Abian da MONDRAGONen 2017-2020rako euskararen plan estrategiko korporatiboa

Abian da MONDRAGONen 2017-2020rako euskararen plan estrategiko korporatiboa

EuskaraLAN
Korporazioko Euskararen Mahai Teknikoak misiotzat hartu du Politika sozioenpresarialean Konpromisoa eta Nortasun kooperatiboa estrategia garatzeko puntuetako baten jasotakoa: Proaktiboki aurrera egitea hizkuntzaren normalizazioan, MONDRAGONen organo korporatiboetan onartutako oinarrien bidez.
2017/03/21

Horretarako hiru ildo estrategiko landuko dira ziklo estrategiko honetan:  jarraibide esparruan sakontzea, ezagutza partekatzea, eta baliabideak eta egitura kudeatzea.

Jarraibide esparruari dagokionez, Euskara Normalizatzeko Oinarriei (ENO) eutsiaz gain, erreferentziazko eredua landuko da. Horrela, batetik, kooperatibek bi urtez behin jarraituko dute betetzen ENOrekiko autoebaluazio ariketa; eta bestetik,  berariazko azterlanak garatuz eta iradokizun postontzia kudeatuz, kooperatiben hobetzekoak identifikatu eta garatzeko bideak landuko dira. Horretaz gain, normalizaziorako erreferentziazko eredua ere landuko da:  lehenik,  hizkuntza-normalkuntza definituko du Mahaiak,  eta, ondoren, normalizazio estadioari dagozkion atalak landu eta garatuko ditu, hala nola nazioartekotzea eta euskara, hizkuntza eskakizunak, kontratazioak, ikasleekiko jokaerak eta kudeaketa.

Bestalde, alde batetik, enpresa kulturari buruzko diagnostikoetan euskararen kudeaketak tartea izan dezan sustatuko da eta, bestetik,  euskara planik ez dutenengana ere joko da, MONDRAGONen jarraibideen eta euskara planen dinamiken berri emateko eta jauzi egiten laguntzeko.

MONDRAGON.Euskara batzordea

Gainera, ziklo estrategiko honen beste helburu nagusietako bat da MONDRAGONen izaera euskalduna zabaltzea: Korporazioan antolatutako ekitaldietan euskararen erabilera indartzea. kanpo agerraldietan euskararen aukera aztertzea eta erabilera lehenestea. Zentzu horretan soziolinguistika klusterraren “Jendaurrean erabili” egitasmoan parte hartzea aurreikusi du MONDRAGONek.       

Ezagutza partekatzeko ildoari dagokionez, batetik, Korporazioko euskara planen ezaugarriak jasotzen dituen bilduma eguneratuko da eta, bestetik, mintegiak eta topaketak antolatuko dira lehenesten diren gaiak lantzeko.

Kudeaketaren inguruan beste honako helburuak jaso dira: batetik, sustapen bideak garatzea ikasleek ikasketa amaierako lanak euskaraz egin ditzaten; elkarlana aintzat hartuta,  administrazioetako hizkuntza politika arduradunekin harremanetan aritzea (HPS eta  Euskarabidea); eta eustea komunikaziorako bideei (TU Lankide eta Euskara Koordinatzaileen Komunitatea), koordinazio-organoei (Euskara Batzordea eta Mahai Teknikoa) eta eskualdetako batzordeei (Goierri, Lea-Artibai, Nafarroa eta Araba)

Euskara Normalizatzeko Oinarriei buruzko autoebaluazioa

Bi urtez behin Korporazioko kooperatibei eskatzen zaie MONDRAGONen euskara normalizatzeko oinarrien (ENO) gainean autoebaluazioa egiteko. Autoebaluazioa galdetegi bidez egiten da. Ebaluatzen dena da  zenbaten betetzen diren ENOk jasotzen dituen politika bakoitza:  Prestakuntza politika, Promozio eta kontratazio politika, Irudi, harreman eta komunikazio politika, eta Hazkunde politika

Honako emaitzak jaso dira:

Euskara plana duten kooperatiben ENOren politikekiko betetze maila orokorra %50 izan da. Politikaz politika aztertuz gero, prestakuntzak jaso du betetze-maila altuena, %63; ondoren, promozio eta kontratazio politikak, %54; beherago, irudi, harreman eta komunikazio politikak, %43; eta, azkenik, hazkunde politikak, %37.

Prestakuntza politikari dagokionez, kooperatiben erdiak baino gehiagok (%55ek) euskara ikasteko aukera ematen die nahi duten lankide guztiei,  eta laurden batek (%26k) lankide batzuei eskatu ere egiten die. Azkenik,  %13k ezinbestean euskara ikasteko eskatzen die hala behar duten guztiei. Alabaina, badira prestakuntza irizpiderik ez dutenak, gutxi batzuk: %2k ez du ezer eta %4k, irizpideak ez izan arren, zerbait egiten dutela diote.

Prestakuntzarako baliabideei erreparatuta, gehienek (%70ek) enpresaren prestakuntza planean txertatuta dute euskararena. Horietako bi herenak ekonomikoki laguntzen die ala denbora aitortzen die ikasten dihardutenei eta heren batek denboraz zein diruz laguntzen du ikaslea.  Bestalde, euskara eskolak enpresako prestakuntza planean txertatu barik dutenen gehienek baliabideak bideratzen dutela aitortu dute.

Promozio eta kontratazio politikari dagokionez,  gehienek ez dituzte hizkuntza eskakizunik (%58). Bestalde, urtean bertan aplikatutako irizpideei erreparatuz gero, heren batek baino gehiagok (%36k) euskara kontuan hartu duela dio, %13k derrigorrezkotzat jo du kontratazioan, ia laurden batek (%21ek) derrigortasuna lanpostu batzuetarako aplikatu du eta %19k euskara guztientzat. Gutxi batzuk diote euskaraz ez dutela kontuan hartu urtean izandako kontratazio edo promozioetan.

Euskararen erabilerari dagokionez, irudian lortu euskarak emaitzarik hoberena, kooperatiben heren batek baino gutxiagotan baitu erdarak nagusitasuna.  Kanpo harremanetan, baina, ahoz zein idatziz, euskarak kooperatiben heren baten bakarrik du behintzat gaztelaniaren besteko erabilera. Ahozkoan gehienek (%35ek) ez dutela irizpiderik adierazi dute, baina euskarak baduela presentzia; aldiz, idatzizkoan, gehienek (%45ek) irizpidea badute, baina erdara da nagusi. Ostera, barne harremanetan euskararen erabileraren emaitza zerbait hobea da, kooperatiben laurden baten gaztelaniaren bestekoa presentzia baitu euskarak eta ia beste laurden baten gaztelania baino gehiago baita euskarazkoa.

Laugarren politikak hazkundea du hizpide: batetik, nazioartekotzeak kalterako eraginik izan ez dezan euskara normalkuntzan; bestetik, kooperatiba eragile izan dezan bere eraginpeko erekundeetan Oinarrien zabalkundea eginez. Emaitzetatik ondorioztatu da Euskal Herritik kanpo lantegiak dituztenen %52k  neurriak hartu dituztela oinarriok bermetzeko Euskal Herriko lantegietan. Haatik, zabalkunderi dagokionez, gehienek ez die Oinarrien berri eman beren menpe edo eraginpeko erakundeei; heren batek baino gehiagok bere menpeko erakunde batzuei hedatu diela dio eta %17k dagozkien erakunde guztiei.

Lan hizkuntzari dagokionez, euskara plana dutenen erdiak baino gehiagok (%61ek) nagusiki erdara dute lan-hizkuntza, laurden batek dio (%26k) euskara eta erdara antzera daudela,  kooperatiben %11k nagusiki euskara du lan-hizkuntza eta kooperatiba bakar batek du euskara  lan-hizkuntza ia bakarra (%2). Inork ez du erdara lan-hizkuntza ia bakarra.