Empresa, red e idiomas

Empresa, red e idiomas

Euskaralan
(En euskera) Twitter, Facebook, Google+, eta antzeko sare sozialetan zein hizkuntza, zenbat eta nola erabili aztertu du EMUNek. Azterketaren lehenengo faseari buruzkoak Lantalan blogean irakur daitezke, eta piztu duen interesa ikusirik aurrera begirako ildoak zehaztu dira.
31/01/2012

EMUNeko lantalde batek, bezero zehatz batzuen kezkari erantzunez, ikerketa proiektu bat abiatu zuen enpresek sare sozialetan zein hizkuntza erabili behar dituzten aztertzeko.

Komunikaziorako erreminta nagusi

Gaur egun, enpresa eta erakunde askoren komunikazio kanal bihurtu dira sare sozialak. Enpresa eta erakunde hauek bere bezeroen hizkuntza eskubideak errespetatu behar dituzte eta baliteke, gainera, beste komunikazio kanal batzuetarako hizkuntza irizpideak zehaztuta edukitzea. Baina, nola jokatu behar dute sare sozialetan? Zein izan daiteke estrategia linguistiko egokiena?

Ikerketa honen helburua enpresa pribatuek sarean izan beharko lituzketen hizkuntza irizpideen gaineko hausnarketa egitea izan da, hizkuntza irizpide egokiak zeintzuk izan daitezkeen jakiteko. Hausnarketa hau, nola ez, sarean egin da eta aditu-arituen iritziak eta sare sozialen bitartez komunikatzeko ahalegin handian diharduten enpresen esperientziak jaso dira.

Zer diote adituek?

Aukerak asko dira, enpresa bakoitzaren ezaugarriek ere baldintzatu egiten dute euren aukera, bezero mota, merkatua... Baina, erakundeak euskararekiko sentsibilizazioa badu ere, hainbat zalantza sortzen zaizkio hau kudeatzerakoan: kontu bat hizkuntza bakoitzarentzat edo hizkuntza guztiak kontu berean? Korporatiboki, hizkuntza formala edo kolokiala? Hemengo identitatea mantenduz eta munduarekin hitz egin, nola? Zein balio ematen dio euskaraz egiteak?

EMUNek hainbat aditurengana jo du iritzi eske, Joxe Rojas, Luistxo Fernandez, Rober Gutierrez, Josu Bergara edo Joxe Aranzabal, esaterako. Iritzi hauek aztertuta, ezin esan jokatzeko modu bakarra gomendatu daitekeenik, beraz, enpresa bakoitzak bere hartzailea zer nolakoa den kontuan hartuta, eta saldu nahi duen produktuari begira diseinatu beharko du bere komunikazio estrategia.

Lan honen helburuetako bat esperientzia zehatzak ezagutzea ere izan da. Mondragon taldetik Euskadiko Kutxaren kasua aztertu da, eta argi daukate euskarak lehentasuna duela bezeroari begirako komunikazioan eta kontu bakarrean euskara eta gaztelania erabiltzen dituzte, bai Twitterren baita Facebook-en ere.

Deskontu.com Interneteko enpresa bat da eta euskara besteengandik ezberdintzeko estrategia dela konturatu dira, eta bezeroak eskertu egiten duela euskarazko zerbitzua ematea, eta ondorioz, sare sozialetan euskara erabiltzen dute.

Ternuak berriz, hiru hizkuntza erabiltzen ditu kontu bakarrean: euskara, gaztelania eta ingelesa. Hemengo identitatea mantenduz munduarekin hitz egin daitekeela azaleratzen du esperientzia honek.

MUtelebistaren kasuan euskara da hizkuntza nagusia, eta gehienetan, aurkezpenak eta iradokizunak euskaraz daude eginak eta azpitituluak gaztelaniaz eta ingelesez. Baina norbaitek beste horietako hizkuntza batean hitz egiten duenean, orduan azpitituluak beste hizkuntza bietan jartzen dira. Horrela, edozeinek onartzeko moduko formula sortu dute, euskaraz ondo moldatzen direnentzat eta berau ulertzen ez dutenentzat.

Aurrera begira esperientzia eta gaiaren inguruko iritzi gehiago biltzeko asmoa du EMUNek. Horrez gain, enpresek sarean erabiltzeko hizkuntza irizpideak ezartzeko metodologia jarriko dute abian eta gida bat osatuko dute enpresentzako gomendioekin.