2017-10-21T14:14:37+02:00

Tresna pertsonalak

TUlankide MONDRAGON

LEINN bukatu duten 150 graduatuek 14 enpresa sortu dituzte eta horietan 75 pertsonek egiten dute lan

2017/05/26

Gradua egin duten lehen hiru promozioen datuen arabera, graduatuen % 94,7 lanean ari da, eta % 47 barne-ekintzailetzan dabil.
LEINN bukatu duten 150 graduatuek 14 enpresa sortu dituzte eta horietan 75 pertsonek egiten dute lan

Aitor Lizartza, LEINNeko coach, Miren Castilla, TZBZ-ko sortzailea; Ander Rozas, Baibako sortzailea, eta Lander Beloki, Enpresagintzako dekanoa.

Martxan jarri eta zortzi urte igaro ostean, mundu osoko 150 gaztek egin dute Mondragon Unibertsitateak 2009. urtetik eskaintzen duen Lidergo Ekintzailea eta Berrikuntza Gradua (LEINN), ekintzailetzarako, lidergorako eta berrikuntzarako ezagutzak biltzen dituen nazioarteko gradu bakarra. LEINN formulak sekulako arrakasta izan du, eta, horri esker, gradua mundu osoan zehar hedatu da, Mondragon Unibertsitateak Europan, Amerikan eta Asian dituen berrikuntzarako 10 laborategien bitartez —horietako 8tan garatzen da LEINN—.150 graduatuek 14 enpresa sortu dituzte proiektu ekintzaile berriekin. Horietan, 75 pertsona daude zuzenean inplikatuta (zuzeneko enplegurako ratio oso esanguratsua da hori).

LEINN efektua oso deigarria da, eta munduan zehar izan duen hedapena ezohiko fenomenoa da esparru akademikoan.

LEINN gradua Mondragon Unibertsitateko Enpresagintza Fakultatearen Irungo Campusean jarri zen martxan, 2009. urtean. Ordudanik, LEINN Oñatira, Bilbora, Madrilera, Bartzelonara, Valentziara, Zaragozara, Querétarora eta Shangaira hedatu da, ekimen berriak abiaraziz. Amsterdamen duela zenbait urte jarri zen martxan, gure berrikuntza- eta ekintzailetza-sarearen eskutik, eta, gaur egun, beren aldetik egiten dute lan). Oso titulu gutxi senti daitezke harro metxa esportatzaile hori izateagatik, unibertsitateko ekintzailetza-hazia eta MONDRAGON TEAM ACADEMY ekintzaileen komunitatea eta laborategi-sarea mundu osoan zehar zabaltzea lortzen ari baita. Sare hori 983 ekintzailek osatzen dute eta, LEINN eta MINN gisako programen bidez, 75 kooperatiba jarri dituzte martxan, ikaskuntzarako erreminta gisa (gradua ikasteko ezinbesteko tresna gisa).

Graduak arrakasta handiko zenbait osagai ditu, kontuan harturik, une honetan, herrialde batzuetan (Finlandian, esaterako), aberastasuna eta enpleguaren sorrera errazten duten ekintzailetza-mailak dituztela eta, beste batzuetan (Espainian, adibidez), ihes egiteko moduko maila baxuetara erori direla. Formularen oinarrian, balio kooperatiboetan eta espiritu ekintzaile berritzailean ardaztutako eredu bat dago.

LEINN graduak lortutako ospea haren emaitza bikainek bermatzen dute: ikasleen %36k bere negozioak sortzen ditu. LEINN gradua egin duten lehen hiru promozioen datuen arabera, graduatuen % 94,7 lanean ari da, eta % 47 barne-ekintzailetzan dabil. Horren aurrean, Espainiako ekintzailetzari buruzko datuak oso bestelakoak dira: gazteen % 43 langabezian dago eta graduatuen % 0,3 bakarrik da ekintzailea. Euskadin, berriz, % 24koa da langabezia.

Ekitearen erronka

Mondragon Unibertsitateko Enpresagintza Fakultateak urteak daramatza ekintzailetzaren arloa jorratzen, eta, ildo horretan, aitzindariak eta erabat berritzaileak diren titulazioak eskaintzen ditu, berrikuntza eta ekintzailetza bestelako ikuspegi eta metodologia batekin landuz. Lidergo Ekintzailea eta Berrikuntza Gradua (LEINN) hezkuntzara aplikatutako berrikuntzaren adibide bikaina da. Taldean lan eginez ikastearen metodologian oinarritutako gradua da, eta ikasleek eurek zehazten dute ikaskuntza-ibilbidea, zalantzak argitzen laguntzen dien talde ekintzaileko entrenatzaile batekin —lehengo irakaslea da, baina, orain, teamcoach-eginkizuna betetzen du). 


Bideoak


+ Bideo gehiago

Papereko edizioa
Jarraitu twitterren
LagunAro

Bazkideentzat promozioak

fagor-promo

Iradokizunak

iradokizunak