”Lea Artibai eskualdeko enpresak lan eta bizi euskaraz”

”Lea Artibai eskualdeko enpresak lan eta bizi euskaraz”

EuskaraLan
Urtero bezala, aurten ere irailaren 16an, Lea-Artibai eskualdeko enpresen arteko euskararen eguna ospatu zen. Eika, Danobat Ispaster, Kide, Fagor Arrasate, Cicautxo, Nemak, Lea Artibai ikastetxea eta Azaro Fundazioko kideok hartu zuten parte ospakizun egunean eta, noski, antolakuntzan.
2016/10/10

Aurrera berbie lehiaketarekin ekin zioten girotze-lanari, eta euskal kulturako eta laneko euskal hitzekin jolastuz egin zuten. Saioaren amaieran sari ederrak banatu zituzten irabazle eta parte-hartzaileen artean.

 Irailaren 16an bertan, zer egin zuten? Goizean mendi ibilaldi ederra Santa Eufemi inguruan, oinez zein bizikletaz. Oinezkoek Lekoiztik atera ziren Santa Eufemiko zelairantz, eta Larrusetik bueltan Santa Eufemiko ermitara igo ziren, Lea-Artibaiko paisai ederraz gozatzeko.

Euskaralan

 Gainera, ibilaldian zehar, ingurua hobeto ezagutzeko aukera izan zuten bertaratu zirenek, ibilaldian parte hartu zuten bi adituei esker: Pedro Olabarria ”Txasiok”, Markinako Beko Benta eskola publikoko irakasle izandakoak eta gaur egun inguruko historia jasotzeko lanetan murgilduta dabilen gizonak Larrusen dagoen edurzuloari ematen zitzaion erabilerari buruzko azalpenak eman zituen. Eta Arantxa Bodego geologian doktoreak eta meatzeen eta herri lanen ingeniaritza teknikoko unibertsitate eskolan irakaslea den emakumeak Santa Eufemiko lurrak daukan materia bereziari eta inguruko harrobiei buruzko azalpenak eman zituen. Benetan azalpen interesgarriak Pedrorenak eta Arantxarenak!

 Ibilaldiari bukaera emateko hamaiketako ederra egin zuten guztiek Santa Eufemiko zelaian. Ondoren, bazkaltzera joan ziren Ikestei jatetxera, eta postre bezala Oihan Vegaren ”euskeraren espektakulue” monologoaz gozatu zuten.

 Biharamunean, eta euskararen ospakizunei bukaera emateko, Lea-Artibai eskualdeko enpresen arteko futbol partiduak ospatu zituzten Markina-Xemeingo Barroeta futbol zelaian.