prozesu, produktu eta zerbitzuak garatzea ere sartzen da, I+G+b alorrean duen estrategiaren funtsezko zatia den heinean.

Zehazki, Danobatgroupeko kooperatibek energiaren kostuak optimizatzeko eta iraunkortasuneko eta energia efizientziako politiken alde egiteko garatu dituzten lan ildoetako bi dira kontsumoan aurrezteko proiektuak garatzea eta energia berriztagarrien erabilera optimizatzea.

Estrategia horren barruan, industria taldeak plaka fotovoltaikoen sare bat zabaldu du Danobatek eta Idekok Elgoibarren dituzten instalazioetan, eta aurreikusten du urte amaieran Soraluceko panelak instalatuko dituela Bergaran. Proiektua duela sei hilabete abiatu zen, eta bere helburua da kooperatibek kanpoko energiarekiko duten mendekotasuna murriztea eta autohornikuntza elektrikoaren bidean aurrera egitea.

Ezarpen horrek milioi bat euro inguruko inbertsio orokorra egitea eskatuko dio taldeari.

Taldeko enpresek beraiek kontsumitzen duten elektrizitate guztiaren %15 eta %18 artean sortu ahal izango dute, hau da, urtean 5.000 megawatt inguru, eta BEGen emisioak proportzio berean murriztu ere egin ahal izango dute.

Energia fotovoltaikoak ematen dituen onura energetikoez gain, sistema horren abantaila handietako bi dira, alde batetik, elektrizitatea sortzen has daitekeela instalatu eta berehala, eta, bestetik, plaka fotovoltaikoek ez dutela ia mantentze lanik behar. Vicente Mujika Danobatgroupeko operazio zuzendariak azaldu duenez, “euri ura nahikoa da panelak modu naturalean garbitzeko, eta hausturak saihestu besterik ez da egin behar, eta konexio elektrikoak ondo daudela eta estalkian kalterik ez dagoela zaindu, funtzionamendu egokia bermatzeko. Sistema horrek efizientzia galera oso murritza du, urtean %2koa, eta panelen bizitza erabilgarria 25 urte ingurukoa da”.

Azpiegiturak modernizatzea

Inbertsio hori beste katebegi bat gehiago da Danobatgroupek azpiegiturak modernizatu eta optimizatzera bideratutako ekintzen katean. Izan ere, Danobatgroup dagoeneko hasi da azpiegiturak eta instalazioak modernizatzen, energiarekin eta ingurumenarekiko errespetuarekin zerikusia duten irizpideak txertatzen, eta bizi ziklo osoan ingurumen inpaktua murrizten laguntzen duten produktuak diseinatzen eta garatzen. Taldearen core industrialak eta teknologikoak aukera ematen diote ekimen horiek hainbat tresna digitalekin eta adimen artifizialeko tresna batzuekin konbinatzeko, fabrikazio sistemen efizientzia optimizatzeko, besteak beste.

Danobatgroupek ingurumenarekin duen konpromisoa bere nortasun ezaugarrietako bat da, eta horrek esan nahi du baliabideak errespetuz kudeatzen dituela eta ingurunearen babesa eta zaintza parametrotzat hartuz modu jasangarrian hazten dela, Nazio Batuen Garapen Iraunkorreko Helburuekin bat etorriz.

Ingurumen arloan hartu dituen konpromisoak lortzeko, Danobagroupek komunitatearekin ere lan egiten du. Ildo horretan, nabarmentzekoa da Energiaren Euskal Erakundeak eta KREANek (MONDRAGON Korporazioa) sustatutako EKIAN proiektuan duen partaidetza, proiektuko inbertitzailea den heinean. Euskadiko eguzki energiako parkerik handiena da, eta urtean 40.000 milioi watt sortzen ditu, 15.000 familiaren urteko kontsumo elektrikoaren baliokidea.

Ekintza hori, iraunkortasunaren arloan aurrerapausoa da, eta Danobatgroupeko 2021-2024 Plan Estrategikoaren barruan sartzen da. Plan horrek ASG irizpideak (Ingurumen, Gizarte eta Gobernu Onaren arlokoak) sartzen ditu aldi horretarako lehentasunezko jarduera ildo estrategikoen artean.

Danobatgroupi buruz

Industriako fabrikazioaren eremuan 65 urteko ibilbidea eginda, Danobatgroupek trebakuntza handiko plantilla bat dauka, 1.400 pertsona baino gehiagok osatuta. Taldea erreferentziako eragilea da nazioartean, makina-erremintaren eta ekoizpen sistema aurreratuen sektorean.

MONDRAGON taldeko makina-erreminta dibisioa