2017-08-21T16:04:52+02:00

Tresna pertsonalak

TUlankide MONDRAGON

Mondragon Unibertsitateak eskaintza akademikoa areagotu du

2017/03/28

4.0 industria sortzea; talentua erakarri, atxiki eta garatzea; osasun-arloko ingeniaritzak; eta ikus-entzunezko industriaren berrikuntza dira, besteak beste, unibertsitateak hurrengo urtetik aurrera garatuko dituen profilak.

Industriak eta enpresek oro har eskatzen dituzten premiei erantzuteko, Mondragon Unibertsitateak eskaintza akademiko bat diseinatu du, hurrengo ikasturtetik aurrera abian jartzeko. Eskaintza horretan, profil horien prestakuntza erantsi du, beste titulu batzuen artean; horrela, enpresek hauteman eta eskatutako premiei erantzungo die.

TITULU OFIZIALAK

  • 4.0 industria eta ingeniaritzak. Goi Eskola Politeknikoa
Graduari esker, ikasleek diziplina anitzeko profila bereganatuko dute, eta mekanikari, kudeaketari, elektronikari, informatikari eta industria-automatizazioari buruzko ezagutza-eremuak konbinatuko dituzte.

Enpresen eta adituen arabera, profil teknikoen premia oso handia da momentu honetan, prestakuntza-zikloetan nahiz graduetan eta masterretan. Datuak ikusi besterik ez dago. Mondragon Unibertsitateko Goi Eskola Politeknikoko zuzendari Carlos Garcíak dioenez, “datu interesgarri bat eskaintzearren, esan daiteke langabezia-tasa % 7koa dela profil horietan graduatzen direnen artean, eta batez besteko langabezia-tasa % 16koa dela beste titulu batzuetan”. Eta are gehiago, “Euskadin profil tekniko horiek dituzten profesionalak falta dira enpresetan lan egiteko”.

Gabezia horri erantzuteko, unibertsitateak premia horiek oso gertutik aztertuko dituen titulu bat jarriko du abian hurrengo urtean: Mekatronikako Ingeniaritza Gradua (baita ofiziala ez den beste titulu propio bat ere:  Industria Automatizazioko Masterra). Titulu horrek “Internet Industriaren” edo, bestela esanda, 4.0 industriaren premiei erantzungo die.

Mekatronikako Ingeniaritza Gradua titulu bakar batean hiru ezagutza-eremu barne hartzen dituen Euskadiko lehen titulua da. Izan ere, hiru ezagutza-eremu horiek modu bereizian irakasten ziren orain arte, enpresetan premia komunak izan arren: makinaren mekanika, elektronika eta informatika. Hortaz, 4.0 industria-arloan oso prestakuntza-premia garrantzitsua estaliko du Euskadin.  Titulua goi-mailako prestakuntza-zikloetako ikasleei eta batxilergoko ikasleei bideratuta dago, baina batzuek eta besteek ibilbide desberdinak izango dituzte. Hala, prestakuntza-zikloetatik datozen ikasleek 3 urteko goi-mailako gradua egingo dute, aldez aurreko ikasketetan bereganatutako eskumenekin ikasturte bateko baliokidetasuna izango baitute, eta batxilergoko ikasleek 4 urtetan egin beharko dute gradua.

Titulua prestakuntza dualaren eredupean garatuko da; hortaz, graduatzen diren pertsonen profilera zehaztutako eskumenak ikasgelako prestakuntza eta enpresako praktikak konbinatuz garatu eta bereganatuko dira, enpresan lanaldi erdian jardunez hirugarren urtetik aurrera. Goi Mailako Prestakuntza Zikloetatik datozen ikasleek, lehen bi seihilekoetan, unibertsitatean bakarrik gauzatuko dute prestakuntza. Hurrengo hiru seihilekoetan, ikasleek aldi berean gauzatuko dituzte unibertsitateko eta enpresako egonaldiak; enpresan, tutore akademiko baten eta enpresako aholkulari baten ikuskapenarekin, graduatuaren profilean zehaztutako eskumenak bereganatzeko helburuarekin lan egingo dute. Azken seihileko osoa enpresan egingo dute, gradu amaierako proiektua prestatzen.

  • Teknologia Biomedikoetako Unibertsitate Masterra. Goi Eskola Politeknikoa

Mondragon Unibertsitateko Goi Eskola Politeknikoak hurrengo ikasturtean martxan jarriko duen bigarren titulu ofiziala Teknologia Biomedikoetako Unibertsitate Masterra da. Haren bitartez, ikasleek are gehiago sakondu ahal izango dituzte biomedikuntzaren esparrura aplikatutako ingeniaritza-ezagutzak. Diagnostikorako eta tratamendurako hainbat gailu mediko diseinatzeko, garatzeko, berritzeko eta mantentzeko gai izango diren adituen profila osatzea izango da masterraren helburua, horiek gero eta ohikoagoak baitira osasun-inguruneetan.

Master horretan, ikaskuntza proiektu zehatzetan oinarritzen da, eta ikasleek beren ibilbidea pertsonalizatzeko aukera izango dute, gehien interesatzen zaizkien teknologien arabera. Ikasleek garatutako proiektuek −enpresek eskatuta− urtebete iraungo dute, eta bigarren ikasturtean Master Amaierako Lan gisa garatzen jarraitu ahal izango duten produktu edo zerbitzu bat izango dute emaitza. Gainera, ikaskuntza-bidaiak egingo dituzte masterreko seihileko bakoitzean, sektoreko ospitaleetan eta enpresetan egonaldiak egiteko.

  • Industria Ingeniaritzako Unibertsitate Masterra, “Industria Elektronikaren” espezialitatean. Goi Eskola Politeknikoa

Industria Ingeniaritzako Unibertsitate Masterraren espezialitate berria da “Industria Elektronika”. Industria Ingeniaritzako Masterra Arrasaten eta Orona-Ideon eskaintzen da, eta hiru espezializazio-aukera eskaintzen ditu: Egituren Mekanika; Materialak eta Prozesuak; eta Industria Elektronika. Azken espezialitate hori guztiz berria da eta lehen aldiz eskainiko da, Orona-Ideo campusean.

 

  • Talentuaren Kudeaketa Masterra. Enpresagintza Fakultatea
Pertsonak kudeatzeko eredu berriak giza baliabideen berezko kudeaketa administratiboa eta pertsonen zuzendaritza estrategikoa hartuko ditu barne.

Hurrengo ikasturtetik aurrera, Mondragon Unibertsitatearen eskaintza Talentuaren Kudeaketa Estrategikoko Master Ofizialarekin osatuko da. Master hori  Enpresagintza Fakultatean eskainiko da.  Giza taldeak kudeatzeko modua aldatzen ari da erakundeetan, eta kudeaketa-eredu berriek erdigunean jartzen dituzte pertsonak, merkatuko elementu bereizgarri eta lehiakortasunerako faktore gisa. 

Testuinguru horretan jaio da Kudeaketa Estrategikoko Masterra unibertsitatean. Haren helburua izango da erakundeetan pertsonak garatzeko proiektu estrategikoak diseinatzeko, ezartzeko eta kudeatzeko beharrezko eskumenak eskaintzea. Rol berriak lidergo-gaitasunak sustatu behar ditu, ikuspegi estrategikoa eta negoziorako ikuspegia izan behar ditu, eta kudeaketa-eredu eta joera egokiak zein diren jakin behar du.

Masterraren barnean, ikaskuntza-bidaiak egingo dira Bartzelonara eta Madrilera, talentuaren eta pertsonen kudeaketaren esparruko erakunde eta enpresa aurreratuen errealitateak ezagutzera; horrez gain, benetako esperientzia praktiko bat egingo da enpresa/erakunde batean, iraupen luzeko egonaldi baten bitartez, praktikak garatu eta master-amaierako proiektua egiteko; eta garapen pertsonala egingo da, titulu osoan zehar coaching profesional baten laguntzarekin.

TITULU PROPIOAK

  • Industria Automatizazioko Masterra. Goi Eskola Politeknikoa

Bestalde, Industria Automatizazioko Masterra titulu propioa da; haren bitartez, enpresek gero eta gehiago eskatzen dituzten profilen eskaerarekin oso lerrokatuta dagoen titulu bat diseinatzearen aldeko apustua egin du unibertsitateak; izan ere, enpresek Industria Automatizazioaren elementu desberdinak txertatu ahal izateko beharrezko ezagutzak eta gaitasun praktikoak dituzten profilak behar dituzte. Tituluak urtebete iraungo du eta ordaindutako praktikak izango ditu lehen egunetik. Haren bitartez, makinen diseinua, garapena eta mantenua, prozesu industrialak, muntaketak eta mantenua barne hartuko dituen profila estaliko da. Masterrak industria-enpresa handien lankidetza izango du; beraz, ikasleek horietan egin ahal izango dituzte beren praktikak.

Ikus-entzunezko Berrikuntzako Master Profesionala. Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultatea

Ikus-entzunezko Berrikuntzako Master Profesionala aurrez aurre eskainiko da, urritik uztailera, Bilbao Berrikuntza Faktorian, alegia unibertsitateak ikasketarako, berrikuntzarako eta ekintzailetzarako duen ekosisteman.

Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateak beste graduondo bat gehituko dio bere eskaintza akademikoari, ikus-entzunezko industriak garapen digitalaren eraginez azken hamarkadetan izan duen garapenari eta berrikuntzari erantzuteko. Graduondoa gaztelaniaz emango da eta haren helburua pertsonak prestatzea izango da, ikus-entzunezko berrikuntza digitala hainbat ikuspegitatik menperatzeko gai izan daitezen. Horrela, negozio-aukera berriak eragingo dituzten ikus-entzunezko proiektu digital berrien sorrera, finantziazioa, kudeaketa edo garapena landuko dira.


Bideoak


+ Bideo gehiago

Papereko edizioa
Jarraitu twitterren
LagunAro

Bazkideentzat promozioak

fagor-promo

Iradokizunak

iradokizunak