Orbea etxearen txirrindularitza jantzia jaso du Andoni Garciak

Tulankide.com agerkari digitaleko jarraitzaile izateagatik saria jaso du Andoni Garcia arrasatearrak. Iragan azaroa eta abenduan gure webgunean abian jarritako zozketaren irabazle suertatu zen gazte mondragoetarra eta gaur eman dio saria TU lankideko zuzendari Javier Marcosek.
Card image cap
Andoni Garcia eta Javier Marcos gaur MONDRAGONeko zentro korporatiboan.
2013/01/11

Andoni Garcia 20 urteko gazte mondragoetarrak irabazi du Orbea txirrindularitza taldearen maillota eta kulotea. Tulankide.com agerkari digitaleko jarraitzaile egiteagatik, ehundik gora lagunek parte hartu zuten zozketan, guztiek ere MONDRAGON korporazioko kooperatibetako langileak edo MUko ikasleak. Eta guztien artean, arrasatear gaztea suertatu zen zorioneko. Andonik gaur goizean jaso du saria, TU lankideko zuzendari den Javier Marcosen eskutik.

Goi Eskola Politeknikoko ikaslea

Andoni Garcia Goi Eskola Politeknikoko ikaslea da, Elektronikako Modulua egiten ari da Arrasaten. Bere afizioen artean bizikletan ibiltzea oso gogoko du, eta 2012an 'Quebrantahuesos' martxa zikloturista famatuan parte hartu zuen aurrenekoz. Aurten, berriz, beste irteera batzuetan parte hartzeko asmoa du, "eta gustura eramango dut Orbeako traje berria".