Mondragon Unibertsitateak 'Lehen Mundu Gerra Eskualduna astekarian' liburua aurkeztu du

Eneko Bidegain da liburuaren autorea, Mondragon Unibertsitateko irakaslea. Liburua, Eusko Ikaskuntza eta Mondragon Unibertsitatearen artean duten hitzarmenari esker argitaratu da. Zehazki, Eusko Ikaskuntzaren Iker bildumaren 30. zenbakia da.
Card image cap
Aurkezpenean, Eneko Bidegain autorea eta Euskaltzaindia eta Mondragon Unibertsitateko ordezkariak izan ziren.
2014/04/16

Liburuaren aurkezpena bi erakundeotako ordezkariek egin zuten: Andres Urrutia euskaltzainburua; Iosu Zabala Mondragon Unibertsitateko errektorea; Eneko Bidegain, liburuak oinarria duen doktore tesiaren egilea; eta Josu Chueca tesi horren zuzendaria.

MU-Euskaltzaindia

2012an, Eneko Bidegainek aurkeztutako doktore tesiaren bertsio ukitua eta laburtua da Lehen Mundu Gerra “Eskualduna” astekarian. Bi tesi zuzendari izan zituen: Xarles Videgain (Bordaux 3 – Michel de Montaigne Unibertsitatea) eta Josu Chueca (Euskal Herriko Unibertsitatea).

Tesiaren helburua hau da: duela mende bat, Ipar Euskal Herrian ondorio ikaragarriak izan zituen Lehen Mundu Gerran (1914-1918), zein eragin izan zuen Eskualduna astekariak ikertzea; hots, euskaldunek Lehen Mundu Gerran parte hartzeari begira, zein izan zen astekariaren jarrera.

Milaka euskaldun joan ziren gerrara, eta 6.000 inguru hil ziren. Giza hondamendiaz gain, ondorio politikoak ere izan zituen, gerra hura izan baitzen Frantziako nazio eraikuntzaren funtsezko fasea.

Gizartea frantsesteko prozesuan

Eskualduna Ipar Euskal Herriko aldizkari eta egunkarien artean zabalduena zen. Gerra garaian, 7.000 alez gora saltzen zituen. Eskualduna astekariak gertakari hari buruz idatzi zituen artikulu nagusien edukien azterketa egin da tesi honetan. Hipotesi nagusia ondoko hau zen: astekariak parte hartu zuela, gerraren harira, Ipar Euskal Herriko gizartea frantsesteko prozesuan. Eta galderak hauek:  zergatik parte hartu zuen, nola, eta zertarako?

Astekaria ez ezik, testuinguru politiko eta diplomatikoa ere ikertu du Bidegainek.

Lehen Mundu Gerra nola eta zein girotan lehertu zen ere azaldu du xeheki. Hain zuzen, Bidegainek arreta berezia jarri du XIX. mende bukaerako nazionalismoen iratzartzean eta Frantziak bizi zuen nortasun krisian, 1870eko gerra galdu ondoren. Ikerketa lan honek esplikatzen du Ipar Euskal Herrian, Frantziaren esku zeuden beste hainbat lekutan bezala, “aberri txikiaren eta aberri handiaren” kontzeptua errotu zutela, eta jendea prestatu zutela, bai fisikoki, bai psikologikoki, noizbait Alemaniaren kontrako gerra egiteko eta irabazteko. Gerraren kontakizun laburrarekin batera, indar berezia egin du gerra hark Euskal Herrian nolako eragina izan zuen kontatzeko, bai eta Euskal Herrian nola bizi izan zen ere.

Ikerketaren ondorio nagusia da Eskualduna-k parte hartu zuela Ipar Euskal Herriko gizartearen frantsestean. Egileak hainbat arrazoi aipatzen du: “batetik, Frantziako eztabaida politikoaren baitan sortu zelako; bigarrenik, Ipar Euskal Herrian euskal abertzaletasunik ez zelako garatu XIX. mende bukaeran, eta, alderantziz frantses nazioaren errotze politika handia bizi izan zuelako; hirugarrenik, giro horretan, gerra lehertu zenean, Frantziako eztabaida politikoak izoztu eta batasun sakratua egin zelako; eta azkenik, informazioa lortzeko mugak eta zabaltzeko askatasun murrizketak gertatu zirelako”.

Eneko Bidegainek esan bezala, “Eskualduna gerlaren logikan sartu zen Frantziaren alde, gerlaren erantzukizun guztia Alemaniaren gain ezarriz eta Frantziak irabaziko zuelako segurtamena beti azpimarratuz. Ororen buru, Eskualduna-k frantses jarrera abertzalea erakutsi zuen eta gerla borondatez egiten zelako mezua zabaldu zuen. Hiru nortasunen arteko hiruki bat ageri zen Eskualduna astekarian: euskaldun izatea, fededun izatea eta frantses izatea nortasun beraren ezaugarriak ziren, astekari horren arabera. Euskal nortasuna erlijioaren babes gisa erabiliz, euskaldunak frantsesak zirela azpimarratuz eta frantsesak fededunak zirela goraipatuz, gerlan zehar Frantziaren alde etengabe zabaldu zuen mezuarekin, Eskualduna-k Ipar Euskal Herriko euskaldunak frantses sentiarazten parte hartu zuen”.

Eneko Bidegain

Eneko Bidegain (Baiona, 1975) Mondragon Unibertsitateko irakaslea da Ikus-entzunezko komunikazioko graduan, eta Hezikom ikerketa taldeko kide.

Euskaldunon Egunkaria eta Berria egunkarietako kazetari lanetan aritu zen Baionako ordezkaritzan. Ordezkaritza horretako arduradun izan zen 2001etik 2009ra. Idazlea da, Anbroxio eta Mahatsaren Begia eleberriak, eta  Iparretarrak, erakunde politiko armatu baten historia eta Gerla Handia, muga sakona saioak idatzi ditu, besteak beste. Bertsolari txapelketetako epaile lanak betetzen ditu.

Irakaskuntza unibertsitate zentroa