2017-12-12T09:26:52+01:00

Tresna pertsonalak

TUlankide MONDRAGON

Otsailaren 27an jokatuko du Arizmendi Ikastolako taldeak First Lego League txapelketako Espainiako finala

2011/02/17

Euskadiko txapelketa irabazi ondoren, Arizmendi Ikastolako taldea Espainiako kanporaketa prestatzen ari da buru belarri, Deriora eramango duten robotari hobekuntzak ezarriz.

Beñat Irazabal irakasle eta ingeniari informatikoaren zuzendaritzapean, Arizmendi ikastolako ikasle talde batek First Lego League txapelketan parte hartzea erabaki zuen. Aurtengo edizioan taldeek biomedikuntza arloarekin zerikusia duten robotak eraiki behar izan dituzte, eta ezusteko galanta emanez, Arizmendikoek eginiko robotak Euskadiko txapelketa eskuratu zuten. Eta bide batez, Espainiako txapelketarako txartela eskuratu zuten. Zientzia eta teknologiarako ikasleen motibazioa lortzea da Lego etxearen asmo nagusia, “eta esan dezakegu gure kasuan behintzat lortu dutela”, adierazi digu Beñatek.

Arizmendi ikastolako taldea buru belarri dabil lanean, otsailaren 27an Derion jokatuko den txapelketa berrirako robota prestatzen, eta hobekuntzak ezartzen.  Beñat Irazabalek esan digunez, ikasleek bikain erantzun diote lehiaketari eta oso lan ona egin dute. “Robotaren misioak medikuntza arlora egokitu behar dira, eta medikuntzan ohikoak diren ekintzak egiten jakin behar du guk sortutako robotak. Hautsitako hezur bati torlojua jartzen jakin behar du, medikamentuak banatzen, bihotzean balbula bat jartzen eta horrelako operazioak egin behar ditu. Gure ikasleek sekulako lana egin dute, eta ordu asko eskaini dizkiote proiektuari”.

Ikasleen lan itzela

Ikasleek egindako lana itzela izan da, eta jakin dute robot oso eraginkor bat sortzen. “Lego Leagueko kanporaketa bakoitzean 400 puntu egoten dira jokoan eta gure robotak entrenamenduetan gehienez 290 eskuratu zituen. Gurearen aldean, bazeuden robot askoz ikusgarriagoak eta aurreikuspenen arabera gurea baino hobeak zirenak, baina guk sortutakoa oso praktikoa izan zen. Lau eginbehar eman genizkion, eta lauak bikain bete zituen bi minutu eta erdian irauten duen kanporaketan”. Otsailaren amaieran jokatuko den txapelketarako inongo aurreikuspenik gabe doazela adierazi digu Irazabalek, soilik ondo pasatzeko asmoarekin joango dira Deriora.

Talde orekatua

Pozik dago Irazabal proiektu honetan parte hartzen ari den ikasle taldearekin. “Oso orekatua da, baditugu ingeniariak, ameslariak, erabat praktikoak direnak… guztien artean sekulako talde orekatua sortu dugu, eta pasioz ari dira bizitzen Firs lego league txapelketa”. Era berean, Arizmendi ikastolako ikasleek Ikerlanen laguntza izan dute proiektu honetan. “Elkarlana existitu izan da batez ere ikasleen artean, oso zintzo ibili dira, baina euren artean arazoak ere izan ditugu. Ikerlanekin ere elkar harremanetan izan gara, eta Ikerlaneko langile bat gure proiektuarekin erabat inplikatu da”.

Egunero egunero elkartzen dira taldea osatzen duten ikasleak jolasaldietan Gazteluondo eremuko laboratorioan. “Hobekuntzak egin nahi dizkiogu robotari, eta misioen sekuentzia, zein robotaren egitekoak zehaztu nahi ditugu eta abiadura irabazi nahi dugu”. Edozelan ere Irazabalek behin eta berriro azpimarratu nahi izan digunez, garrantzitsuena ondo pasatzea izango da, eta inongo itxaropenik gabe joatea “klabea izango da”.

Prototype taldea gogoan

Arizmendi ikastolakoak Leintz Gatzagako Prototype taldearekin aritu dira elkarlanean, eta gatzagarrek gaztetasun saria eskuratu zuten Euskadiko txapelketan eta, horren ordainetan Espainiakoan ere izango dira. “Oso harreman ona izan dugu Leintz Gatzagako taldeko kideekin eta oso onak dira. Guraso eta seme alabek osatzen dute taldea eta asko gustatuko litzaiguke Espainiako txapelketan eurek ere lan borobila egitea”.


Bideoak


+ Bideo gehiago

Papereko edizioa
Jarraitu twitterren
LagunAro

Iradokizunak

iradokizunak