2017-10-17T11:28:13+02:00

Tresna pertsonalak

Kolaborazioak

Arkitektura koop.

2017/01/09

Ba al dago arkitektura ikusteko, diseinatzeko eta burutzeko dimentsio kooperatiborik? Elkarlanak, lankidetzak, auzolanak … lan egiteko modu soila baino harago doan besterik jorratua dute, aberatsagoa eta konplexuagoa. Horren lekuko dugu gure kooperatiba mugimendua.

Horren ondorioz, eraldaketa sozialarekiko konpromisoa ez da hitz hutsa izan, bizi eta sentitu daitekeen zerbait dugu gure ingurumarian eta guregandik urrun dauden lurralde ugaritan. Baina, berriro harira etorrita, eta aurreko galderari segituz, gure kooperatiben eraikinak, horien kanpoko aldeak zein barruko espazioak, altzariak, estetika eta bestelako osagaiak ba al dira arkitektura kooperatiboaren adibide?   

Adimentsu izatea egoera bakoitzean erantzun aproposa ematea edota gizakiontzat baliagarri zaizkigun zerbitzuak edo produktuak sortzea eta ekoiztea omen da. Hori dio, behintzat, hezkuntza-gaietan aditu sonatua den H. Gardnerrek. Definizio horri tiraka arituz gero, “erantzun aproposa” delakoa bilatzean zenbait kontsiderazio kontuan hartu beharko ditugu: lortu nahi dudan helburua argi edukitzea, helburua nire identitatearekin lotuta egotea eta, bereziki, egiten dudana, praxia, helburuarekin eta identitatearekin bat etortzea. Horiek guztiak kontuan izanez, kooperatibok esan dezakegu bide bat egin dugula arkitektura propioari dagokionez? Alegia, ba al dugu gure identitateari, gure xedeari eta gure praxiari lotzen zaien erantzun arkitektonikorik?

Arizmendi arkitektura02

Zertan bereizten dira gureak kooperatiba ez diren enpresen eraikinekiko?

Ni ezezkoan nago. Nire lehen behaketa gure ikastetxeei egiten diedana da. Bai, irakaskuntza-eraikinak dira, jakina, baina beste eskola askoren antzekoak, aparteko berezitasunik gabekoak. Eta gauza bera behatu daiteke gainerako kooperatiba gehienen kasuan. Izan ere, batzuek beste batzuek baino itxura modernoagoa duten arren, zertan bereizten dira kooperatiba ez diren enpresen eraikinekiko? Batek zera esango du, arrazoi handiz, orain arte nahikoa buruhauste izan ditugula lehen obligazioa den enpresa proiektua aurrera ateratzen, horren osagai diren proiektu inter-kooperatiboak sustatzen eta bilatutako eraldaketa soziala aurkitzen. Eta, egia esan, horiek gure buruhausteak izaten jarraituko dute, noski, gure adimen mailaren adierazle diren zerbitzuak eta produktuak berrikuntzaren giza emaitza lehiakorra izan daitezen. Baina, kooperatibaren eraikinean ari garenok eta guregana datozenek lan egiteko moduan ez ezik egiteko modu horren espazio arkitektonikoan ere kooperatiboak garela bizi behar dugu eta sentitu behar dute.

“Egiteko modu horren espazio arkitektonikoan ere kooperatiboak garela bizi behar dugu eta sentitu behar dute”.

Bestelako enpresa-jardueretan sartu gabe, hezkuntza-eraikinetan ari garenok ezinbestekoa dugu berritzen ari garen heziketa kooperatiboa eta heziketa-mota horrek behar duen egokiera arkitektonikoa ikertzea eta gauzatzea. Beti ere, edonolako giza enpresetan bezala, baliabide ekonomikoen baitan, noski.

Haur Hezkuntzan Arizmendi Ikastolak bere saioa egina du Arrasateko Olarten, Uribarrin eta Umezaintzan, eta Aretxabaletako Basabeazpin. Egiten ari da Eskoriatzako Jose Aranan. Eta egingo du Arrasateko Santa Teresa berritzean. Baina, Lehen Hezkuntzakoak eta Bigarren

“Ikastola kooperatiboa ezer bada, eraldaketaren sozialari atxikia dagoen komunitatea baita”

Hezkuntzakoak gelditzen zaizkio. Batek baino gehiagok uste badu ikas gelen ordez beste ikas espazioez soilik ari garela, oker dago. MU-HUHEZI eta Arizmendi Ikastola bultzatzen ari garen HEZIKOOP proiektuak hartzen duen hezkuntza kooperatiboaren eredu berria lotuta dago eraikin osora, eta horren barruan zein kanpoan garatu nahi diren jarduera guztietara, hezkuntza formalekoak eta hezkuntza ez formalekoak: auzoarekin edota herriarekin lotutakoak, harrera-espazioak, otorduetakoak, atsedenekoak, kiroletakoak, aisialdikoak… Ikastola kooperatiboa ezer bada, eraldaketaren sozialari atxikia dagoen komunitatea baita.    

Arizmendi arkitektura01

On Jose Maria Arizmendiarrieta zenak omen zioen kooperatiba ez dela posible erronka bati aurre egiteko helburu bera batzen duen giza komunitaterik gabe. Euskal kooperatiben mugimenduak ondo baino hobeto erakutsia du identitatea, helburua eta praxia lotzen jakin duela, eta hobetu beharrekoak bistakoak izanez. Gizartean nabarmenki eragin dezakeen arkitektura propioa, kooperatiboa, batzen gaituen erronka dugu, geure kooperatibak beren identitatea, helburua eta praxia kanpo eta barne espazioetara, altzarietara eta errepresentazio mota guztietara eramateko.  


Bideoak


+ Bideo gehiago

Papereko edizioa
Jarraitu twitterren
LagunAro

Bazkideentzat promozioak

fagor-promo

Iradokizunak

iradokizunak