2017-08-24T10:52:41+02:00

Tresna pertsonalak

Kolaborazioak

“Gero eta erosoago sentitzen naiz eszenatoki gainean”

2017/01/12

Enpresagintza fakultatean eta Sarrikon ikasi zuen. LagunAroko inbertsio sailean hasi zen lanean, 1988an. Bertan egon zen 1999 arte, eta ordutik Korporazioko Gestio Sozialeko Otalora zentroan dihardu, administrazioan. Lanetik kanpo abestea da bere pasiorik handiena.

Noiz hasi zinen abesten?

Betidanik abestu izan dut. Mariaren Lagundia ikastolan ikasten nengoela hasi nintzen bertako abesbatzan; 17-18 urterekin Aritzeta abesbatzara pasatu nintzen eta, 22 urte nituela, Orfeoian sartu nintzen. Nire amak ere Orfeoian abestu zuen eta asko animatu ninduen. Lagun kuadrillako sei animatu ginen eta gaur egun bik jarraitzen dugu.

 Zenbat obratan abestu duzu? Egizu errepaso azkarra!

Bai, gauza asko egin ditut. Musikal desberdinetan hartu dut parte: “Miserableak”, “Oliver”, eta “Seussen mundua”. Orain bukatu berri dugu “Mozkorra parregarria” izeneko operaren gira, 15 herrietan eta baita Madrilen ere. Horrez gain, azken bost urte hauetan Orfeoiarekin gauza garrantzitsuak egin ditut, solista soprano bezala: “Réquiem de Mozart”, “Gloria de Vivaldi”, “Messiah de Handel”, “Réquiem de Fauré”. Horrez gain, otsailean “La Traviata”n hartu nuen parte Donostiako Kursaalean.

Oso zorrotza naiz nire buruarekin eta sarritan ez naiz gustura geratzen. Baina, jendea hurbildu eta zoriontzen nautenean, orduan emozionatu egiten naiz!

 Eta baduzu proiektu berririk esku artean?

Datorren urtean “Carmen” opera egingo dugu toki berean.

Eta horrez gain, irailean emakumezkoen abesbatza sortu da, HOTS Abesbatza, Aitor Biainek bultzatuta, eta hor ere hasi naiz abesten. Printzipioz hilean behin elkartzen gara eta abenduan izango da aurkezpena. Gero, martxoan The Armed Man (A Mass for Peace) egingo dugu, oso erraz entzuteko musika mota da, oso hunkigarria.

 Izugarrizko ibilbidea egin duzu!

Zalantzarik gabe! Eboluzio honetan paper oso garrantzitsua izan du Aitor Biainek. Orfeoiko zuzendaritza hartu zuenetik, aldaketa izugarria nabaritu dut. Konfiantza handia eman dit, aukera berriak izan ditut, hazi egin naiz abeslari bezala, ... eta hasieran ezinezko ikusten nituen erronkak gainditu ditut!

 Nola sentitzen zara kontzertu bat bukatu eta gero?

Nire buruarekin nahiko zorrotza naiz eta sarritan ez naiz guztiz gustura geratzen. Baina, adibidez 1000 pertsonen aurrean abestu eta gero, jendea hurbildu eta zoriontzen nautenean, orduan bai, orduan emozionatu egiten naiz!

 Eszenatokian handitzen zara?

Bai, noski. Hori beti dago konfiantza eta segurtasunarekin lotuta, eta ni gero eta hobeto sentitzen naiz eszenatoki gainean.

Nolako da zure ahotsa? Nola definitu daiteke?

Soprano arina naiz, hau da, nota oso altu edo agudoetara heltzeko ahalmena dut eta baita koloraturak egiteko gaitasuna.

Ordu asko entseiatzen dituzu? Nola antolatzen zara?

Astean hiru orduko entseiuak ditut eta kantu klaseak ere jasotzen ditut. Horrez gain, etxean ere dedikatzen diot denbora apur bat, batez ere zerbait konkretua prestatu behar dudanean.

Proiektu berri batean parte hartzera gonbidatzen didatenean normalean baietz esaten dut, izan ere erronka berrietatik beti ikasten da zerbait positiboa. Gainera, gustura eginez gero, antolatzea ere errazagoa da.

Zer motatako musika duzu gustuko?

Urte asko daramazkit honetan eta opera, kantu klasikoa eta koruko abestiak ditut gustukoenak. Beste estilo batzuk ere gustuko ditut baina entzuteko bakarrik, ez abesteko, oso lirikoa bainaiz.

Eta kotxean, zer entzuten duzu?

Normalean irratia entzuten dut, baina obraren bat prestatzen ari banaiz, Bergaratik Aretxabaletako ibilbide hori aprobetxatzen dut obra hori entzuteko.

Etxean zer esaten dizute? Seme-alabek badute zaletasunik?

Bai. Leire alabak nire pausuak jarraitzen ditu, bai ikasketetan zein musika arloan. Enpresagintzan ari da GADE ikasten eta txikitatik ikasi du piano, biolin, gitarra, ... eta oraintsu kantu ikasten hasi da Bergarako Musika Eskolan. Mikel semeak ere izan ditu paper txikiak gure obraren batean baina momentu honetan futbolak du lehentasuna eta Bergarako taldean ari da. Eta Rafa senarrak Orfeoian abesten du. Beraz, familian konpartitzen dugun afizioa da!

Zer ematen dizu abesteak?

Afizio handia izateaz gain, egunerokotasunetik ihes egiteko aukera onena da niretzat. Beste gauza guztietatik deskonektatzeko balio dit.

Zein musikari dira erreferenteak zuretzat?

Anna Netrebko sopranoa izugarri gustatzen zait, eta baita Ainhoa Arteta ere. Horrez gain, Euskal Herriko eta kanpoko koruak entzutea ere gustatzen zait.

 


Bideoak


+ Bideo gehiago

Papereko edizioa
Jarraitu twitterren
LagunAro

Bazkideentzat promozioak

fagor-promo

Iradokizunak

iradokizunak