2017-10-22T05:03:19+02:00

Tresna pertsonalak

TUlankide MONDRAGON

Mondragon Assemblyk bi kontratu berri lortu ditu, 11 milioi euro baino gehiagoko balioarekin

2012/05/09

Automatizazio eta robotikako soluzioetan diharduen Aretxabaletako Mondragon Assembly kooperatibak bi eskari lortu berri ditu, 11 milioi euro baino gehiagoko balioarekin. Asia Erdialdean lehena, eguzki panel edo moduluak egiteko; bigarrena, berriz, Lituanian, giltza eskura erako planta bat egiteko, baita ere aipatu sektore horretan, baina integrazio arkitektonikora zuzenduta.
Mondragon Assemblyk bi kontratu berri lortu ditu, 11 milioi euro baino gehiagoko balioarekin

Bi proiektuek eduki teknologiko eta berritzaile handia dute, eta enpresaren gipuzkoarraren nazioarteko proiekzioa berresten dute, 2011n nazioarteko salmentak bere negozio zifraren %80 baino gehiago izan baitziren. Gainera, Mondragon Assemblyk Europa Ekialdeko merkatu horietan egiten duen lehenengo sarrera da.

Bi proiektuetarako ekipamenduak Mondragon Assemblyk Aretxabaletan duen lantegian egingo dira eta, horrenbestez, kooperatibaren enplegua finkatzen eta inguruneko tailer laguntzaileen jarduera handitzen lagunduko dute. Halaber, helmugan balio erantsiko enplegua sortzeko laguntza erabakigarria ere emango dute.

Asia Erdialdea

Kasu honetan, Mondragon Assemblyk, Frantziako etxe garrantzitsu batekin lankidetzan, eguzki zelula eta moduluen fabrikazio globalerako lantegi bat hornituko du. Proiektua 2013ko hasierako hilabeteetan egongo da operatibo, eta bere baitan hartzen ditu eguzki zelula eta panelen fabrikazioa, eta 50 Mw fabrikatzeko ahalmena izango du, hau da, urtean 215.000 panelen parekoa. Ingurune geografiko horretan lehendabiziko panel fabrika izango da eta, aldi berean, kooperatibak merkatu horretan izango duen lehendabiziko proiektu handia.

Lituania

Lituaniako eskaera, berriz, herrialde baltikoetan CD eta DVDak fabrikatzen dituen talderik handieneko kidea den Vis Solis enpresaren bitartez lortu da, eta aurrekoaren antzeko neurrikoa da. Bere berezitasuna da Mondragon Assemblyren teknologia aplikatzen dela, kasu honetan eguzki zelulak gerora eraikinak egiteko erabili ahal izango diren kristalezko paneletan integratuta baitaude. Proiektua mundu mailako nobedadea da, kristalaren ezaugarriengatik, egindako moduluen neurri, lodiera eta osaeragatik eta fabrikazio prozesuetan erabilitako teknologiagatik; hain zuzen ere, horien integrazio arkitektonikoa gorantz doan sektorea dela hautematen da. Fabrika Lituaniako hiriburua den Vilniusen eraikiko da.

Dagoeneko martxan dauden bi proiektu horiekin, Mondragon Assemblyk bere markak gainditzea lortuko du, bai atzipenari dagokionez, bai salmentei dagokienez, eta ekitaldiaren amaieran 36 milioi euroko fakturazio errekorrera iritsiko da.

Lankidetza hitzarmena Tecnaliarekin

Horrez gain, Mondragon Assemblyk eta Tecnaliak lankidetza hitzarmen bat izenpetu berri dute elkarrekin modulu fotovoltaikoen fabrikazio sistema eta prozesu berriak garatzeko eta kalitatea kontrolatzeko.

Bi erakundeek landuko dituzten teknologiak dira robotak, ikusmenerako sistema aurreratuak, soldadura sistema automatizatuak kontrolerako begiztekin, karakterizazio sistemak eta moduluen neurketa.


Bideoak


+ Bideo gehiago

Papereko edizioa
Jarraitu twitterren
LagunAro

Bazkideentzat promozioak

fagor-promo

Iradokizunak

iradokizunak