2017-08-18T12:47:30+02:00

Tresna pertsonalak

TUlankide MONDRAGON

MONDRAGONeko industri kooperatibak ia 1.000 enplegu gehiagorekin hazi ziren 2014an

2015/07/14

Korporazioko kooperatibek, oro har, 74.117 langile dituzte, eta joan den urtean salmentak 11.000 milioi euro ingurura hurbildu ziren eta guztira 345 milioi euro inbertitu ziren. Horrez gain, nazioartekotzeko prozesuak aurrera jarraitzen du, eta dagoeneko 125 filial produktibo ditu atzerrian, aurreko urtean baino 3 gehiago. Korporazioko lehendakari Javier Sotilek konfiantza du “Korporazioak 2015ean azken ekitaldiko erritmoa mantenduko duela enplegua sortzeari dagokionez”.

MONDRAGON Korporazioak konfiantza dakarten emaitza positiboekin amaitu zuen 2014. urtea. Enplegu maila mantentzea lortu du, guztira 74.117 pertsona ari baitziren taldea osatzen duten kooperatibetan (urte bat lehenago baino %0,1 gehiago). Zehazki, industri kooperatibak nabarmentzen dira, oro har aurreko ekitaldian baino 957 enplegu gehiagorekin amaitu baitzuten urtea (657 barne merkatuan eta 300 atzerrian).

Urtean zehar areagotu egin da Fagor Etxetresna Elektrikoen krisiak eragindako bazkideentzat irtenbideak bilatzeko kudeaketa. Gaur-gaurkoz, guztira 1.700 bazkideri eman zaie irtenbidea, erretiro eta aurretiko erretiroen bitartez, eta, batez ere, taldeko beste kooperatiba batzuetan bazkideak birkokatuz.

Termino bateratuetan, MONDRAGON Korporazioa osatzen duten enpresa eta kooperatibak 10.985 milioi eurora iritsi ziren salmentetan (aurreko urtean baino %1,4 gutxiago). Inbertsio zifra nabarmentzen da, aurreko urtean 345 milioi eurora iritsi baitzen oro har. Ebitda bateratua 1.168 milioi eurora iritsi zen, hau da, salmenten bolumenaren %10,6.

Magnitude horiek, eta aurtengo lehen seihilekoak erakutsitako portaera onak konfiantza eta baikortasuna dakarte Korporaziora, nazioartekotze maila altuari esker eta bere jarduera eremuetan berrikuntzaren alde egiten ari den apustuari esker.

Industria sasoian

Banaketa, Finantza ea Ezagutzaren arloetan emaitzak aurkeztu ondoren, orain Industria Arloaren balantzea jakin da. MONDRAGONeko kooperatiba industrialek 31.736 langileko plantilla bati eman zion okupazioa, eta 2014aren amaieran fakturazio totala 4.754 milioi euro izan zen, eta emaitzak 191 milioi euro (aurreko urtean baino %80 hobeto). Gainera, aurreko urtean 247 milioi euro inbertitu ziren industri kooperatibetan.

Nazioartekotzearen aldeko apustuaren ondorioz, atzerriko merkatuetako salmentak dagoeneko industri arloaren %71 dira. Ildo horretan, aurreko urtean ezarpen berriak egin ziren hainbat herrialdetan, hala nola Txina, India, Estatu Batu, Mexiko eta Brasilen, eta, ondorioz, dagoeneko 125 filial produktibo daude atzerrian (aurreko urtean baino hiru gehiago).

Halaber, industriaren eremuan merkatu nazionala suspertzen ari dela egiaztatu da, izan ere, azken urteetan lehendabiziko aldiz, salmentak handitu egin dira aurreko ekitaldiarekiko (%1,7), 1.400 milioira iristeraino.

MONDRAGONek berrikuntzaren alde egin duela Ezagutzaren Arloan ikusten da argi eta garbi, ekitaldian 145 milioi euro inbertitu baitira I+Gan, hau da, %8,93 balio erantsiarekiko, eta %3,07 guztizko salmentekiko.  Arlo hori osatzen duten 15 erakundeek 1.700 pertsona enplegatzen dituzte. Horrez gain, produktu eta zerbitzu berrien salmentak 620 milioi eurora iritsi ziren, salmenta zifra osoaren %13.

Datu esanguratsua da MONDRAGONek indarrean dauzkan patente familien kopurua. Guztira 479 familia dira, hau da, Euskal Autonomia Erkidego osoko %25. Korporazioak Europako 30 I+G lankidetza programatan baino gehiagotan dihardu. Gainera, MANUKET Espainiako Fabrikazio Aurreratuko Plataforma Teknologikoa gidatzen du, zeinak integratu egiten dituen fabrikazio aurreratua eta etorkizuneko teknologiak: material aurreratuak, bioteknologia, fotonika, mikro-elektronika eta nanoteknologiak.

Banaketa Arloa da oraindik ere taldearen barruan enplegu gehien ematen duena. Guztira 38.686 pertsonak lan egiten dute arlo horretan, eta aurreko urtean 6.231 milioi euroren salmentak egin zituen, orain dela bi urte baino %1,9 gutxiago. 80 milioiko inbertsio batekin, hein handi batean Eroskiren plataforma logistikoaren automatizazioa bideratu delarik, emaitzek azkenean 280 milioi euroren balantze negatiboarekin amaitu dute, horniduretara 256 milioi bideratu direlarik. 2014an Eroskirentzat funtsezko alderdia izan zen bankuen berregituraketa finantzarioa egiteko akordioa, horrek bere horizonte finantzarioa argitzen baitu, eta aukera ematen baitio bere negozio planaren garapenean zentratzeko. Gainera, merkataritzako berrikuntzari ematen zaion “2014ko Euskal Merkataritza Saria” jaso zuen, “Zurekin” denda ereduagatik; denda eredu horren xedea da bezeroari  tratu pertsonalizatuagoa ematea, bertako produktuak eta sasoiko freskoak eskaintzea, elikadura osasungarria sustatzea eta aurrezteko modu berriak eskaintzea.

Azkenik, Finantzen Arloan, urtearen amaieran bilakaera positiboa zuen, bai kaudimen ratioetan bai likidezia eta berankortasunean. Arlo horretan 109,2 milioi euroren irabaziak lortu ziren, hau da, %24,6ko igoera nabarmena. Aurreko urtean 175 milioi euro lortu ziren primetan, aseguruen sektoreko batez besteko baino hazkunde handiagoekin. Halaber, LagunAro EPSVko ondare fondoa 5.566 milioira iritsi da 2014aren itxieran, aurreko urtean baino %6,93 gehiago.

Etorkizunari buruzko hausnarketa

Javier Sotil Korporazioko Kontseilu Orokorreko lehendakariak konfiantzazko mezua helarazi du etorkizunari begira. “Kudeatzeko eta berritzeko ahalmenak negozio lehiakorrak sustatzeko, konpromiso kolektiboak eta kooperatiben arteko elkartasunak aurrerantz bultzatuko gaituzte”, adierazi du presidenteak.

Sotilek azaldu duen nahia da 2014 “inflexio puntua izatea ekonomia suspertzeko etapa berri baterantz, batez ere ekonomia europarrari, espainiarrari eta euskaldunari dagokionez”, eta konfiantza erakutsi du Korporazioak enplegua sortzearren arloan azken ekitaldiko erritmoa mantenduko duela.


Bideoak


+ Bideo gehiago

Papereko edizioa
Jarraitu twitterren
LagunAro

Bazkideentzat promozioak

fagor-promo

Iradokizunak

iradokizunak