HIREKIN zentroaren lehen harria jarri dute

8 milioi euro inguruko inbertsioa izan du 2024aren erdialdean martxan jarriko den eta Mondragon Unibertsitateko Goi Eskola Politeknikoa buru duen proiektuak.
2023/01/16

Industria sektore jasangarri eta digitalizatuagoa izatea xede duen Mondragon Unibertsitateko HIREKIN berrikuntza eta ekintzailetza industrialeko zentroa eraikuntza fasean dago. HIREKIN-ek duen konpromiso horren erakusgarri, eraikinaren lehen harria jartzeko ekitaldi sinbolikoa egin da gaur, unibertsitatearen instalazioetan. Proiektu horren bidez, industriaren eta teknologia-sektorearen deskarbonizazioa, digitalizazioa eta jasangarritasuna sustatuko ditu Mondragon Unibertsitateko Goi Eskola Politeknikoak. Izan ere, industria jasangarriaren arloko balio erantsi handiko erreferentziazko zentroa izatea da HIREKINen asmoa. Horretarako, jarduera hauek bultzatuko ditu: ekintzailetza, intra-ekintzailetza, ikerkuntza eta hezkuntza, eta hainbat eragileren arteko ezagutza-transferentzia ahalbidetuko duen elkar-lankidetzako eredu irekia.

Mondragon Unibertsitateko Goi Eskola Politeknikoa buru duen HIREKIN berrikuntza- eta ekintzailetza-zentroak oinarri hauek izango ditu: ekintzailetza industrial eta teknologikoa, digitalizazioa eta jasangarritasuna (ingurumenari, ekonomiari eta gizarteari dagokienez). Ia 8 milioi euroko inbertsioa behar izango du proiektuak, eta 2024aren erdialderako gauzatuta egotea espero da.

Hirekin 1.jpg

Inigo Ucin, Teresa Riesgo, Jokin Bildarratz, Markel Olano, Vicente Atxa, Maria Ubarretxena, Arantxa Tapia, Juan Mari Palencia, Joxean Alustiza eta Carlos García.

Industria eraldatzea helburu

Goi Eskola Politeknikoaren zentro berria Arrasateko Uribarri auzoan egongo da, eta, dagoeneko hasiak diren obrei esker, lankidetzarako gune bat sortuko da enpresa, ekintzaile, ikertzaile eta ikasleentzat —Goi Eskola Politeknikokoak, beste fakultate batzuetakoak edo hirugarrenetakoak—, industria eraldatzeko eta beste eredu aurreratu eta jasangarriago bati erantzuteko lanean jardun dezaten.

HIREKIN zentroaren instalazioek, 6.000 metro karraturekin, industria-espazio handi bat izango dute, prototipoak, simulazioak eta esperimentuak egiteko ekipamenduz hornituta. Halaber, lantegi eta zenbatze-gelak izango dituzte, baita baterako sorkuntzarako guneak eta bilera-gelak ere, besteak beste. Azpimarratzekoa da, orobat, HIREKINen esku hartzen duten eragileek erabilgarri izango dituztela unibertsitateak bere laborategietan eta beste egoitza batzuetako lantegietan dituen industria-ekipamenduak. Horrela, baliabide gehiago jarriko dira HIREKINen eta industria-eraldaketaren zerbitzuan.

Gaur egun, hauek dira HIREKIN proiektua aurrera eramateko Mondragon Unibertsitatearekin elkarlanean ari diren erakundeak: MONDRAGON, Saiolan, Ikerlan, Fagor taldea eta Gizabidea fundazioa, Debagoieneko Mankomunitatea, Isea, Galbain eta Garaia Parke Teknologikoa. Dena dela, proiektu irekia izanik, espero da gerora erakunde eta enpresa gehiagok bat egitea.

Urbanizazioa eta jasangarritasun-ziurtagiria

HIREKIN zentroaren lehen faseak 3 M€-ko kostua izan du, eta bukatuta dago. Garaiaren eremuko trafikoa erraztuko duen biribilgunea eginda dago jada, eta laster irekiko da biribilguneko irtenbide berria, trafikoa ibai aldera bideratuko duena. Urbanizazio-proiektuak berekin dakar 48 zuhaitz landatzea eta berdeguneak lorategi bihurtzea.  

HIREKINen eraikinak eraikuntza jasangarriaren ERAS ziurtagiria eskuratuko du. Izan ere, material berrerabilgarriak eta biodegradagarriak erabili dira eraikuntzan; gainera, honako hauek jartzea aurreikusita dago: eguzki-plakak, energia-efizientzia hobetzeko sistema adimendunak, ur-efizientziarako eta ur-zikloa ixteko irtenbideak, eta inguruko industria-instalazioetako beroa berreskuratzeko sistemak, besteak beste.

Erakundeen presentzia

Honako hauek izan dira ekitaldian: Markel Olano, Gipuzkoako ahaldun nagusia; Vicente Atxa, Mondragon Unibertsitateko errektorea; María Ubarretxena, Arrasateko alkatea; Jokin Bildarratz, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza-sailburua; Teresa Riesgo, Zientzia eta Berrikuntza Ministerioko idazkari nagusia; Aitor Esteban eta Andoni Ortuzar euskal diputatuak; Josean Alustiza, Gizabidea Fundazioko lehendakaria; Iñigo Ucín, MONDRAGON korporazioko lehendakaria; Joxe Oleaga, Krean arkitektura-estudiokoa, eraikina diseinatu duena, eta Carlos García, Mondragon Unibertsitateko Goi Eskola Politeknikoko koordinatzaile nagusia.

Era berean, lehen harria jartzeko ekitaldian izan dira Arantxa Tapia, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Iraunkortasun eta Ingurumen sailburua; Juan Mari Palencia, Mondragon Unibertsitateko Goi Eskola Politeknikoko lehendakaria; Javier Larrañaga, Gipuzkoako Foru Aldundiko Ekonomiaren Sustapeneko, Turismoko eta Landa Inguruneko diputatua; Aitor Esteban, Euskal Taldearen bozeramailea Diputatuen Kongresuan; Andoni Ortuzar, EAJ-PNVko presidentea eta Ignacio García Fenoll, Berrikuntza Ministerioko Berrikuntza Koordinazioko zuzendariordea, beste agintari eta enpresa- zein erakunde-ordezkari batzuen artean.

Argazki galeria: https://www.flickr.com/photos/tulankide/albums/72177720305275815

Irakaskuntza unibertsitate zentroa