Irakurriena
- 1. Kooperatiben Korrikako argazki galeria ikusgai
- 2. Aldapako Korrika arrakastatsua
- 3. Laboral Kutxaren 'Zentzua' esperientzia, TU Lankideren gai nagusia
- 4. 'Nature' aldizkariaren arabera desberdintasunaren aurkako eta jasangarritasunaren aldeko eredua da MONDRAGON
- 5. MONDRAGONeko kooperatibek 55 kilometro eta hamarnaka ekimen Korrikan
- 6. Bexen Cardiok bat egin du Korrika 23rekin
- 7. Fagor Electrónicak Triax Digital Solutions (TDS) erosi du, egoitza eta hirugarren sektorerako multimedia soluzioen merkatua gidatzeko
- 8. Nerea Aranguren, DanobatGroupeko eta MIAko zuzendari nagusia eta MONDRAGONeko lehendakariorde berria
- 9. Kooperatibismoaren emakume aitzindariak omen dituzte Kooperatiben Kontseiluak eta Konfekoopek
- 10. 74ko sortzaileei omenaldia egin diete Aurrenak kooperatiban
Juan Jose Ibarretxe: "Kooperatibagintza faktore garrantzitsua izango da etorkizuneko garapen ekonomikoan".
Goi Eskola Politeknikoko seigarren eraikineko areto nagusia jendez bete zen Juan Jose Ibarretxe lehendakari ohiaren hitzaldia entzuteko. Gizabidea Fundazioak antolaturiko 'Arizmendi Topaketak' 26.edizioa bete zuen atzokoan eta 200 bat lagun gerturatu ziren hitzordura. Tartean, MONDRAGON korporazioko eta Debagoieneko kooperatibetako ordezkari ugari. Eroski, MU, Arizmendi Ikastola, Mondragon Lingua, Fagor Ederlan, Fagor Arrasate, MONDRAGON Korporazioa, ALE, Forokoop, Ikerlan... erakunde askotako ordezkariak batu ziren Goi Eskola Politeknikoan.
Hitzaldiari Joxean Alustizak eman zion hasiera, Alustizak Ibarretxe gonbidatzearen arrazoiak azaldu zituen, "kooperatibetan dihardugunok kanpoko ikuspegi bat behar dugu, eta Juan Jose Ibarretxek duen esperientzia eta ezagutza oso interesgarria dela deritzogu". Mondragon Unibertsitateko LANKI ikertegiko Igor Ortegari egokitu zitzaion Juan Jose Ibarretxe "idazle, ikerlari eta nazioarteko hizlaria" aurkeztea.
"Gure herria bidegurutze batean aurkitzen da. Krisi ekonomiko, juridiko, sozial, ekologiko... baten aurrean. Aro berri baten atarian gauden susmoa dugu eta bidegurutze horretan bide bat aukeratu beharrean. Norabide egokia aukeratzeko kooperatibagintzan aurkitu ditzakegu erantzunak", azaldu zuen Ortegak Ibarretxeri hitza eman aurretik. Arizmendiarrietaren gogoetak ekarri zituen gogora eta inoiz baino aktualagoak direla azaldu zuen LANKI ikertegiko kideak. "Gaur egun bizi dugun egoera aintzat hartuta, egin daitezke gauzak beste era batera?" bota zion Juan Jose Ibarretxeri, lehendakari ohiak bere hitzaldia has zezan.
Zortzi begirada
Zer gertatzen ari da? "Ez dakigu zer gertatzen den eta hori da gertatzen dena" (Ortega y Gasset) esan zuen lehendakari ohiak bere hitzaldia abiatzeko.
Zortzi begirada aipatu zituen, aurrenekoa baloreena. Portaera eta baloreak elkarrekin doaz, azkar aberasteak hazkundea badakar, zein portaera izango dugu? Baloreek eragina dute gure portaeran. "Hondamendi etikoa: krisi ekonomikoa, soziala... Eta kulturala. 500 hizkuntza geratuko dira bakarrik mende honen bukaeran. Globalizazio prozesu ideologikoa delako, homogeneizatu egiten gaituena", adierazi zuen.
Bigarren begirada, hezkuntzaren arlokoa izan zen, formakuntza eta berrikuntzaren ikuspegian sakondu zuen. "Sormena indartu behar dugu gure hezkuntza sisteman. Ikusten ikasi behar dugu".
Hirugarren begirada ekonomiari eskaini zion, etika ekonomikoari. "Arazoa ez da hazkunde ekonomikoa, aberastasunaren banaketa baizik. Krisi ekonomikoa ez da globala, baloreena bai".
Giza-garapen jasangarria ere aipatu zuen (laugarren begirada) eta ondoren printzipio demokratikoaz aritu zen, "eztabaidaren erdian nazioa baino gehiago demokrazia egongo da. Binomioa voice-exit: demokrazia gutxiago-independentzia gehiago. Ukatzen denean demokrazia, soberanismoa hasten da", adierazi zuen.
Txikia da polita, baina..."Small is beautiful..." And powerful. Horixe izan zen seigarren begirada. Euskal kasuaren paradigma ekarri zuen gogora: I+d+i+Kultura. "Identitatearen defentsa giza garapenarekin lotuta dago". Bukatzeko, etorkizunaz aritu zen, "kooperazioa, elkarlana izan da azken hamarkaden ardatza", adierazi zuen. Atal honetan kooperatiba eredua goraipatu zuen.
Atzoko ekitaldiaren argazki guztiak: http://www.flickr.com/photos/tulankide/