Izendapen berriak: Iñigo Ucin, Industria Automatizazioko Dibisioaren lehendakariordea; eta Zigor Ezpeleta, MONDRAGONeko Gestio Sozialeko zuzendari berria

Biek datorren irailaren 1etik aurrera hartuko dute erantzukizun berria, erretiroa hartuko duen Mikel Zabala ordezkatuz.
Card image cap
2015/06/15

Zigor Ezpeleta

Zigor Ezpeleta Oñatin jaio zen, 1971n. Pertsonen kudeaketaren arloko bokaziozko profesionala da, eta esperientzia dauka arlo soziolaboralean eta zuzendaritza eta antolamenduaren garapenaren arloan. Prestakuntza juridiko eta enpresariala izanik, bere lan ibilbidea batez ere MONDRAGONeko kooperatibismoari lotuta egon da. Mondragon Unibertsitatean hasi zen irakasle eta ikertzaile lanetan, enpresa kudeaketari eta kooperatibismoari lotutako arloetan. Ondoren, Korporazioko Gestio Sozialaren departamentuan sartu zen, eta bertan hasieran prestakuntza kooperatiboa diseinatzen eta ematen jardun zuen, eta, batez ere, zuzendaritza eta antolamenduaren garapenaren arloan. Hainbat kooperatibatako zuzendari taldeekin lan egin du, norberaren gaitasunak zein taldearenak hobetzen. Antolamendu kulturaren garapenean ere ekarpen esanguratsuak egin ditu, bai maila kontzeptualean bai aplikazio praktikoaren eremuan.

Korporazioa sakon ezagutzen duelarik, pixkana gestioaren arloko osagai gehiago dituzten eginkizunak bete ditu (Korporazioaren harreman soziolaboralen arduraduna), eta pertsonen konpromisoa areagotzera zuzendutako estrategia korporatiboak hedatzen parte hartu du. Bere azken etapa profesionala Fagor Etxetresna Elektrikoetako hartzekodunen konkurtsoaren ondorioz sortutako enplegu krisiaren kudeaketara bideratu da, birkokapen prozesuak erraztuz eta bultzatuz eta enplegatu ahal izateko prestakuntza landuz.

Iñigo Ucin

Iñigo Ucin Azkoitia herrian jaio zen (Gipuzkoa), 1960an, eta Ekonomia eta Enpresa Zientzietako lizentziatua da Deustuko Unibertsitatetik. Berrikuntzaren Kudeaketari buruzko master programa bat ere egin du (Deustuko Unibertsitatea). Bere ibilbide profesionala Danobatgroupi lotuta dago, bertan hasi baitzen makina-erremintako Izarraitz enpresan finantza zuzendari lanetan, eta Giza Baliabideetako zuzendaria ere izan zen. Izarraitz Danobaten sartu zenean, Iñigo Ucin xurgatutako enpresaren produktuaren Negozio Unitateko zuzendari izendatu zuten, eta zeregin horrekin batera Danobatgroupeko Controller lanak ere egiten zituen. 1998an Danobat kooperatibako gerente izendatu zuten, eta ondoren, 2012ko irailean, MONDRAGONeko Makina-Erremintaren Dibisioko lehendakariorde eta Danobatgroupeko zuzendaki nagusia.
Makina-Erremintaren Dibisioko lehendakariordetzarekin bateratuko du kargua.

Industria Automatizazioaren Dibisioa Aotek, Berriola, Fagor Arrasate, Fagor Automation eta Mondragon Assembly kooperatibek osatzen dute.