2017-08-19T13:19:33+02:00

Tresna pertsonalak

TUlankide MONDRAGON

Uruguaiko lehendakariak MONDRAGON bisitatu du

2013/06/02

Uruguaiko presidente Jose Mujica MONDRAGONeko zentro korporatiboraino hurbildu da gaur, eta bertan Korporazioko Kontseilu Orokorreko lehendakaria den Txema Gisasolak hartu du. Bisita uruguaitar agintaria bere herrialderako negozio aukera berriak aztertzeko duela zenbait astetik hona egiten ari den bidaia ofizial baten barruan kokatu da. Horren harira, MONDRAGON Korporazioak eta Uruguaiko Industria, Energia eta Meatzaritzako ministroak lankidetza hitzarmena izenpetu dute.
Uruguaiko lehendakariak MONDRAGON bisitatu du

Txema Gisasola (MONDRAGONeko presidentea), Jose Mujica (Uruguaiko presidentea), Martin Garitano (diputatu nagusia), Inazio Azkarragaurizar (Arrasateko alkatea) eta Maria Angeles Elorza (Eusko Jaurlaritzako Kanpo Ekintzetarako idazkaria).

Uruguay-MONDRAGON18

Madrilen izan den bitartean, Mujicak hainbat ekitaldi instituzionaletan parte hartu du Espainiako errege-erreginekin eta Mariano Rajoy gobernuko lehendakariarekin, eta ehun inguru enpresari espainiarrekin ere elkartu zen, horien aurrean Uruguaik atzerriko kapitalarentzat negozio eta inbertsioetan eskaintzen dituen aukerak azaltzeko. Halaber, joan den ostiralean Eusko Jaurlaritzarekin eta Iñigo Urkullurekin elkartu zen.

Uruguay-MONDRAGON30

Jose Mujica eta Arantxa Laskurain, MONDRAGONeko idazkari orokorra.

MONDRAGONeko bisita

Uruguaitar lehendakariak hasieratik adierazi zuen sarrailagintzaren herrira gerturatzeko prestasuna, MONDRAGON Korporazioa in situ ezagutzeko. Hain zuzen ere, Jose Mujicaren interes nagusietakoa prestakuntzaren arloari lotutako alderdiak ezagutzea zen, hau da, hezkuntzak Esperientzia Kooperatiboaren garapenean jokatu duen rola eta gaur egun Mondragon Unibertsitateak eskaintzen dituen prestakuntza programak.

Uruguay-MONDRAGON121

Goizeko 10:30ak aldera iritsi zen Arrasatera, bere familiaren sorterria den Bizkaiko Muxika herritik, eta uruguaitar delegazioa hartzeko Korporazioaren ordezkaritza bat zain zegoen, Txema Gisasola presidentea buru zela. MONDRAGONi buruzko ikus-entzunezko bat ikusi eta gero, bi ordezkaritzek bilera bat egin zuten, lankidetzarako aukerak aztertzeko, eta azkenean lankidetzarako esparru hitzarmen bat sinatu zuten, Uruguaiko Industria ministro Roberto Kreimermanek eta MONDRAGON Internazionaleko lehendakari Josu Ugartek izenpetu zutena. Ondoren, bi ordezkaritzak Mondragon Unibertsitateko Ingeniaritza Fakultatera joan ziren, eta bertan, Iosu Zabala errektorea lagun zutela, instalazioak bisitatu eta lan bilera bat egin zuten.

Uruguay-MONDRAGON6

Uruguai-MONDRAGON lankidetza hitzarmena

Bisitan zehar Uruguaiko Industria, Energia eta Meatzaritzako Ministerioaren eta MONDRAGON Korporazioaren arteko lankidetza esparru hitzarmen bat sinatu zen, programak eta esperientziak partekatzeko helburu nagusiarekin, Uruguaiko sistema kooperatiboa sustatzera zuzenduta.

Zehazki, prestakuntza programak landuko dira, produkzio kooperatiben eta nekazaritza kooperatiben gestioa hobetzeko. Hitzarmenaren jarduera eremua, halaber, Uruguaiko kabinete produktiboak lehentasunezkotzat jo dituen garapen sektoreetara zabalduko da, hala nola: bioteknologia, nanoteknologia, ontzigintza, automozioa, IKTak, energia berriztagarriak eta nekazaritzako industria. Finean, hitzarmenaren helburua Uruguain Ekonomia Sozial eta Solidariorako politikak ezartzeko esperientziak partekatzea da, gizartearen garapen bidezkoagoa eta zuzenagoa lortzeko xedearekin.

Uruguay-MONDRAGON7

MONDRAGONeko zentro korporatiboa bisitatu ondoren, Jose Mujica Mondragon Unibertsitatera abiatu da eta bertan, Iosu Zabala, errektore nagusiak oparia egin dio, On Jose Maria Arizmendiarrietaren monolitoaren aurrean.

Argazki gehiago gure Flickr kanalean: http://bit.ly/Zm7KwV


Bideoak


+ Bideo gehiago

Papereko edizioa
Jarraitu twitterren
LagunAro

Bazkideentzat promozioak

fagor-promo

Iradokizunak

iradokizunak