Amaia Lariz: "Euskara planeko helburuetako bat da bileretako euskararen erabilera gehitzea"

2011/06/15

Zein da Konprenitzen ekimenaren helburua?
Konprenitu nahian hasi ziren lanean Fagor Etxetresnetako Egosketa Negozioko 5 kide. Negozioko Euskara Planeko helburuetako bat bileretako euskararen erabilera gehitzea da, eta helburu hori lortzeko bideetako bat bileretako kideek gutxieneko euskararen ulermen maila lortzea. Hala, 2009an euskararen ulermena lantzea erabaki zen negozioan.

Nortzuk hartzen dute parte?
Egosketa Negozioan hobekuntza taldeka egiten da lan, eta hobekuntza talde horietako bat aukeratu zen ausaz proba pilotua egiteko. Hobekuntza taldeko kideei proposamena egin zitzaien , eta gogo onez hartu zuten. Hobekuntza taldean euskara ulertzen ez zuten 5 kideak atseden orduetan euskararen ulermena lantzeko prest azaldu ziren.

Nola landu duzue ekimena?
Hasierako helburua bilerako gai bat euskaraz ulertzeko gai izatea izan zen. Hala, hilero bileretan lantzen zen gai bat aukeratu genuen, eta gai hori azaltzean behin eta berriro erabiltzen ziren hitzak eta esamoldeak aztertu genituen (ehunekoak, hilabeteak, mezu ezkorra emateko esaldiak edo mezu baikorra ematekoak…) areako gestoreak eta euskara teknikariak. Hitz eta esamolde horien ulermena lantzeko materiala sortu genuen, eta taldeko kideekin horiek lantzeari ekin genion.

Horrez gain, bileretan areako gestoreak euskaraz azaltzen zuen gaia idatziz ematen genien euskaraz eta gaztelaniaz euskara ulertzen ez zuten kideei. Poliki-poliki (eta kideek euskararen ulermena handitu zuten heinean) gaztelaniazko testua kentzen hasi ginen; baina, euskarazko esamoldeen alboan gaztelaniazko ordainak jartzen genituen. Gaur egun ere horrela egiten dugu.

Eta zer nolako emaitza lortu duzue?
Lehen urtean taldeko kideek positibotzat baloratu zuten ekimena, eta ekimenean parte hartu zuten 5 kideek aitortu zuten gai zehatz horren eduki nagusia ulertzeko gaitasuna lortu zutela. Dena den, orokortasunez gain zehaztasunak ere ulertu nahi zituztela adierazi ziguten. Beraz, hurrengo urtean horri ekin genion.

Gaur egun 9 hobekuntza taldetako kideekin lantzen da ulermena, eta guztira 10 kide dira laguntza hori behar dutenak. Kide horien ulermena handitzeaz gain, bileretako euskararen erabilera ere handitu da, eta horixe da gure azken helburua. Gai bat euskaraz lantzetik gaien erdia euskaraz lantzeari ekin zaio.

Ekimen hau abiarazi genuenetik ondorioztatu ahal izan dugu euskaraz egitea eta euskaraz ematea bezain garrantzitsua dela euskara ulertzeko prestasuna izatea, horrek ahalbidetzen baitu euskararen erabilera gehitzea.