Mikrotxipei buruzko 10 galdera gako

Mikrotxipak gai makro bihurtu dira, irismen globalekoak. Mikrotxipen eskasia mugimendu geoestrategikoak sortzen ari da, Asiako hego-ekialdearekiko mendekotasunari aurre egiten saiatzeko, eta AEBk eta Europak dagoeneko milioi askoko inbertsioak iragarri dituzte, produktu horren munduko ekoizleen artean protagonismo handiagoa izateko.
Card image cap
2022/02/15

Alberto Tranchok ondo ezagutzen du sektorea. Fisikaria eta Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzako lizentziaduna da, 34 urte daramatza Fagor Elektronikan, eta gaur egun kooperatibako Baliabideen eta Kalitatearen zuzendaritzaz arduratzen da. Atsegin handiz, zenbait gako jakinarazi dizkigu, merkatuaren egoera ezagutu dezagun. 

1- Zer da mikrotxip bat?

Oro har, mikrotxipa edo txipa esaten zaio silizio oinarriko materialaren gainean eraiki ohi den osagai erdieroaleari. Osagai horrek milimetro koadro batzuetako tamaina du, eta memoria baten kasuan, barnean, informazio asko gordetzeko gai da; zirkuitu integratu eta, zehatzago, mikroprozesadoreen kasuan, berriz, datu kopuru handia prozesatzeko gai da.

2- Zenbat mota daude?

Erdieroaleez ari bagara, hauxe da hasierako oinarrizko sailkapena: erdieroale diskretuak eta zirkuitu integratuak (ZI), funtzio bakarra betetzen duten edo osagai berean gailu bat baino gehiago integratuta dauden (ZI) kontuan hartuta.

Era berean, horietako bakoitza hainbat motatan bana daiteke, betetzen duen funtzioaren arabera:

  • Erdieroale diskretuak: diodoak, transistoreak, tiristoreak, triac-ak…
  • Zirkuitu integratuak: aldi berean analogikoak (anplifikadoreak, osziladoreak...) edo digitalak (memoriak, mikroprozesadoreak...) izan daitezke. ZIetan beste sailkapen bat ere erabiltzen da, barruan dituzten osagaien integrazio mailaren arabera: SSI (Small Scale Integration), 10-100 transistore dituena, eta GLSI (Giga Large Scale Integration), milioi bat transistore baino gehiago dituena. 

3- Horietako zein fabrikatzen ditu Fagor Elektronikak eta zer sektore edo merkatutarako?

Fagor Elektronikak erdieroale diskretuak egiten ditu, batez ere diodoak eta tiristoreak. Guretzat sektore garrantzitsuenak automobilgintza, ekipo informatikoak, industria aplikazioak eta lerro zuria dira. 

4- Zergatik daude hain modan?

Agian, hitza ez da “moda”. Orain asko hitz egiten da mikrotxipei buruz, batez ere pandemiaren eraginezko elektronikaren erabilera intentsiboagatik dauzkagun hornidura arazoengatik, eta horrek fabrikazio geldialdiak eragin ditu gure inguruko sektore oso garrantzitsuetan, hala nola automobilgintzan. Baina erdieroaleak aspaldidanik dira gure bizitzaren parte, eta horiek gabe gure inguruko gauza asko ezingo lirateke existitu: ordenagailuak, telefonia, Internet, etab. Beraz, moda bat baino gehiago, esango nuke aurrerapen teknologiko handia direla. Tarteka, mikrotxip belaunaldi berriak etortzen dira, aurrekoen prozesatzeko gaitasuna bikoizten dutenak, eta, horri esker, gure bizimodua aldatzen eta hobetzen duten aplikazioak gara daitezke.

Mikrotxipen belaunaldi berriek aurrekoen prozesatzeko gaitasuna bikoizten dute, eta, horri esker, gure bizimodua aldatzen eta hobetzen duten aplikazioak gara daitezke.

IMG_2810.jpg

5- Batez ere, non ekoizten dira?

Erdieroaleen fabrikazio gehiena Asian dago, eta zehazkiago Asiako hego-ekialdean. Ekoizpen handiko herrialdeak dira Taiwan, Korea, Txina edo Japonia. Era berean, Europan eta AEBen ere ekoizten dira, baina Asiarekin alderatuta, askoz ere kopuru txikiagoetan. 2020an, erdieroaleen kontratu bidezko fabrikazioaren %81 Taiwanen edo Hego Korean zegoen.

6- Lortuko al du Europak Asiako hego-ekialdearekiko mendekotasuna desagerraraztea?

Ez da batere erraza izango. Asiak urte asko daramatza erdieroaleen ekoizle ardatza izaten, eta hori ezin daiteke aldatu gauetik goizera. Azken belaunaldiko txipak ekoizteko inbertsio erraldoiak egin behar dira, eta, beraz, egoera hori aldatzeko estrategia politiko global batez gainera, ezinbestekoa da atzetik industria oso indartsu bat egotea. Arrazoizkoena da Europak, sektore horretan, beste batzuetan bezala, beste herrialde batzuekiko duen mendekotasun geoestrategikoa birplanteatzea eta tokiko sektore baten garapena sustatzea, gutxienez estrategikotzat jotzen duen horretan. Ildo horretan, Europak 43.000 milioi euroko inbertsioa egingo duela iragarri du, munduko txipen merkatuaren %20 fabrikatzeko. Baina, zalantzarik gabe, etorkizunean erabiliko ditugun txip asko Asiatik etorriko dira luzaroan. 

7- Zenbat kostatzen da azken belaunaldiko txip fabrika bat martxan jartzea?

Aipatzen diren zifrak 10.000 eta 15.000 milioi dolar artekoak dira. Zifra horiek zorabiatzeko modukoak dira, baina erdieroaleen munduak daukan merkatu izugarria eta konplexutasuna ulertzen lagun diezagukete. Zalantzarik gabe, hazten jarraituko du, sektore eta produktu guztiek gero eta elektronika gehiago erabiltzen baitute.

Merkatuak nabarmen hazten jarraituko du, sektore eta produktu guztiek gero eta elektronika gehiago erabiltzen baitute.

8- Zein sektore dira kontsumitzaile nagusiak?

Elektronika duen ia edozein produktuk erdieroaleak izango ditu barruan, bai diskretuak, bai ZIak. Kontsumo handiko sektoreak dira ordenagailuak, telefonia mugikorra, automobilgintza... eta gero eta gehiago, lerro zuriak, industria aplikazioak eta beste sektore batzuk.

Captura de pantalla 2022-02-14 a las 8.30.07.png

9- Eta gizakiak txipak eramango al ditu etorkizunean?

Han eta hemen entzun izan dugu denbora gutxi barru txipen bat izango dugula txertatuta, eta horrek ordezkatuko dituela gure telefono mugikorrekin gaur egun egiten ditugun funtzioak. Baina osasunaren arloan ere aukera handiak ikusten dira gizakietan txip espezifikoak aplikatzeko. Hain da horrela, duela gutxiko albiste batean hau irakur genezakeela: “Hiru paraplegiko berriro ibiltzen hasi dira, inplante elektroniko bat jarri eta hurrengo egunean”.

10- Noiz amaituko da mikrotxipen krisia?

Mikrotxipen krisitzat jotzen badugu sektore guztien eskaria asetzeko gaur egun dagoen zailtasuna, aipagarria da adituak txostenak eta iritziak argitaratzen hasi direla, non adierazten duten 2023aren hasieran eskaintzaren eta eskariaren arteko oreka handiagoa izango dela merkatuan. Baina inork ez daki seguru; izan ere, merkatuak, ekoizpenaren eta kontsumoaren orekari buruzko datu objektiboez gain, osagai soziologikoa ere badauka eta. Zenbat eta tentsio handiagoa horniduran, orduan eta premia handiagoa beharrak asetzeko, eta stockak eta eskaerak igo egingo dira. Merkatuak hautematen duenean egoera normalizatzen ari dela, bigarren faktore hori ere lasaitu egingo da, eta, ziur asko, merkatuaren beherakada ikusiko dugu, egungo egoerarekin alderatuta.

Erdieroaleak eta TB analogikoa eta digitala hartzeko sistemak