2017-08-23T00:41:10+02:00

Tresna pertsonalak

Kolaborazioak

Otsailaren 20a, justizia sozialaren aldeko munduko eguna, Nazio Batuen arabera

2016/02/22

2007an, Nazio Batuen Batzar Nagusiak Justizia Sozialaren aldeko Munduko Eguna izendatu zuen otsailaren 20a. Hori dela eta, gaurko egunez eta hausnarketa honen bitartez, gogora ekarri nahi dugu Justizia Sozialaren aldeko Munduko Eguna ospatzeak esan nahi duela pobrezia desagerraraztea helburu duen lanari babesa ematea, enplegu osoa eta lan duina sustatzea, sexuen arteko berdintasunaren alde jardutea, ongizate soziala eskuratzeko bidean bultza egitea eta pertsona guztientzako justizia soziala sustatzea.

Hala, genero berdintasuna edo herri indigenen nahiz migratzaileen eskubideak sustatzen ditugunean, justizia sozialaren printzipioak defendatzen ari gara. Era berean, justizia soziala sustatzen ari gara genero, adin, arraza, etnia, erlijio, kultura nahiz desgaitasun arrazoiengatik pertsonak elkarren aurka jartzen dituzten hesiak ezabatzen ditugunean.

Hala ere, bizi garen mundu honek gogorarazten digunez, halako ideiak utopiko bihurtzeko eta hitzok edukiz husteko arriskua ere hor dago. Izan ere, errealitateak berak adierazten digunez, Siria ondoko herrialdeetan lau milioi errefuxiatu baino gehiago erregistratu dituzte. Horien artean, milioi bat baino gehiago gerrek eta egoera etsigarriek bultzatuta joan dira beren herrialdeetatik Europara bidean. Iaz, 3.771 pertsona hil ziren Mediterraneoa zeharkatu eta Europara iristeko ahaleginean.

Giza drama honen aurrean eta negoziazio luzeen ondoren, Europak, alde batetik, 160.000 asilo eskatzaile banatzea besterik ez du aurreikusi, eta, gaur egun arte, mekanismo horren onuradunak 497 errefuxiatu baino ez dira izan; bestetik, Turkiarekin negoziatu du Turkiak bere mugak itxi ditzan eta pertsona gehiago iristea galarazi dezan. Hori al da justizia soziala?

Bestalde, Oxfamek aurreko hilean argitaratu zuen txosten batean ohartarazi zuenez, munduko biztanle aberatsenek osatzen duten %1ek gainerako %99ak baino aberastasun gehiago dauka. Gainera, munduko aberastasunaren hazkundearen %50, 2000. urteaz geroztik, biztanle aberatsenek osatzen duten %1 horrek bereganatu du.

Errealitate honen aurrean, ekonomiako Nobel sariduna den Paul Krugmanek guk geuk golkoan darabilgun galdera horixe bera egin dio bere buruari oraintsu. Beharrezkoa al da hainbesterainoko desigualtasuna egotea? Sakon hausnartu ondoren, Krugmanek esaten du desigualtasuna saihestezina dela tamalez; ez ordea gaur egun dagoen muturreko desigualtasuna.

Mundukiden argi daukagu hazkunde ekonomiko hutsak ez duela berez garapena ekartzen. Justizia sozialik ez badago eta aberastasuna modu parekidean birbanatzen eta kontrolatzen ez bada, hazkundeak berekin ekarriko ditu bai desigualtasun sozialak bai baliabide naturalen harrapaketa. Hori dela eta, begirada globala galdu barik, Mundukidek tokiko eremuan jarduten du, giza garapen sostengagarriaren alde apustu eginez, pertsonen trebakuntzan, parte hartze aktiboan eta erakundeen nahiz kolektiboen autoantolaketan oinarritutako epe luzerako programei jarraituz.


Bideoak


+ Bideo gehiago

Papereko edizioa
Jarraitu twitterren
LagunAro

Bazkideentzat promozioak

fagor-promo

Iradokizunak

iradokizunak