2017-12-18T00:11:37+01:00

Tresna pertsonalak

TUlankide MONDRAGON

Mondragon Unibertsitateak bat egin du Japoniako Teknologia Jasangarrien gaineko Unibertsitate Globaleko proiektuarekin

2015/01/22

Nagaokako Unibertsitate Teknologikoak buru duen munduko bikaintasun-campus berritzaileko proiektuan bat egin duen lehen euskal zentroa da Mondragon Unibertsitateako Goi Eskola Politeknikoa. Izan ere, lehen ikasleak urteko bigarren seihilekoan abiatuko dira Japoniara.
Mondragon Unibertsitateak bat egin du Japoniako Teknologia Jasangarrien gaineko Unibertsitate Globaleko proiektuarekin

Mondragon Unibertsitatea eta Nagaokako Unibertsitateko ordezkariek akordioa sinatu zuten, Arrasaten egin zuten bilera batean.

Urtarrilaren 20 eta 21en Japoniako ikertzaileen ordezkaritza bat Euskadin izango da ikasle-truke iraunkorrerako programa honen lehen fasea abiarazteko. Japonia eta Euskadiren artean sortu den gisa honetako lehen ekimena da, irispide luzekoa. Nagaokako Unibertsitateko ordezkariek Mondragon Unibertsitatearen egoitza bisitatu dute eta beste zenbait euskal unibertsitaterekin harremanak izan dituzte beren parte hartzea zehazteko.

BC3 (Basque Centre for Climate Change) eta Japoniako Nagaoka Unibertsitate Teknologikoa dira ekimenaren bultzagileak eta horren bidez "Unibertsitate Globala" abiatuko da 10 urteko epean, ikasle eta ikertzaileen nazioarteko mugikortasuna errazteko eta teknologia jasangarrien arloan enpresa txiki eta ertainen nazioarteko presentzia indartzeko.

Truke-eredu hau Japoniako gobernuaren ekimen estrategikoa da, mundu mailan bikaintasun-campusa abiaraztea da bere helburua, harreman iraunkorrak sortuta hainbat herrirekin, hala nola, Alemania, Hego Afrika, Vietnam edo Mexiko.

Egindako aurreikuspenen arabera, 10 urteko epean proiektua erabat burututa egongo da eta urtero 900 ikasle hartuko ditu.

Programa oso-osorik finantzatuko du Japoniako gobernuak, berariaz esleitutako fondoei esker.

Urtero Mondragon Unibertsitateko Goi Eskola Politeknikoko ikasle-talde bat (hasieran 3 eta 10 ikasle artean) baliatu ahal izango dira aukeraz, Japoniako enpresekin truke-proiektuetan parte hartu eta Nagaoka-ko Unibertsitate Teknologikoan egonaldiak izateko. Modu berean, Japoniako ikasleak Arrasaten egin ahal izango dituzte antzeko egonaldiak. Japoniako ordezkarien bisitan akordioa izenpetu dute bi aldeek; lehen ikasleak urteko bigarren seihilekoan zehar hasi ahal izango dira truke-esperientzia garatzen Japonian.

Lehen fasean, programak fakultate hauetako gradu ikasleak hartuko ditu, eta bere irismena zabaldu ahala, doktoreak eta ikertzaileak ere baliatu ahal izango dira aukeraz.

Akordioa aurrera eraman ahal izan da BC3-ren lan-taldeari esker, buruan Ikerbasque Irakaslea eta Ramón y Cajal ikertzailea den Sérgio Henrique Faria dagoelarik. bizkaia:talent.erakundearen laguntza bereziki azpimarratzekoa da; Bizkaiko Foru Aldundiak sustatutako elkartea da bizkaia:talent eta bere helburua da zientzia, teknologia eta enpresa arloetan goi-mailako kualifikazioa duten pertsonak Bizkaia eta Euskadira erakartzea eta bertan geratu edo bertara lotzea. Bere aldetik, Sergio Henrique Faria programa Euskadin ez ezik Europa osoan ere koordinatzeko izendatu dute. 

Nazioarteko bikaintasun-sarea etengabe hazten ari den ikerketa-arloan

Teknologia Jasangarriek (Green Technologies) etengabe eraldatzen ari diren ezagutza zientifikoak hartzen dituzte bere baitan, ingurumenaren oreka, eraginkortasuna eta baliabideen zentzuzko erabilera oinarri dituen ekonomia-eredua bultzatzeko xedea dutenak. Beren helburua da ingurumen zientzietariko bat edo gehiago aplikatzea, ingurumena behatzea eta ingurumena zein baliabide naturalak monitorizatzeko, ereduak sortzeko eta kontserbatzeko gailu eta metodologiak garatzea, giza interbentzioaren eragin negatiboak gelditzearekin batera.

2017. urtetik hona, ingurumen eta baliabideen eraginkortasunerako teknologien munduko merkatuak urteko batez besteko %11,8ko hazkundea izan du, eta gaur egun duten balioa 2,2 bilioi eurokoa dela estimatzen da. 2025. urtean balio hori 4,4 bilioi eurokoa izango dela aurreikusi da.

Euskadin Teknologia Jasangarrien arloan diharduten ikertzaile eta profesionalen harrobia handia da. Halaber, horrek sortuko dituen aukera berriak baliatu ahal izango dituen enpresa-ehuna ere oso garrantzitsua da. Hain zuzen ere, ikerketa-lerro zientifiko eta teknologiko hauek lehentasun eta espezializazio-fokuen artean ezarri ditu berriki abiatu den 2020 Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako Euskal Planak. Plan berak nabarmentzen duenez, bestalde, oso garrantzitsua da bertako gaitasunak nazioarteratzea eta lehentasunezkoak diren jardun-esparruetan harreman iraunkorrak sortzea erreferenteak diren herriekin.


Bideoak


+ Bideo gehiago

Papereko edizioa
Jarraitu twitterren
LagunAro

Iradokizunak

iradokizunak