2017-12-16T10:16:59+01:00

Tresna pertsonalak

TUlankide MONDRAGON

LEINN gradua Shangain garatzeko hitzarmena sinatu dute

2016/06/17

Hitzarmenari esker, Mondragon Unibertsitateak bultzaturiko Mondragon Team Academy (MTA) nazioarteko ekintzailetza-sareak Shangain emango du Lidergo Ekintzaile eta Berrikuntza gradua.
LEINN gradua Shangain garatzeko hitzarmena sinatu dute

Mondragon Team Academyk (MTA), Mondragon Unibertsitatearen barruan 2008an sortutako nazioarteko ekintzailetza-sareak, sortu zeneko 8. urteurrena beteko du gaur. Hori dela-eta, aurrerapauso bat eman du nazioartean ezartzeko eta bere ekintzailetza- eta berrikuntza-eredua zabaltzeko apustuan.

Helburu horrekin, ekintzailetza-sare horrek lankidetza-hitzarmena sinatuko du gaur Txinako unibertsitate batekin, Shangai International Universityrekin (SISU), LEINN hezkuntza-proiektua, Lidergo Ekintzaile eta Berrikuntzako gradua, Shangain ere emateko. Gradu hori aitzindaria da Estatuan, eta munduko zenbait hiritan ematen du dagoeneko Mondragon Unibertsitateak.

Hala, hitzarmenaren arabera, SISUko ikasle txinatarrek Mondragon Team Academyko LEINN gradua ikasi ahal izango dute. Graduak, Europa osoan aitzindaria denak, ekintzailetzaren balioak bultzatu eta ikasle gazteei txertatzeko helburua du. Horretarako, erabiltzen duen hezkuntza-proiektuak erabat hausten ditu hazkuntzako estandar tradizionalak.

Hitzarmen hori mugarri garrantzitsua izango da Mondragon Team Academy nazioarteko ekintzailetza-sarearentzat. Gainera, gaur MTAren 8. urteurrena izanik, hamabi herrialdetako 300 lagun etorri dira Oñatira, nazioarteko sare osoaren izenean.  Gonbidatu horiek parte hartuko dute ospakizun-ekitaldietan eta aurtengo 40 ikasleren graduazioan. LEINNeko hirugarren belaunaldia osatzen dute horiek.

 

Presentación MTA Shangai

Eredu tradizionala haustea

Mondragon Team Academyren helburua taldean ekitea da, balio kooperatiboak oinarri hartuta eta ikaskuntza aktiboaren bidez, “eginez ikastea”, alegia. Horretarako,Mondragon Unibertsitateak bultzaturiko nazioarteko sare horrek hezkuntza-berrikuntzako hiru programa ditu: LEINN gradua, MINN Masterra (Barne-ekintzailetzako eta Berrikuntza irekiko Nazioarteko Masterra) eta TEAMINN Masterra (Talde Ekintzaileen Trebatzaileak Prestatzeko Masterra).

Zehazki, gaur Shangaiko Nazioarteko Unibertsitatearekin sinaturiko hitzarmenari esker, Txinako hiri hartan ezarriko den LEINN graduaren eredua hiru zutabe horietan oinarrituta dago. Eredu horren arabera, ikasleak berak dira gidariak euren irakatsi eta ikasteko prozesuan.

Hala, irakasten duen irakaslea desagertu eta ikasten duen ikaslea agertzen da; irakaslearen ordez “coach-a” dago, ikasleari prozesu osoan lagundu eta autoikaskuntzaren bidean gidatzen duena, haren zalantzak argituz. Eredu horretan, ohiko ebaluazioak eta ikasketa tradizionalek bidea ematen diote laneko lehen esperientzia errealari: enpresa bat kudeatzeari. Izan ere, LEINNeko ikasleek benetako konpainia bat jarri behar dute martxan, eta horrek benetako bezeroak, fakturazioa eta helburuak izan behar ditu. Horregatik, azterketa eta notetan oinarritutako ebaluazioaren ordez, ikasleek fakturazioari lotutako helburuak bete eta bezeroak bisitatu behar dituzte. Enpresak porrot egiten badu, prozesuak porrot egingo du eta ikasleek ez dituzte eskatutako emaitzak gaindituko. Gainera, gradu horretan, nazioarteko esperientzia ezinbestekoa da ikasteko prozesuan. Horregatik, karrerak irauten duen lau urteetan, ikasleek “ekintzailetza-bidaia" deritzenak egin behar dituzte; horietan, hilabete bat edo bi eman behar dituzte atzerrian, Txinan, Indian, Finlandian eta Silicon Valleyn zer gertatzen den ikusi eta beren enpresa-proiektuak herrialde haietan garatu.

Balio horiek, funtsean, nagusi dira Mondragon Team Academyren beste bi hezkuntza-proiektuetan ere: Barne-ekintzailetzako Masterrean eta Trebatzaileak Prestatzeko Masterrean. LEINN bezala, horiek ere funtsezko ardatz batzuen inguruan egituratzen dira: eginez ikastea, taldean ikastea, pentsamolde globala eta hobekuntza eta lana sarean, besteak beste.

 

Datu batzuk

LEINNeko lehen graduatuek ikasketak amaitu eta hiru urtera (laneratzeari buruzko inkestetan adituek graduatuen laneratzeko datuak aztertzeko gomendatzen duten epealdia da), graduatuen % 94,7 lanean ari da, % 57,8k ekiten jarraitzen du eta % 32 barne-ekintzailetzan dabil. Datu horiekin kontrajarrita, Espainiako ekintzailetzari buruzko datuak oso ezberdinak dira: gazteen % 55 langabezian dago eta graduatuen % 0,3 bakarrik da ekintzailea.

Gaur egun, MTA 11 berrikuntza-laborategiz osatuta dago; horiei MTA Labs deitzen zaie eta tokian tokiko bazkide estrategikoek garatzen dute hiri bakoitzean. Laborategi horietan 983 ekintzaile daude  nazioarteko LEINN, MINN eta TEAMINN Master programak egiten. Hona hemen gaur egun dauden 11 MTA Lab guztiak: Irun, Oñati, Madril, Amsterdam, Bilbo, Bartzelona, Valentzia, Shangai, Pune, Queretaro eta Zaragoza (hiri horretan LEINN ematen hasiko da datorren urritik aurrera).

Ikasketa-plan honen arabera sortzen diren team-companien emaitza bikainek ospe ikusgarria lortu dute, ikasleek % 36 bere negozioa sortzen ari baita. Gaur egun, MTAk 983 talde-ekintzaile (teampreneurs) eta 73 talde-kooperatiba (team coop) ditu, belaunaldi, kultura, diziplina eta kokapen anitzekoak, berrikuntza sozialeko ekosistemetan (MTA Labs).


Bideoak


+ Bideo gehiago

Papereko edizioa
Jarraitu twitterren
LagunAro

Iradokizunak

iradokizunak