TUlankide MONDRAGON

MONDRAGON-ek EAE-ko enplegu osoaren %3,4 eta industri enpleguaren %8,3 sortu zuen 2010ean

2011/12/28
2010ean MONDRAGON Korporazioak bere kooperatiba eta elkarte partaidetuetan batez beste enplegatu zituen 83.859 lanpostuetatik, 31.794 lanpostuk Euskal Autonomia Erkidegoaren eremuan gauzatu zuten beren jarduera, eta 4.018k Nafarroan.

EAE osoko 2010eko ekonomiari buruz Eustatek argitaratutako datuak erreferentziatzat hartuta, Korporazioko 31.794 langileak erkidegoko enplegu osoaren %3,4 izan ziren. Nafarroan, berriz, Foru Erkidegoko enplegu osoaren %1,5 izan ziren.

Industri sektorea bakarrik hartuta, MONDRAGONen garrantzia areagotu egiten da, bere industri enpresek sektorean duten enpleguaren portzentajea %8,3 izan baitzen EAEn, eta %2,0 Nafarroan. Korporazioak Gipuzkoan dauka industri presentziarik handiena eta, bertan, portzentajea industri enpleguaren %14,7ra ere iritsi zen, hau da, Gipuzkoako fabriketako 7 langiletik batek MONDRAGONeko industri enpresetan lan egin zuen 20010ean.

Industriakoak ez diren sektoreetan, enplegu kooperatiboaren garapenaren protagonista nagusiak dira Euskadiko Kutxa, finantzen sektorean, eta Eroski, banaketaren sektorean. Bi erakundeek zabalkunde handia dute EAEn eta Nafarroan, eta 2010ean bi erkidegoetan 11.115 langileri eman zieten lana. Zifra hori 15.818 lanpostura igotzen da, Euskadiko Kutxako eta Eroskiko langileei finantzen eta banaketaren sektoreetan diharduten MONDRAGONeko gainerako kooperatiba eta elkarteetako langileak gehitzen bazaizkie.

Korporazioaren jarduera guztiak kontuan hartuta, 2010eko amaieran, MONDRAGON Gipuzkoako lehenengo enplegatzaile pribatua zen, 17.565 zuzeneko enplegurekin, baita Bizkaikoa ere, 11.498 enplegurekin, eta Nafarroan bigarrena, 4.018rekin, eta Araban hirugarrena, 2.731 enplegurekin.

Zuzeneko enpleguaz gain, 2010ean Korporazioak garatutako jarduerak 14.000 lanpostuko enplegu induzitua sortu zuen EAEn, Korporazioko enpresek bertako enpresa hornitzaileei eskatutako ondasunen eta zerbitzuen bitartez.