2017-10-21T12:27:12+02:00

Tresna pertsonalak

TUlankide MONDRAGON

Javier Sotil: "Uda aldera banoa"

2016/03/08

Hilabete batzuk barru erretiroa hartu eta presidente kargua utziko du Sotilek. Berria egunkariari eskainitako elkarrizketa luze bezain sakonean, hainbat gai errepasatu ditu.
Javier Sotil: "Uda aldera banoa"

Martxoaren 6an Berria egunkariak Javier Sotil, MONDRAGON Taldeko presidenteari eginiko elkarrizketa argitaratu du, ekonomia atalean.

Besteak beste, hauek dira berak aipatutako aspektu batzuk:

Noiz utziko duzu kargua?

Hilabete gutxi barru, erretiroa hartzen dudanean. Ez dago oraindik Kongresu Nagusirako egunik, baina uztail aldera izan daiteke, eta ordurako joango naiz. Baina beti kongresuaren arabera izango da. 2014ko azaroan hartu zenuen Mondragonen lema, taldeak inoiz izandako unerik dramatikoenean Fagor Etxetresnen krisia zela-eta. Irteera sarrera baino lasaiagoa izango da, noski. Zalantzarik gabe. (...) Ordutik asko aldatu dira gauzak, zorionez, onerako aldatu direlako. Enpresa guztietan gertatzen dira une gogorrak, eta halakoa izan zen gurea orduan. Orain, berriz, taldeak aldaketa handia egin duela esan dezakegu, eta 2015. urtea horren erakusgarri da, gainera.

2015. urtea ona izan dela islatzen dute zure hitzek, aldeko olatua hartu duzuela. Ez duzue oraindik emaitzen berri eman, baina zein mailatan izan da ona?

Olatuei begira egon beharrean, gauzak egin egin behar dira. 2015. urtea urte ona izan da. Oso ona esatea gehiegizkoa izango da seguruenera, baina ez da gutxi urte ona lortzea, alde askotatik izan delako ona, ez bakarrik mozkinak izan ditugulako eta kooperatibak sendotu direlako, baizik eta enplegua sortu dugulako, eta hori gure zeregin nagusietako bat da. Finean, erantzun garbi bat eman diogu aurreko urtean gertatutako arazo sozialari. Fagor Etxetresnetatik zetorren arazoa hor zegoen, eta 2015. urtean emaitza onak edukitzea ez da gutxi.

Zenbat enplegu sortu du Mondragonek 2015ean?

Mila enplegutik gora sortzeko aurreikuspena egin genuen, eta helburua bete da. 1.300 inguru lanpostu sortu dira industria alorrari dagokionez. Eroskik egin dituen desinbertsioek zenbakiak aldatuko dituzte beharbada, nahiz eta operazio horiek ez duten zertan enplegua galduarazi, lanpostuei eutsi egin dietelako.

Itxura batean industria dibisioak emaitza onak lortu ditu 2015ean. Merkatuak mugitzen hasi dira? Lehiakorragoak dira enpresak? Merkatu batzuetatik bestera mugitzean asmatu da? Zergatik iritsi da hobekuntza?

Krisiak normalean merkatu zehatzetan gertatzen ziren, ez mundu osoan, hori zaila baita oso. Zorionez, nazioartekotze maila handia lortu dugu, eta gure salmentak mundu osoan egiten ditugu. Batzuetan egokitzen da merkatu zehatz bat erortzea; hor duzu Brasil erabat jota. Hango gure negozioak sufritzen ari dira. Beste batzuek esaten dute Txina gaizki dagoela, baina guk ez dugu hori hain argi ikusten. Kontua da ikuspegi orokor batekin ibiltzea, une batean han eta bestean hemen sakontzeko. Eta geografia mailan esan dudan honek sektore mailarako ere balio du. Petrolioarekin lotutako sektoreak behera doaz orain, eta aurretik eskaerari ezin erantzunez aritu dira. Dibertsifikazioa oinarrizkoa da, bai geografikoki, bai sektoreei begira.

Lehiatzeko dimentsio handiko enpresak behar direla diote. Kooperatibak nahiko handiak ote dira?

Dimentsioa ez da erabakigarria ondo lehiatzeko. Negozio bakoitzak bere dimentsio egokia aurkitu behar du. Enpresa bat handia delako ez da hobea izango, besterik gabe. Batzuek hierarkizazioa defendatzen dute, baina multinazional aurreratuenetan ere, erabakiak azpiko mailan hartzen hasi dira, negozio bakoitzaren arabera. Egoera bati azkar erantzuteko azpiko mailek askatasun hori behar dute. Gauza bat da gutxieneko dimentsio bat behar dela lehiatzeko, eta beste bat handia zarelako ondo lehiatuko zarela; ezta hurrik eman ere.

Zure hurrenari zerbait esateko?

Nik sinetsi egin dut balio kooperatiboan. Kanpotik begiratzen duenak pentsa dezake kooperatibista guztiek daramagula halako zigilua, baina oso heterogeneoak gara; euskal gizartearen isla gara, eta hori ulertzea garrantzitsua da kargu honetan. Horrez gain, inguruan jende ona edukitzea ere oinarrizkoa da. Nik oso jende ona izan dut nire inguruan. Bestalde, bi eskuak erabiltzen jakitea ez dator gaizki, pilota batzuk jaso ahal izateko.

Elkarrizketa osorik Berria atari digitalean irakurri daiteke.


Bideoak


+ Bideo gehiago

Papereko edizioa
Jarraitu twitterren
LagunAro

Bazkideentzat promozioak

fagor-promo

Iradokizunak

iradokizunak