2017-12-11T15:52:08+01:00

Tresna pertsonalak

Joseba Barandiaranek, ekonomialari eta komunikabide ezberdinetako kolaboratzaileak, LagunAro, EPSVren Batzarraren gaineko iritzia eskaini digu Joseba Barandiaranek, ekonomialari eta komunikabide ezberdinetako kolaboratzaileak, LagunAro, EPSVren Batzarraren gaineko iritzia eskaini digu

Iritzia, F.E.O. II: LagunAro

2015/05/04

Honen barnean

  • Iritzia, F.E.O. II: LagunAro

Fagor Etxetresnaken Ondorengo (F.E.O.) bigarren urtea bizi du LagunArok. Batzar Orokor bat entretenigarri egitera iritsi gabe, dexente hurbildu zitzaion ahaleginarekin bizi ere: itsasoak ez bezala, ekaitzaren osteko baretasunean. Deituta zeuden 1.540en erdiak pasa (821) izan zuten ordezkaritza, bertaratutako 485 lagunen bidez. Eta guztia, zer entzuteko?

  1. Finantzen berri: interes tasak ikaragarri jaitsi dira Eurogunean, inoiz ez bezala. Eta horrek bi ondorio nabarmen ditu: batetik, aurretik egindako inbertsioek balioa irabaztea, interes tasa “zaharrekin” eginda zeudelako. Horixe zen makulu “Urtea ondo joan da” azaltzeko, Egaña-Lujanbioren begitan ere. Bestetik, aurrera begirako errentagarritasuna txikiagoa: arrisku handiagoak hartu beharko dira etekinak handitzekotan, eurotan nahiz dibisetan (%40 gehienez). Europako edozein pentsio edo inbertsio funtsen ingurumari berbera parez pare; jarri ditzakezu Alustiza lehendakaria eta enparauak pinganilloekin tente berbetan, Steve Jobs paperean, baina hori da munduko tranpaldoan egungo panorama.

  2. Babesaren berri: aluzinantea hau da. Kanpoko baten begitara bai, behintzat. Osasun eta familia laguntzak, garrantzitsu izanda ere, ez dira hain deigarri. Baina enplegu laguntza, horrek bai adierazten duela “LagunAgo” izatea zer den. Ia bi mila lagun kalean utzi zituen Fagor Etxetresnaken porrotak. Eta helburua, hantxe entzuna, guzti guztiei aterabideren bat topatzea da: aurrejubilatu eta (behin-behineko edo betiko) birkokapenekin, zailtasunak zailtasun, oraindik 149koa zen lagunen zerrenda zerora jaistea. Kooperatiben artean hor egin den ahalegina ikaragarria da; itzela.

F.E.O. esperientzia gogorra, zatarra, izango zen. Baina bidea egiten ikasten da. Ikasi, formatu, eta heztea funtsezkoa den garaiotan, nahiz han aipatu ez zen. Nolakoak dira bada LagunArokoak?

Jende disziplinatuapp behintzat badira han bilduak. Bideo bera bi bider segidan irensteko prest, txintik esan gabe. Aplikazio berria ere, deskargatua izango dute honezkero gehienek eskuko telefonoan!

Ausartak ere badirela esan behar, luma hau eta bi bertsolari zorrotz etxeraino gonbidatuta. Birkokapenetarako kaleratutako behin-behinekoak ez zituen inork ahotan hartu. Baina familia loturak hala dira: garenak gara eta familia batuta mantentzeak balio du. Hiru mutualista aktibotik bat Eroskikoa izateak ere eman zidan atentzioa: proportzio handia da eta erronka txikia ez. LagunAro bera ez da gauza txikia: 5.000 milioitik gora “arraultza” du jokoan eta, dibertsifikazioaren urrezko arauak dion lez, arraultza guztiak ez dira saski berean jarri behar, ondorioak “ordaindu” nahi ez badira. Oilategia ez zen behintzat asaldatu.

Eta burujabeak ere badira. Edozein galdera, kexu edo iradokizun plazaratzeko beta izan baizen Kursaalen, nahiz inork baliatu ez. Gardentasuna, eztabaida eta, ondoren, erabakiak behar dira gizataldeetan. Eta erabakitzeko eskubidea dute hainbat gauzatan mutualistek. Euskaratik gaztelerara berehalako itzulpena eskaintzekoa, kasu. Bejondeizuela.

Dena den, nire ustez, galdera bi daude LagunAro osatzen duten 12 komunitatetako edozein kide kooperatibistak bere buruari egin beharko lizkiokenak, bere burua kokatzeko:

  1. Nola nengoke ni LagunArorik ez balitz, “LagunAgo”rik ez banu? Nolakoa litzateke kooperatibisten taldea duela 48 urte norbaitek gizarte babes sare hori abiatzea pentsatu ez balu? Edo, nire kooperatibak porrot egiten badu, zer?

  2. Nola legoke gizartea, bere osotasunean, Lanbidek eta Gizarte Segurantzak langabeen birkokapenerako LagunAroren ahalegin eta ahalmen bera balute? Ezin ote dugu gizartea “LagunAgo”tu?

Nik behintzat izan nahi nuke “LagunAgo”. Milesker gonbidapenagatik.

 


Bideoak


+ Bideo gehiago

Papereko edizioa
Jarraitu twitterren
LagunAro

Iradokizunak

iradokizunak