2017-12-15T05:30:16+01:00

Tresna pertsonalak

Kolaborazioak

Ekimen ugari Euskararen Egunaren inguruan

2011/12/15

Aurten ere Euskararen Nazioarteko Egunak bere lekua izan du euskara plana abian duten Korporazioko enpresetan. Betiko legez, ekimen ugari egon dira, baina betiko itxaropena: ospatzeko egun bat izan dadila, eta euskara erabiltzeko egun guztiak izan daitezela balizkoak.

Askotariko ospakizunak antolatu eta oso era ezberdinean garatu dira: lantegira mugatuta, lantegitik harago joaz, inguruko lantegiekin lankidetzan arituz… Jarraian zerrendatu ditugu abenduaren 3an MONDRAGONeko kooperatiba askotan egin diren ekintza batzuk.

Danobatgroup Kooperatiba Taldeko Euskara Batzordeak, lantegiak kokatuta dauden herrietako ikastetxeekin elkarlanean, 6-12 urte arteko haurrei zuzendutako ariketa multzoa prestatu dizkiete. Helburua haurrei lana euskaraz egin daitekeela transmititzea izan da, eta bide batez, terminologia teknikoarekin jolasten hasteko aukera ematea.

Ariketekin batera kalibre itxurako boligrafoak banatu dira “Danobatgroup euskararekin” lelopean. Elgoibarko, Bergarako, Soraluzeko, Ispasterko eta Angiozarko ikastetxeetako haurrek hartu dute parte ekimenean. Ikastetxeetako haurrez gain, kooperatibetako langileen seme-alabek ere izan dute jokoan parte hartzeko aukera, eta lantegi batzuetan langileek beraiek ere parte hartu dute ariketak egiten. Guztira 2.000 parte hartzaile inguru. Ekimenetan esku hartu duten haur guztien artean 10 bizikleta zozketatuko dira.

Danobat kooperatiban "gaur dastatu, egunero gozatu" mezudun txokolatinak banatu ziren eta ordainean euskarazko hitzik politena idaztea eskatu zitzaien lankideei. Guggenheim museorako sarrerak ere zozketatu ziren. Elgoibarko kaleetan zehar kalejira egin ondoren, bertso afaria izan zuten elkarte baten.

Fagor Industrial kooperatiban, iazkoari eutsiz, euskararen erabileraren aldeko mezuak zabaldu ostean, Oñatiko elkarte baten bazkari batekin ospatu zuten.

Olandixoko gunean

Arrasateko Olandixo gunean dauden Euskadiko Kutxa, Ikerlan, Lagun Aro, Osarten eta Mondragon kooperatibek, azken lau urteetan bezala, elkarrekin ospatu dute. Oraingo honetan “Atera burbuilak euskarari! Usaindu Igurtzi Erabili Gozatu. Busti euskaraz!” mezua zeramaten xaboiak banatu zitzaizkien lankideei. Electra Vitoriak ere ideia horri heldu eta ekintza bera egin zuen.

LKS Ingeniaritzan “Berba Kuttunen bila” dinamika gauzatu dute: lankide bakoitzari berarentzako ederrena edo berezia den berba bat emateko eta zergatia azaltzeko aukera eman zitzaion.  Gainera, Donostia, Zamudio, Miñao eta Arrasateko bulegoetan hamarretakoa antolatu zuen; azken leku horretan, Garaian, eraikin berean dauden kooperatiba guztiek partekatu zuten ekimena: LKS Ingeniaritza,  LKS , Abantail eta ISEA.

Fagor Automationen ere hitz kuttunen bila aritu ziren Arrasate eta Eskoriatzako lantegietan. Lekukoa eskutik esku ibili ondoren, jasotako hitz bilduma lankide guztien eskura jarri zen.

Ederfil Becker, Hertell, Orkli eta Eredu bisera eta guzti mugitu dira. Kooperatiba horiek Goierri eskualdeko beste zenbait lantegirekin batera (Irizar, Ampo, Caf) INGUDEA izeneko Goierriko Lantegien Euskara Batzordea sortu dute elkarlanean aritzeko. Lehen urrats moduan, euskararen  egunerako ekintza bateratua antolatu zuten:  langile guztiek  “Euskara lanabes” leloa daraman bisera jantzita jardun dute egun arrakastatsua.

Fagor Etxetresna Elektrikoak, euskararen egunaren bueltan antolaturiko ekintzen artean, Jakoba Rekondoren hitzaldia izan zuten Garagartzan: 18:00etan ekin eta  21:30ean oraindik jendearen galderei erantzuten zebilen. Batek zioen bezala, badago bai laborari kasta lankideen artean. Bestalde, Eskoriatzako lantegian, txistorra-jana eta kafe-tertulia antolatu ziren. Txema koordinatzailearen esanetan, eguna, Jakobak esango zukeen moduan, zuztartuz doa.


Bideoak


+ Bideo gehiago

Papereko edizioa
Jarraitu twitterren
LagunAro

Iradokizunak

iradokizunak