2017-08-19T03:32:54+02:00

Tresna pertsonalak

TUlankide MONDRAGON

IKERLANek offshore aerosorgailuetarako sistema berritzaile bat garatu du General Electricerako

2016/09/28

Sektore eolikoko enpresekin izenpetutako kontratuen ondorioz zentroak izandako diru sarrerak 6,5 M€ baino gehiago izan dira azken 5 urteetan.
IKERLANek offshore aerosorgailuetarako sistema berritzaile bat garatu du General Electricerako

Ikerlan euskal zentro teknologikoak apustu handia egin du eolikoaren moduko sektore estrategikoan erreferentziazko bazkide teknologiko gisa posizionatzeko, sektore horretan Euskadi eragile nabarmena baita. Hala, eremu horretan diharduten sektoreko euskal enpresa nagusientzat eta nazioarteko liderrentzat garatzen du teknologia.

Izan ere, Ikerlanek bere pitch sistema garatu du Alstom Windentzat, hau da, gaur egungo General Electricentzat, zeina sorgailu eoliko baten errotorearen palen angelua erregulatzeaz arduratuko baita. Pitch sistemarekin batera, bere diseinurako eta dimentsionamendurako beharrezkoak diren tresnak ere garatu ditu. Berrikuntza Danimarkako Unibertsitate Teknikoaren instalazioetan probatu da, eta Ipar Amerikako multinazionalaren offshore aerosorgailuetan instalatzeko egin da.

EAEn dauden sektoreko enpresetan ere ikusten da zer-nolako gaitasuna duen enpresei berrikuntzak eskaintzeko. Hain justu, Ikerlanek Laulagun Bearingsekin elkarlanean dihardu errodamenduen monitorizazio adimenduneko sistemak garatzen, eta Ingeteamekin ere elkarlanean aritu da INGECON® WIND FIX2VAR SPEED bihurgailuaretzako kontrol gaietan, bihurgailu horrek abiadura finkoko aerosorgailuen parkeei ahalik eta etekin handiena ateratzea ahalbidetzen baitu, abiadura aldakorreko aerosorgailuetan bihurtuz.

Teknologiaren zeregina sektore eolikoko enpresen erronketan

Energiarekiko mendekotasuna gero eta handiagoa duen gizarte honetan, eguzki energiak eta energia eolikoak funtsezko zeregina dute energiaren sorkuntza iraunkorrerantz aurrera egiteko. Energia bi horiek izango dira abiapuntutzat erabiliko ditugun bi energi iturri nagusiak igorpen kutsatzaileak minimizatuko dituzten energia garbien eskaerari erantzuteko.

EAEko industriak presentzia handia du sektore horietako batean, hau da, energia eolikoaren sektorean, eta merkatuan erreferentziazkoak diren enpresak daude, hala nola Gamesa edo Iberdrola; halaber, osagaien zein balio kate osoko sistemen hornitzaileak ere ugari dira. Sektoreko enpresek badakite, datozen urteetan heldu beharreko erronkei modu lehiakorrean erantzuteko, beharrezkoa dela elkarrekin lan egitea, efikaziarik handienarekin jardunez eta produktu eta prozesuei abangoardiako berrikuntzak gehituz.

Horrela ulertu du Eusko Jaurlaritzak ere, zeina, Energiaren Klusterrarekin batera, hainbat egitasmo gidatzen ari baita sektoreko enpresen lankidetza eta berrikuntza sustatzeko.

Sektorearen erronkei erantzuteko funtsezko elementu bat teknologiaren garapena da, sistema eolikoak gero eta lehiakor, eraginkor, fidagarri eta erabilerrazagoak izan daitezen, eta hain zuzen alderdi horretara ari dira enpresak bere ekimena bideratzen. Materialak eta egiturak, elektronika eta kontrola, edo diseinuen modelizazioa eta metodoak dira sektorearen arretagune nagusiak teknologia garatzeari dagokionez; baina baita ere energia elektrikoaren konbertsioa, monitorizazioa, ikuskapena eta mantentzen lanak, edo sareko integrazioa. Horiek dira EAWE erakundeak (European Academy of Wind Energy) identifikatu dituen esparruetako batzuk, datozen urteetan ikerkuntzak izango dituen erronka nagusiei buruzko txoten batean.

 


Bideoak


+ Bideo gehiago

Papereko edizioa
Jarraitu twitterren
LagunAro

Bazkideentzat promozioak

fagor-promo

Iradokizunak

iradokizunak