2017-10-21T10:43:31+02:00

Tresna pertsonalak

TUlankide MONDRAGON

Tajo kooperatibak martxoaren 2an egingo ditu 50.urteurreneko ekitaldi nagusiak Oiartzunen

2013/02/20

1963an abiatu zuen bere jarduera Oiartzungo Tajo kooperatibak plastikoaren arloan. Errenterian egin zituen aurreneko bost urteak eta 1968an enpresaren lehenengo mugarri garrantzitsua gertatu zen; izan ere, Oiartzun ibaiaren ertzean eraiki zen lantoki berria. Ordutik hona, Tajok nazioartekotze prozesu nabarmena bizi izan du, lantokiak ireki ditu Polonian eta Txekiar Errepublikan, eta gaur egun bi negozio unitate ditu, automozioa eta linea zuria. Martxoaren 2an 50.urteurreneko ekitaldi nagusiak egingo dituzte eta besteak beste enpresaren historia jasotzen duen liburua aurkeztuko dute.

'Zuontzat, Tajo zareten guztiontzat", Tajoren 50.urteurrenaren liburuaren helburua eta zergatia hitz horiekin definitu nahi izan du Pio Retegi presidente ohiak. Badira 6 urte informazioa batzen hasi zela, presidente lanetan, eta dagoeneko liburua prest dago. Datorren larunbatean, martxoak 2, aurkeztuko da Oiartzungo udaletxeko pleno aretoan, ekitaldi xume baina hunkigarrian. Bertan, Tajo kooperatibako sortzaileei ere omenaldia egingo zaie eta lan-bazkideen bazkaria egingo da. Horiexek izango dira 5o.urteurreneko ekitaldi nagusiak.

Tajo Lezo

Oiartzun, Txekiar Errepublika eta Polonia

1963tik 2013ra eginiko ibilbidea jasotzen da argitalpenean, kooperatibak bizi izandako mugarri nagusienak, Errenteriatik Oiartzunera joan zirenekoa, edo eta nazioarteko prozesua abiatu zenekoa. Gaur egun, 350 langile inguru ditu Tajok, horietatik 117 Oiartzunen eta gainerakoak Poloniako bi lantokietan, Tabiplast 1 eta 2, eta Txekiar Errepublikako produkzio gunean. Gainera, beste hiru bazkiderekin batera Madrilgo Manchalan ere badute lantoki bat, non urritasun fisiko zein psikikoak dituzten pertsonek egiten duten lan.

Tajo 50 urte-1

Plastikoan dira espezialistak Tajon eta bi negozio unitate dituzte, automozioa eta etxetresna elektrikoen linea zuria. Automozioan azken urteotan lan dezente egiten ari dira, baina linea zurian krisiak bete-betean harrapatu ditu. "Fagor eta Daewoorentzat egin izan dugu lan historikoki eta gaur egun egoera ez da oso ona. Fagor ez da orain urte batzuetakoa eta Daewoo desagertu egin da", adierazi digu Pio Retegi presidente-ohi eta Eskaintza-teknikariak.

Tajo 50 urte

Pio Retegi, automozio negozioaren instalazioetan, Tajok Oiartzunen duen lantokian.

Martxoaren 2an ekitaldia eta beste zenbait ekintza

Tajok martxoaren bian biziko du 50.urteurreneko ekitaldirik nagusiena. 12:30tik aurrera, Oiartzungo udaletxeko pleno aretoan egingo den ekitaldian liburua aurkezteaz gainera, fundatzaileei omenaldia egingo zaie eta ondoren, 14:30ak aldera, bazkaria egingo dute Etxeberri jatetxean, Lezon. Era berean, mendi martxa ere egingo da asteburu honetan, eta urteurrena ospatzen hasi zirenetik, mus txapelketa eta logotipo lehiaketa ere egin dituzte. Gainera, urte honetan 50 haritz landatuko dituzte Oiartzunen, 50 urteko ibilbidearen sinbolo gisa.

Tajo 50 urte-8

Fagor taldearentzat lan asko egiten du gaur egun ere Tajo kooperatibak.

Argazki gehiago: http://www.flickr.com/photos/tulankide/


Bideoak


+ Bideo gehiago

Papereko edizioa
Jarraitu twitterren
LagunAro

Bazkideentzat promozioak

fagor-promo

Iradokizunak

iradokizunak