2017-12-16T10:06:04+01:00

Tresna pertsonalak

TUlankide MONDRAGON

Nimble Bee industria-diseinuko nazioarteko lehiaketaren finalisten artean

2017/01/16

Mundu osoko 43 proiektu aurkeztu dituzte guztira, eta azken fasean horietatik hamar hautatu dituzte finalerako. Horietako bi Mondragon Unibertsitateko Industria Diseinuko eta Produktu Garapeneko Ingeniaritza graduko ikasleek landutakoak dira.
Nimble Bee industria-diseinuko nazioarteko lehiaketaren finalisten artean

Mondragon Unibertsitateko Industria Diseinuko eta Produktu Garapeneko Ingeniaritza graduko ikasleek egindako bi proiektu Nimble Bee nazioarteko diseinu lehiaketako hamar finalisten artean daude. Mundu osoko unibertsitateetan gazteek sektoreko benetako proiektuetan oinarrituta jorratzen duten I+Ga ezagutzera ematea da lehiaketaren xedea. Erabiltzaileek eta enpresek plataforma birtual baten bidez egiten dituzten ekarpenekin hobetzen dituzte ikasleek Industria-diseinuko proiektuok. Nimble Bee lehiaketa urtean birritan egiten dute, udaberrian eta udazkenean. Ontzi-garbigailuetarako detergente-pastillak diseinatzea da aurtengo erronka. IMG_0114 OK

Mondragon Unibertsitateak honako proiektuak aurkeztu ditu:

  • Aroma Concept, egilea: Víctor Perez Muñoz. Pastillak lore-forma du. Produktua naturarekin lotu nahi du, ekologiarekin zerikusia duten ezaugarriak nabarmenduta. Halaber, premium alderdia azpimarratu du, usainaren/aromaren bitartez. Epaimahaiaren ustez ezaugarri horiek emaitza onak izan ditzakete.
  • Shuriken, egileak: Ioritz Hontecillas & Iratxe Goñi. Detergente-pastillari izar-forma eman diote goiko eta beheko aldeetan, eta aukera berritzaile eta futurista hori garrantzitsua izan da proiektua hautatua izateko. Indarra eta energia transmititzen dituen produktuaren forma eta ikusgarritasuna ematen dion kolore gorri/magenta balioetsi ditu epaimahaiak.

Lehenago ere emaitza onak lortu dituzte Mondragon Unibertsitateko Diseinu Graduko ikasleek nazioarteko lehiaketa honetan. Goi Eskola Politeknikoko ikasleak sarritan egoten dira irabazleen artean, are gehiago, aurreko hiru edizioak irabazi dituzte. 

Sektoreko benetako proiektuetan oinarrituta jorratzen duten I+Ga ezagutzera ematea da lehiaketaren xede

McBride enpresa norbere zaintzarako eta etxerako produktuen ekoizlea da, jatorri britainiarrekoa. Aurtengo helburua McBride enpresarentzako (http://www.mcbride.co.uk/) ontzi-garbigailuetarako detergente-pastillak diseinatzea izan da. McBridek 680 milioi libera esterlina fakturatzen ditu, 14 ekoizpen-lantegi ditu Europan eta liderra da marka zuriko produktuak edo banatzaile-markakoak (private label) fabrikatzen. 

Nazioarteko lehiaketa

Mundu osoko 30 unibertsitatetako 43 proiektu aurkeztu dituzte guztira edizio honetara, eta horietatik 10 aukeratu ditu finalerako McBride enpresako adituen epaimahaiak. Txina, Mexiko, AEB, Frantzia eta Poloniako unibertsitateetako ikasleek hartu dute parte, besteak beste. Lehiaketan partaide diren talde guztiek proiektu bera landu behar izaten dute. Edizio honetan, McBride enpresarentzat ontzi-garbigailuetarako detergente-pastillak diseinatzeko erronka proposatu diete.

Lehiaketaren hurrengo fasean, finalistek erabiltzaile/kontsumitzaileen eta epaimahaikideen feed-backa jasoko dute. Finalistek ekarpen horiek erabili ahal izango dituzte beren proiektuak zehazteko. 2017ko otsailaren erdira aldera emango dute irabazleen berri, eta 3.000, 2.000 eta 1.000 euroko sariak jasoko dituzte, hurrenez hurren.


Bideoak


+ Bideo gehiago

Papereko edizioa
Jarraitu twitterren
LagunAro

Iradokizunak

iradokizunak