TUlankide MONDRAGON

MU eta IK4-Ikerlanen arteko hitzarmena, ikertzaileek tesiak unibertsitatean egiteko

2012/01/30
Hitzarmenaren helburua da bi erakundeen artean epe luzerako ikerketa bultzatzea. Horretarako, lankidetza-esparru egonkorra sortuko dute, IK4-Ikerlaneko doktore-tesiak Mondragon Unibertsitatean egin daitezen.

Mondragon Unibertsitateko Goi Eskola Politeknikoak eta  IK4-Ikerlan Teknologia Zentroak lankidetza-hitzarmena sinatu dute bi erakundeen arteko lankidetza-estrategia sendotzeko xedez. Orain arte, lankidetza hori komunikazioen eta potentzia-elektronikaren sektoreetara mugatu da.

Hitzarmenaren helburu zehatza da IK4-Ikerlaneko ikertzaileek beren doktore-tesiak Mondragon Unibertsitatean egitea, unibertsitateko ikertzaileek lagunduta. Mondragon Unibertsitateko Goi Eskola Politeknikoko zuzendari Vicente Atxak eta IK4-Ikerlan Teknologia Zentroko zuzendari nagusi Javier Mendigutxiak sinatu dute hitzarmena.

2015erako Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza 2015 Plan (ZTBP 2015) onartu berriaren arabera, Euskal Autonomia Erkidegoaren lehiakortasunerako ardatz nagusietako bat goi-mailako prestakuntza indartzea da, eta, zehazkiago, doktore kopurua handitzea. Ildo horretan, 2015erako, graduatu berrien %1,4 doktore izatea proposatzen da. Horrela, gaur egungo kopurua %50 handituko litzateke. Bestalde, doktore horietako asko enpresa-ehunean txertatzea ere lortu nahi du Planak, euskal enpresek lehiakortasuna irabaz dezaten.

Tesiak egitea

Ildo horretan, bai Mondragon Unibertsitateak bai IK4-Ikerlanek enpresen premietatik gertu dagoen ikerketa, baina, aldi berean, ezagutza berrien garapena aurreratuko duena bultzatzen dute. Zentzu horretan, bi erakundeen iritziz, doktore-tesiak bultzatzea funtsezko tresna izango da ezagutza hori garatzeko. Gainera, estrategia hori bat dator ZTBP 2015ek aurreikusitako helburuetako batekin, hau da, Euskadi talentuaren gune aurreratua izateko helburuarekin.

Hitzarmenaren helburu nagusiak honako hauek dira:

  • doktore-tesien inguruko baterako ikerketa bultzatzea,
  • IK4-Ikerlaneko ikertzaileek beren tesiak Mondragon Unibertsitatean egiteko aukera gehiago izatea
  • eta tesiok teknologia-zentroan garatzeko baldintzak finkatzea.

Mondragon Unibertsitatearen eta IK4-Ikerlanen arteko hitzarmenaren esparrua 2011ko Errege Dekretu bat da. Horren arabera, doktoretza-programek  I+G+b sektorean diharduten beste erakunde publiko edo pribatu batzuen laguntza izan dezakete.

MU eta IK4-Ikerlanen arteko hitzarmena, ikertzaileek tesiak unibertsitatean egiteko

Mondragon Unibertsitateko Goi Eskola Politeknikoko zuzendari Vicente Atxa eta IK4-Ikerlan Teknologia Zentroko zuzendari nagusi Javier Mendigutxia.

Enpresak

Ikerlan

Ikerketa zentro teknologikoa

http://www.ikerlan.com/

Mondragon Unibertsitatea

Irakaskuntza unibertsitate zentroa

http://www.mondragon.edu

Papereko edizioa

Jarrai gaitzazu

Eposta

RSS
flickr
youtube