IK4-IKERLANek tumoreak gorputzeko beste alde batzuetara igortzen dituen zelulak neurtzeko eta identifikatzeko gailu bat garatuko du

Ekimenaren asmoa da pertsona eta egun askoren lana eskatzen duen prozesu bat erraztea, sistema automatiko, fidagarri eta merke baten bitartez. CANDO proiektuak, halaber, aurreikusten du pankrea minbiziaren aurkako farmako berrien garapenean azkarrago aurrera egitea
Card image cap
Minbiziak nola egiten duen aurrera antzemateak terapia onkologikoen aurrean pertsona bakoitzak nola erantzuten duen ebaluatzen lagunduko du.
2014/04/02

Minbiziak eragindako heriotzen %90 metastasiaren ondorioz gertatzen dira. Metastasia tumore batek zelula zirkulatzaileak (CTC) askatzen dituenean gertatzen da, zelula horiek gorputzeko beste alde batzuk inbaditzeko gai direlako. Gaur egun, zelula horiek antzemateko prozesu luze, garesti eta konplexua jarri behar da abian.

Europako agintaritzen iritziz, gaur egun existitzen diren mikrofluidikako teknologiekin prozesu hau merkeago eta laburrago egin daiteke, eta pertsona gutxiagorekin ere bai, eta horretarako jarri da abian CANDO proiektua. Ekimenaren baitan, non IK4-IKERLAN euskal zentro teknologikoak parte hartzen baitu, laborategiko gailu bat garatuko da txip batean (lab on a chip) CTCen kontzentrazioa automatikoki identifikatu eta neurtzeko aukera emango duena.

Sistema hori pankrea minbizia iragarri, sailkatu eta monitorizatzeko erabiliko da eta, lehenengo kalkuluen arabera, diagnostikoa 5 orduren buruan eduki ahal izango genuke. Minbiziak nola egiten duen aurrera antzemateak terapia onkologikoen aurrean pertsona bakoitzak nola erantzuten duen ebaluatzen lagunduko du (hau da, tratamenduak funtzionatzen duen ala ez), eta horrekin, bide batez, pazientearen bizi kalitatea hobetzen ere lagunduko da.

Pankrea minbiziak eragin sozioekonomiko garrantzitsua dauka, orokorrean oso aurreratua dagoenean diagnostikatzen delako eta urtean diagnostikatzen diren 68.000 europarrentzat %96ko heriotza probabilitatea dakarrelako.

CTCak antzemateko prozesua oso zaila da laborategiko prozedura luzeak eta garestiak direlako eta odol uharretan zelula horiek oso urriak direlako, mila milioi zeluletatik ia bat baino ez baita mota horretakoa. Analisirako prozesuak pertsona talde bat egun asko lanean aritzea eskatzen du, lan hauek guztiak egin behar direlako: laginak eskuz ateratzea, zelulak identifikatzea eta zerrendatzea mikroskopioan eta CTCen ezaugarritze biologiko eta molekularra egitea.

Minbiziaren diagnostikoa automatizatu, azkartu eta bere kostua gutxitzeaz gain, CANDO proiektuak badu bigarren ezaugarri bat: ‘gidatutako terapiak’ deiturikoen aurrerapena, eta terapia horiekin egiten den tratamenduak minbizi zelulen gainean baino ez du eragiten, zelula normalei kalte txikia eginez.

Horrela, CANDO proiektuaren aurrerapenak pankrea minbiziaren egoera iragarri, sailkatu eta monitorizatzeko erabiliko dira, baita pankrea minbiziaren aurkako farmako berriak eta ez hain inbaditzaileak direnak garatzeko ere.

Gailuaren funtzionamendua

Hau izango da diagnostikorako prozedura: behin pazienteari odol lagina aterata txip gainean jarriko da. Txipak sistema mikro-nano-bio eta fotonikoak dauzka, eta horiekin ADNa anplifikatu eta molekulen analisia egin daitezke. Gero, txipaIK4-IKERLANek sortutako sisteman jarriko da, eta sistema hori CTCen identifikazioaz eta kuantifikazioaz arduratuko da. Bost ordu geroago, diagnostikoa prest egongo da.

Oraindik ez da aurreikusi noiz merkaturatzen hasiko den sistema, baina CANDO proiektuak ustiapen batzorde bat ezarri du merkatura hurbiltzea bermatzeko.

Komertzializazio plan bat ezarriko da batez ere Europako eta Iparramerikako merkatuetara heltzeko. Planaren lehen faseetako batean sistema ezagutzera ematea aurreikusten da, European Society for Medical Oncology elkartearen eta Europako eta Amerikako onkologia klinikorako elkarteen barruan egiten diren onkologoen bileretan parte hartuz.

CANDOri buruz

IK4-IKERLANen partaidetza duen proiektu hau Valentziako Unibertsitateak gidatuta dago. Erakunde horiez gain, CANDO partzuergoa honako ikerketa zentro eta enpresa hauek osatzen dute: Gilupi (Alemania), Institut fuer photonische technologien (Alemania), Kungliga tekniska hoegskolan (Suedia), Interuniversitair micro-electronica centrum (Belgika), Stockholms Laens Landsting (Suedia), Bayer (Alemania), Stockholmeko Unibertsitatea (Suedia) eta Microfluidic Chipshop GMBH (Alemania).

“Proiektu honekin IK4-IKERLANek aurrera egin ahal izango du prozesu biologikoen automatizazioak planteatzen dituen arazoen ezagupenean”, euskal zentro teknologikoan proiektuaren arduraduna den Rosa Iglesias ikertzailearen esanetan. “Ezagupen horiekin gure gaitasunetan sakondu ahal izango dugu gure bezero diren enpresei “Point-Of-Care” erako soluzioak eskaini ahal izateko, osasun sektorera bideratuta, baita detekzio anitzeko sistemak elikagaien sektorean erabiltzeko ere”.

Ikerketa zentro teknologikoa