2017-08-16T15:34:07+02:00

Tresna pertsonalak

TUlankide MONDRAGON

IK4-Ikerlanek 10 milioi euro baino gehiago inbertituko du Europan erreferente teknologiko moduan finkatzeko

2016/02/29

Zentroak Ikerlan 2020 Plan Estrategiko berria onartu du, datorren laurtekoan bere jarduera gidatzeko.
IK4-Ikerlanek 10 milioi euro baino gehiago inbertituko du Europan erreferente teknologiko moduan finkatzeko

Baliabide horiek datozen lau urteetan langile taldea indartzera eta azpiegitura eta ekipamenduak hobetzera zuzenduko ditu. Hori da erakundeak datorren laurtekorako onartu berri duen Ikerlan 2020 plan estrategikotik ondorioztatzen diren zifra nagusietako bat, eta epealdi horretan eragin erabakigarria lortu nahi du inguruneko enpresak modernizatzeari dagokionez.

“Dagoeneko eragile nabarmenetakoak gara Euskadiko berrikuntzaren arloan, baina Ikerlan 2020 plan estrategikoarekin beste urrats bat egin nahi dugu, eta giltzarria izan nahi dugu euskal ekonomiaren modernizazioan”, azaldu du zentroaren zuzendari nagusi Marcelino Caballerok.

“Gure ahalmen teknologikoa, profesionaltasuna eta zerbitzuaren kalitatea gehiago bultzatu nahi ditugu”

Gaur egun, IK4-Ikerlanen jarduera ikertzailearen %60 baino gehiago enpresekin zuzenean egiten duen kontrataziotik dator. “Egunero ahalegintzen gara gure bezeroak lehiakorragoak egiten eta, horregatik, datozen urteetan, gure ahalmen teknologikoa, profesionaltasuna eta zerbitzuaren kalitatea gehiago bultzatu nahi ditugu, faktore horiek bereizten gaituztelako eta gure bezeroen aliatu teknologikorik onena izaten laguntzen digutelako”, gehitu du Caballerok.

Talentua

Ikerlan 2020 planean, zentroak etorkizunean aurre egin beharreko erronkei ekiteko aurreikusi den giltzarrietako bat bere ahalmenak indartzea da, langile taldea espezializatuz eta talentua erakarriz.

“Datozen urteetan ahalegin berezia egingo dugu unibertsitateekiko lankidetzan pertsonak erakartzeko eta prestatzeko, erakundean 300 langile baino gehiagoko talde bat finkatzeko. Horrek esan nahi du 2020ra arte plantilla %20 handituko dela”, azpimarratu du zuzendariak.

“Gure bezeroek balio handiko erantzuna espero dute IK4-Ikerlanengandik, eta hori zentroa osatzen duten pertsonen talentuan eta prestakuntzan oinarrituta lortuko da”, argudiatzen du Caballerok.

Espezializazio arloak

Ikerlan 2020 plan estrategikoarekin egin den lehendabiziko ekintza zentroa berrantolatzea izan da, Eusko Jaurlaritzak sustatutako Euskadiko Zientzia eta Teknologia eta Berrikuntza Planean (ZTBP 2020) ezarritako jarraibideen arabera, eta arreta berezia jarri zaie espezializazio adimendunaren lehentasun estrategikoei (RIS3). Horretarako, ahaleginak hiru espezializazio ildotan fokalizatzea erabaki da: Elektronika eta software txertatua, Energia eta potentzi elektronika eta Fabrikazio aurreratua.

Domeinu teknologiko horiek kritikotzat jotzen dira euskal enpresa sareari dagokionez, industriaren hazkunde ekonomikoan eta lehiakortasunean izango duten eraginagatik.

Zentroa erantzunak ematen saiatuko da, aukera ugari sortuko den arren aldi berean lehiakortasuna ere handiagoa izango baita. Ondorioz, etengabe egon beharko dute lanean erabiltzen dituzten teknologien abangoardian.

“Gure apustu teknologikoak dagoeneko Euskadin erreferente garen lan ildoeteako masa kritikoa handitzera zuzenduko ditugu eta, horrenbestez, Europako I+G+Baren Champions League-an lehiatu ahal izango gara”, baieztatu du Caballerok.

IK4-Ikerlanek Europan duen presentzia indartzeko plan bereziak hedatzea ere aurreikusi da, I+G+Brako fondoak lortzeko, lankidetza sarea ikerketan diharduten beste erakunde batzuetara zabaltzeko, eta definitutako espezializazio arloetan lehen mailako zaintza teknologikoa lortzeko helburuarekin.

Zentroa dagoeneko hasi da bide horretan ibiltzen, izan ere, azken hiru urteetan laukoiztu egin ditu 2020ko Marko eta Horizon programetatik datozen sarrerak. Sarrera horiek 2,4 milioi euro izan ziren 2015ean, eta asmoa da 2020. urterako 4 milioira iristea. Gainera, lankidetza hitzarmenak sinatu ditu Europako unibertsitate ospetsuekin, eta, horiei esker, puntako erakundeekin trukatzen den ezagutza areagotu egingo da eta zentroko kideen prestakuntza sakonduko da


Bideoak


+ Bideo gehiago

Papereko edizioa
Jarraitu twitterren
LagunAro

Bazkideentzat promozioak

fagor-promo

Iradokizunak

iradokizunak