2017-10-23T17:10:34+02:00

Tresna pertsonalak

TUlankide MONDRAGON

Mondragon Unibertsitateak Industria Diseinuko Master bat jarri du martxan Bilbon

2014/05/05

Mondragon Unibertsitatea Bizkaiko 25 enpresarekin bildu da Industria Diseinuko graduondoko ikasleek izan behar dituzten profilari eta gaitasunei buruz hitz egiteko.
Mondragon Unibertsitateak Industria Diseinuko Master bat jarri du martxan Bilbon

Enpresen benetako beharrei erantzungo dieten titulazioak eskaintzea ez da askotan entzuten den esaldia. Mondragon Unibertsitatearen kasuan, esaldiak zentzu berezia hartzen du. Unibertsitateak bi urteko iraupena izango duen Produktu eta Zerbitzuen Diseinu Estrategikoari buruzko Master bat abiaraziko du irailean, Bilbon. Estatuan aitzindaria den master bat da eta Arrasateko Campusean lau urte daramatza dagoeneko. Orain, unibertsitateak Bizkaiko enpresek prestakuntza horren inguruan duten iritzia ezagutu nahi izan du, horien premiak lehen eskutik ezagutu eta ikaslearen profila nahiz horiek izan behar dituzten gaitasunak behar bezala definitzeko.

Bizkaiko 25 enpresa horiekin bildu ostean, masterraren arduradunek enpresa horien premietara eta errealitatera egokituko dute eskaintza akademikoa.

Diseinu estrategikoaren bitartez produktu eta zerbitzu berriak sustatzeko eta sortzeko gai izango diren profesionalak prestatzea da helburua, enpresekin lan eginez, nazioarteko unibertsitate eta erakundeekin lankidetzan jardunez, eta diseinuaren esparruko profesionalez osaturiko laguntzaile-sare baten bitartez.

Profila

Bizkaiko enpresek ikuspegi sortzailea eta lan egiteko modu berriak eskain ditzaketen pertsonak bilatzen dituztela helarazi diote Mondragon Unibertsitateari. Gainera, diseinu-erremintak berrikuntzan aplikatzearen alde daude, horrela, eskaintzeko produktu eta zerbitzu berriak identifikatu ahal izateko. Enpresak eta horien errealitateak oso desberdinak dira, eta beraz, profilak enpresa bakoitzaren premia zehatzetara egokitu beharko du. Horrela, profil profesionala ez da produktuaren garapenean eta diseinuan bakarrik oinarrituko, eta horixe da, hain zuzen, profilaren alderdirik erakargarriena, hark zeharkakotasun handiagoa izango baitu profilaren ezagutzei dagokienez, diseinuaren diziplina produktu eta zerbitzu berrien garapenerako berrikuntza-tresna gisa erabiliz. Honako hauek dira profilaren gaitasun esanguratsuenak: bezeroan oinarritutako balio-proposamenak egitea, negozio-aukerak produktuetan eta zerbitzuetan islatzea, eta bezeroarekin baterako diseinuaren prozesuak bideratzea. Hori dela-eta, erakundeek masterraren diziplina anitzeko izaera sostengatzen dute, eta bertan, Ingeniaritza, Arkitektura eta Enpresa Zientzietako gradudunek elkarrekin lan egin ahal izango dute.

Gaitasunak

Era berean, enpresek Masterraren edukiari dagokionez dituzten premiak adierazi dituzte. Horien iritziz, hark lurraldeko enpresetara egokituta egon behar du, epe luzerako ikuspegia izango duen diseinuaren izaera estrategikoari balioa eman behar dio, eta ohiko enpresei diseinuaren pentsamendua negozio, produktu eta zerbitzu berrietarako erreminta gisa erabil dezatela konbentzitzeko gai izango diren pertsonak prestatu behar ditu. Horrenbestez, eta profesionalaren profilari dagokionez, ikasleek honako gaitasun hauek izan beharko lituzketela uste dute enpresek:

  • Nazioarteko ikuspegi globala. Kultura desberdinetara egokitzeko eta modu globalean lan egiteko gai izan behar dute, beste unibertsitate batzuekin baterako proiektuak eginez. Eta jakina, tituludunek ingeles-maila altua izan behar dute.
  • Talde-lana. Enpresek garrantzia handia ematen diote profil profesionalaren taldean lan egiteko gaitasunari.
  • Negozio-ikuspegia. Bezeroaren benetako premietara egokituko den eta finantza eta kostuen arloko alderdiak kontuan hartuko dituen profil bat behar dute, proiektuaren edo produktu-zerbitzuaren proposamenaren bideragarritasuna bermatzeko gai izango dena.
  • Ikuspuntu eta lan-metodo berriak. Enpresei sormena eta ikuspuntu berriak eskainiko dizkieten lan-metodo berriak sustatzeko gai izango diren pertsonak behar dituzte, diseinu-prozesuen kontrol eta ezagutza metodologikoa izango dutenak.
  • Enpresa-estrategiarekin eta marka-estrategiarekin koherentzia. Ikasleak marka-estrategiarekin lotutako alderdiak lantzeko eta marka-balioak eta enpresa-estrategia diseinatutako produktuen eta zerbitzuen bitartez helarazteko gai izan behar du.
  • Enpresarekin eta bezeroarekin lankidetzan aritzeko gaitasuna. Enpresarekin eta erabiltzailearekin lankidetzan aritzeko gai izan behar du, proiektuaren garapena haren itxaropen eta premien arabera birbideratu eta egokitu ahal izateko. Horrez gain, bezeroekin nahiz hornitzaileekin hizketan hasteko gai izan behar du.
  • Merkatu-orientazioa. Profilak enpresak barne hartu nahi dituen merkatuak aztertzeko eta merkatu lehiakorrenen baldintzak identifikatzeko nahiz balio-proposamena egokitzeko gai izan behar du.
  • Jarduera berrien trakzio-motorra. Enpresaren barneko diseinuan jarduteko eta aldaketa bideratzeko trakzio-gaitasuna izan behar du.

Masterra

Mondragon Unibertsitateak irailean hasiko den Masterrean izena emateko epea ireki du dagoeneko.

Hura ingeniaritzaren eta arkitekturaren adarrera atxikitako tituludun guztiek nahiz enpresaren zuzendaritza eta administrazioko, Lidergo Ekintzaile eta Berrikuntzako, eta Marketineko gradudunek egin ahal izango dute. Bi urteko iraupena izango du -bigarren urtean, ikasleek master-amaierako lan bat egin beharko dute tokiko edo atzerriko enpresa batean- eta Bilbao Faktoria Berrikuntzan eskainiko da, gaztelaniaz eta ingelesez. Gainera, industria-diseinuaren esparruan nazioarteko garrantzia duten txostengileek parte hartuko dute.

Ezaugarri hauetako master bakarra da Estatuan. Lehen seihilekoa produktuaren diseinu eta garapen aurreratuan oinarrituko da, eta bigarren seihilekoa, aldiz, produktuaren eta zerbitzuaren diseinu estrategikoan. Bigarren urtean, ikasleek master-amaierako lan bat egingo dute tokiko edo atzerriko enpresa batean.

DBZ-Diseinu Berrikuntza Zentroa

Mondragon Unibertsitateak Diseinu Berrikuntza Zentro bat du (DBZ). Hark Estatuko erreferente bihurtu nahi du industria-diseinuari dagokionez, eta diseinuaren aldeko apustua egiten du enpresei lehiakorragoak eta berritzaileagoak izaten lagunduko dieten produktu eta zerbitzu berritzaileen garapenerako giltza gisa. Zentroak unibertsitateak eskaintzen dituen industria-diseinuaren esparruko jarduera guztiak hartzen ditu barne, arlo akademikoan nahiz ikerkuntzaren eta transferentziaren arloan.

Mondragon Unibertsitatea Industria Diseinuan Ingeniaritza Teknikoa ezarri zuen Euskadiko lehen unibertsitatea izan zen 1997. urtean. 15 urte hauetan zehar, I+G+b proiektuak sustatu ditu bere ekodiseinu- eta diseinu-gelen bitartez, horrela, enpresei beren produktuak eta zerbitzuak balio erantsi handiagoarekin garatzen laguntzeko. Horiek guztiak zentro berrian daude orain.


Bideoak


+ Bideo gehiago

Papereko edizioa
Jarraitu twitterren
LagunAro

Bazkideentzat promozioak

fagor-promo

Iradokizunak

iradokizunak