Mondragon Unibertsitateak Bidasoako Campusa inauguratu du

Bidasoako Campus berriak ekintzailetza, berrikuntza eta kudeaketako talentua sortzea izango ditu helburu.
Card image cap
2017/06/14

Mondragon Unibertsitateko Enpresagintza Fakultateak Bidasoako Campuseko instalazio berrien inaugurazioa egin du gaur. Instalazioak Palmera Montero gizarte-etxean daude, eta horietan lanean jardun du MUk otsailetik hona. Inaugurazio-ekitaldian, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburu Cristina Uriarte, Gipuzkoako ahaldun nagusi Markel Olano, Irungo alkate Jose Antonio Santano eta Mondragon Unibertsitateko errektore Vicente Atxa izan dira buru.

Ekimen integratzailea da, askotariko interesak batzen dituena. Gazteak, eragileak, erakunde publikoak, unibertsitatea eta sektore pribatua elkartu dira berrikuntzaren aldeko konpromisoa hartzeko, eta, batez ere, ekintzailetzaren aldekoa.

Bidasoako proiektua eskualdearen garapen-eragilea izateko xedez sortu da. Ekintzailetza, berrikuntza eta kudeaketako talentua sortzea landuko ditu batez ere, eskualdeko enpresa-sarearekin harreman estuan oinarrituta. Mondragon Unibertsitatearen Bidasoako Campusak bi ardatz nagusi ditu: prestakuntza eta ekintzailetza. Prestakuntza-ardatza ekintzailetzara, berrikuntzara eta ikasketak eta lana uztartzen dituen hezkuntza dualera bideratuta dago. Ekintzailetzaren bidez, berriz, zeharkakoa eta sortzailea izango den kultura ekintzailea sustatuko dute, eskualdera egokitua, lurraldeko erakundeen parte-hartzearekin. Ekintzailetzarako gune horretan, gaiaren inguruko laguntza eta aholkularitza eskainiko dute, batez ere enpresek lehen urratsak Irunen egiteko aukera izan dezaten. Era berean, sormena, berrikuntza eta kudeaketako talentua sustatuko dituzte, baita lurraldean enpresa berriak martxan jartzea ere.

Azken finean, Mondragon Unibertsitateak xede jakin batekin diseinatu eta mamitu du instalazio berrietan aurrera eramango duen unibertsitate-proiektua: ingurunean berrikuntzaren eta ekintzailetzaren sustatzaile izatea, eta, egungo egoeratik abiatuta, jada abian den industria- eta enpresa-ehuna aprobetxatuz, ekiten eta berritzen jarraitzea.  

Beharra izatetik aukera izatera

Inauguración Campus IRUN

Eskualdeko enpresak berrikuntzaren, ekintzailetzaren eta 4. industria-iraultzaren ildora ekartzeko beharra ikusi zen, eta horri erantzuteko eta ekintzailetza berritzailearen eta sortzailearen kultura sustatzeko sortu zen proiektua.  Herritarrek prozesuan parte hartu behar zuten, gainera. Mondragon Unibertsitatea eta eskualdearen garapena eta aberastasuna sustatzen dituzten tokiko erakundeek —Irungo Udalak eta Bidasoa Bizirik agentziak— behar hori aukera bilakatzea erabaki zuten. Horrela, gune sortu berria ekintzailetzaren, kudeaketako talentuaren, berrikuntzaren eta sormenaren aldeko ekosistema izango da.

Guztien artean lan egin dute, ekintzailetzarako bestelako estrategia berezia jorratuko duen gunea sortzeko. Estrategiak eskualdea du oinarri, eta ingurunearen eta bertako enpresen ezaugarriak eta egoerak aprobetxatu nahi ditu, ekiteko eta berritzeko. Horrenbestez, eskualdean sortuko diren enpresa-proiektuak bertan gara daitezen eta bertako enpresek gara ditzaten ahalbidetu nahi du proiektuak.

Palmera Montero gizarte-etxean Unibertsitateak izango dituen instalazio berriak Udalarekin sinatutako 10 urterako lagatze-hitzarmenaren emaitza dira. Horren arabera, Unibertsitateak, irabazi asmorik gabeko eta onura publikoko erakunde denak, bere gain hartuko ditu gunearen egokitze-lanak, mantentze-lanak, inbertsioak eta eraikinean sortuko diren gastu orokorren % 80. Eraikin berean udal-elkarteak eta erabilera anitzeko aretoak daude.

Datu batzuk

Inauguración Campus IRUN

Bidasoako Campusa Mondragon Unibertsitatearen Enpresagintza Fakultatearen barruan dago, Oñatiko eta Bilboko campusekin batera. Guztira, 1.381 ikasle ari dira Unibertsitateko Enpresagintza Fakultatean ikasten. Horietatik 311 Bidasoako Campusean ari dira, bi adarretan banatuta:

  • 179 myGADEn, Enpresen Administrazio eta Zuzendaritza Graduan.
  • 132 LEINNen, Lidergo Ekintzailea eta Berrikuntza Graduan.

Mondragon Unibertsitateko Enpresagintza Fakultateak urteak daramatza ekintzailetzaren arloa jorratzen, eta, ildo horretan, aitzindariak eta erabat berritzaileak diren tituluak eskaintzen ditu, berrikuntza eta ekintzailetza bestelako ikuspegi eta metodologia batekin landuz. Lidergo Ekintzailea eta Berrikuntza Gradua (LEINN) hezkuntzan aplikatutako berrikuntzaren adibide bikaina da. ‘Taldean lan eginez ikastearen’ metodologian oinarritutako gradua da, eta ikasleek eurek zehazten dute ikaskuntza-ibilbidea. Lehenengo egunetik hasita benetako enpresa bat sortu beharko dute, benetako bezero, produktu eta zerbitzuekin, eta horrek fakturazio jakin bat izan beharko du fase bakoitza gainditu ahal izateko.

LEINN Gradua Mondragon Unibertsitateako Enpresagintza Fakultatearen Irungo Campusean jarri zen martxan, 2009. urtean. Geroago, LEINN Oñatira, Bilbora, Madrilera, Bartzelonara, Valentziara, Querétarora eta Shangaira hedatu da, Mondragon Unibertsitateak Europan, Amerikan eta Asian sakabanaturik dituen MONDRAGON TEAM ACADEMY berrikuntza-laborategien bidez.

Bestalde, myGADE Gradua prestakuntza dualean oinarrituta dago, ikasketak eta lana txandakatzean. Horri esker, ikasleak eta enpresak gerturatzea eta elkar ezagutzea sustatzen da, baita lan-mundura hurbiltzea ere. Azken hiru urteotan, Bidasoako myGADE graduan 180 ikaslek egin dituzte praktikak enpresetan, eta inguruko 148 enpresak hartu dute parte jarduera horretan.  Horietatik 62 ikasle txandaka aritu dira ikasten eta lanean, eta 59 enpresak hartu dute parte. Guztira, eskualdeko 65 enpresak izan dituzte ikasten eta lanean ari diren ikasleak.

Irakaskuntza unibertsitate zentroa