“Erronka: pertsona kooperatiboa heztea”

“Erronka: pertsona kooperatiboa heztea”

J. Iñaki Etxezarreta / Arizmendi Ikastolako zuzendaria
Ez da kasualitate hutsa Leintz bailaran zenbait faktorek azken urte gutxiotan eragin dutena: besteak beste, kooperatiba mugimenduaren esperientzia eta garapen bizkorra izatea eta, aldi berean, bistako arrakastekin batera, pertsona kooperatiboaren heziketari buruzko hutsune nabaria suertatzea.
2017/03/21

Giza ekintzak ez du beti “historia” egiten, baina “gizartea” egin egiten du. Ekintza ekoizpena, ugalketa eta komunikazioa; ekintzak boterea sortzen du eta botereari aurre egiten dio. Zalantzarik gabe, gizakiaren existentzia sozialaren forma funtsezkoa ekintza da (T. Luckmann).

Nola, ordea, gizakia aktibatu, gizartea egin dezan, subjektu aktiboa izan dadin, bere buruarekin eta besteekin interakzio eraikitzailean jardun dezan, eta bereziki gizartearen eraldaketaren agentea bilaka dadin? Alegia, zelan egin pertsona kooperatiboaren hezkuntza.

Horretara dator gaur Konfiantzaren Pedagogia deitzen duguna, horren iturrian, sorburuan, funtsezko galdera jakin bati erantzuna eman nahia baitzegoen eta egon badago: pertsona kooperatiboa hezi al daiteke, hezten lagundu al dezakegu?

Ez da kasualitate hutsa Leintz bailaran zenbait faktorek azken urte gutxiotan eragin dutena: batetik, kooperatiba mugimenduaren esperientzia eta garapen bizkorra izatea eta, aldi berean, bistako arrakastekin batera, pertsona kooperatiboaren heziketari buruzko hutsune nabaria suertatzea; beste batetik, MUn eta Arizmendi Ikastolan ari ziren zenbait profesionalek euren buruari pertsona kooperatiboaren heziketaz galdegin eta erantzun bide bat urratzen hasi izana; hirugarren koordenatu bat ere badago, zientziek psikologian eta pedagogian egin dituzten ekarpenetatik (etologia, konstruktibismoa, adimen aniztunak, etabar) eratorritako ezagutza berria; eta, azkenik, bailarak berak horrelako erronken aurrean duen berezko praxia aktiboa.

Hezkuntza emozionala

Faktore horietatik bati bereziki erreparatu nahi dio artikulutxo honek: hezkuntza emozionalaren alde abiatuta dagoen dinamika. Gero eta ugariagoak dira adimen emozionalaren garabidean, kognizio eta metakognizioak pertsonaren emozioekin duten erlazioa (motibazioa, arrakasta-espektatibak, saiatzeko eta ikasteko grina …). Horrek guztiak pertsonaren autoezagutzari eta autogestioari sekulako tresneria eskaintzeaz gain, laguntza ere ematen dio. Bestalde, R. Swartz bezalako adituek garatu dituzten jakintzak aurkikuntza bikainak ditugu pedagogiaren alorrean, pentsatzeko estrategiei eta trebetasunei buruz, nork bere ikaskuntzari ekindakoan edota beste batzuek beren miatze-lanetan jarduteko orduan.

Hezkuntza mota horrek inoiz ez bezala pertsona ikusten du, pertsonari begiratzen dio eta pertsona ipintzen du akzioan. Bai bere baitan, bere buruarekin, baita besteekin ere, beste pertsonekiko interakzioan. Hezkuntza emozional honek pertsonan eta pertsona-artean du zuztar, eta humanismoa du ardatz. Arizmendiarrietaren pentsamenduaren oinarri zen pertsona hazteko eta hezteko, gaur zientziak aurrerabide moduan ahalbidetzen digu, tresnak ditugu, jaioberri diren haurtxoetatik hasita, urrearen baliokoak diren horien bizitzaren lehen urte preziatuetan ondo baino hobeto landu, zaindu eta garatuta. Ikerlan batek Arizmendiarrietaren pentsamenduaz zera zioen: “(…) filosofia pertsonalista gailentzen zaio formula enpresarialari. Giza duintasuna errespetatzen duen komunitatea sortzea pertsona libreen, helduen eta duinen lana izango da. (…) Benetako iraultza ernatuko da kontzientzia pertsonalen eraldaketaren bidez. Gakoa autoaskapenean datza, autogestio eta autoeraketa pertsonalaren eta komunitarioaren baitan geroko aurrerabidea baitago”.

Konfiantza dugu giltza, askapen pertsonal eta komunitariorako, geure buruongan eta ingurukoengan konfiantza izatea da geure inteligentzia emozionalaren gakoa, pertsona eta komunitatea besarkatu egiten dituena. Komunitatea ez dago, pertsona ez badago, eta pertsonak komunitatea behar du. Inposiziorik gabe, berez horrela delako. Pertsona osotasun bat da, bere baitan, eta gainerako pertsonekiko eta ingurunearekiko. Ez da, beraz, XX. mendean nagusitu ziren ideia totalitarioek ziotena, ez da osotasunaren atal bat. Ez. Pertsona bakoitza bakarra da, errepika-ezina, berezkoak dituen gaitasun eta behar propioekin, bortxa-ezina. Arizmendiarrietak ez zuen indarra jartzen “edukietan”, izatean baizik: pertsona duina, askea, heldua, sortzailea, idealista, praktikoa eta komunitarioa.

Pertsona kooperatiboaren profilaren abiapuntuan Arizmendiarrietak seinalatzen zituen ezaugarri bereizgarriok daude eta horiek hezten lagundu daitezke, bai horixe, zientziak ekarri dizkigun aurkikuntzei esker eta ikastolak hartarako diseinatu duen hezkuntza-proposamenaren bidez: Konfiantzaren Pedagogia, 0 urtetik 20 urtera bitartean. Ez dugu “historia” egingo, baina “gizartea” egin egingo dugu. Ekin, ekoitzi, ugaldu eta komunikatuz hezkuntza eraldatuko dugu eta gizartearen eraldaketan lagunduko dugu. Emozioz.