2017-08-17T13:47:15+02:00

Tresna pertsonalak

TUlankide MONDRAGON

Lea Artibai Ikastetxea, pausuz pausu unibertsitate eskaintza sendotzen

2011/03/08

Alex Arrillaga (Amoroto, 1979) Lea Artibai Ikastetxeko irakasle eta ikerlaria Doktore izendatu berri dute London Metropolitan Unibertsitatean, zazpi urteko lan mardul eta sendoaren ondoren. Modelling Vulcanization and Rheological Processes during Injection Moulding of Rubber Mixes using CAE izenburupean, kautxuaren injekzio prozesuaren simulazioan oinarritutako lana egin du. Tesiak ekarpen handia egin dio Lea Artibai Ikastetxeari, bai teknologi berrien garapenaren eta transferentziaren ikuspegitik, eta baita arlo akademikoan ikastetxeak unibertsitate eskaintza sendotu duelako ere.
Lea Artibai Ikastetxea, pausuz pausu unibertsitate eskaintza sendotzen

Alex Arrillaga.

Lea Artibai ikastetxeak harreman estua du eskualdeko enpresekin, zerbitzuak eta teknologia berriak eskaini eta enpresen beharrei erantzuten saiatzen da. Arlo akademikoan ingeniaritza ikasketak eta masterrak eskaintzen ditu, Azaro fundazioaren bitartez enpresa berriak promozionatzen saiatzen da eta Leartiker ikerketa zentroaren bidez, ikerkuntza bultzatzen ari da. Gaur egun proiektu sendoa denak 1993-94 ikasturtean du mugarri garrantzitsua Alex Arrillagaren esanetan. “Urte hartan ingeniaritza eskaintzen hasi zen ikastetxea, London Metropolitan University-koekin harremanetan jarri ondoren. Gero, 2003an bi pertsona hasi ginen tesia prestatzen, nik dagoeneko amaitu dut eta doktore izendatu naute eta nire lankideak aurten amaitzea espero dugu”. Lea Artibai ikastetxearen proiektuaren sendotze prozesu horretan ulertzen du Alexek bere tesia, ikastetxearentzat balio erantsi gisa. “Gainera hemendik sortutakoak izan gara, eta gure ekarpena egin nahi izan diogu horrela gure ikastetxeari”.

Zazpi urteko lana

Alex Arrillagak zazpi urteko lana egin du polimeroen eta injekzioaren arloan. “Ordenagailu bidezko kalkulu bitartez prozesu erreal batean gertatzen dena aurreikusi nahi izan dugu. Lanak bi ardatz nagusi izan ditu, simulazioa bera garatzea eta emaitzak datu esperimentalekin kontrastatzea, hobekuntzak eransteko”. Injekzioaren prozesua zera da; material konkretu bat hartu eta plastilina bat izango balitz moduan molde batera sartzea. Barruan tenperatura altuaren eraginez berotu eta gogortu egiten da pieza. “Prozesuak bi fase ditu, moldearen betetzea eta materialaren gogortzea, azken propietateak lortzeko, honi vulcanización esaten diogu gazteleraz. Eskura geneukan software-aren bitartez, prozesua simulatzeko aukera ematen zigun”, Horretarako, baina, materiala aurretik matematikoki definituta edukitzea ezinbestekoa zela adierazi digu Arrillagak.

Tesia bere osotasunean Lea Artibai Ikastetxean garatu da, hasierako dokumentazio lana izan ezik, “eta London Metropolitanen ere egin genuen estantzia txiki bat. Doktore tesietan oso garrantzitsua da jakitea beste ikerlari batzuek zer egin duten, eta horretarako Londonen izan ginen egonaldi batean, ondo dokumentatzen”. Bere lanarekin Alex Arrillagak zerbait berria eskaini nahi izan dio bere eskolari eta eskualde osoari. Era berean, artikuluak ere publikatu izan ditu nazioarteko hedabide espezializatuetan.

Ekarpena Ikastetxeari

Ikerlari eta irakasle bizkaitarrak argi dauka teknologia transferitzeko aukera duela orain Lea Artibai Ikastetxeak. Era berean, eskolak ikertzen eta maila goreneko eskaintza akademikoa ematen jarraitzeko doktoreak behar zituen eta zentzu beste pausu bat eman dute. “Lanbide Eskola txiki bat izatetik, Unibertsitate mailako hezkuntza eskaintzara igaro gara, eta irakasleen perfilaren eguneratzea beharrezkoa zen eta arlo horretatik doktore perfilak beharrezkoak ziren”, hori ere ekarpen handia izan da ikastetxearentzat.

Etorkizunean ildo horretan lanean segitzeko asmoa du Ikastetxeak eta egunotan protagonista izan den Alex Arrillagak. “Gaur egun 60 bat ikasle ditugu, asko gure eskualdekoak, baita Bilbo, Gasteiz eta beste zenbait tokitakoak ere. Gure helburua arlo akademikoan hazten jarraitzea da”, era berean teknologiaren transferentzia da Ikastetxearen misioetako bat, eta arlo horretan ere pausu garrantzitsua eman du Ikastetxeak.


Bideoak


+ Bideo gehiago

Papereko edizioa
Jarraitu twitterren
LagunAro

Bazkideentzat promozioak

fagor-promo

Iradokizunak

iradokizunak