IK4-Ikerlan RedActiva proiektuan dihardu, sare elektriko seguruagoak lortzeko

IK4-Ikerlanek egitasmoan parte hartzen du Gas Natural Fenosa, Ingeteam, Ormazabal edo Viesgo bezalako puntako enpresekin batera. Helburua da, arazo baten aurrean erreakzionatzeko denbora murriztea, orain hainbat minutu behar baitira.
Card image cap
2016/02/15

Hein handi batean, elektrizitatea banatzeko sareek oraindik modu analogikoan funtzionatzen dute. Digitalizatu eta automatizatzeak aukera emango du pertsonaren eskuarekiko menpekotasuna murriztea eta horri lotutako erroreen arriskua ere murriztea. Helburu horiek bete ahal izateko teknologia garatzeko, RedActiva izeneko proiektu bat jarri da martxan, eta IK4-Ikerlan bertan parte hartzen ari da. Egitasmoak, horrenbestez, lagundu egingo du egon daitezkeen gorabeheren aurrean sare horien efizientzia, segurtasuna eta erantzuteko ahalmena hobetzen, kontuan hartuta baita ere energia berriztagarriak jendartean zabalduta irekitzen den jokaleku berria.

Egitasmoaren liderra Unión Fenosa Distribución enpresa da, eta Ingeteam, Ormazabal eta Viesgo enpresak ere tartean dira. Gainera, laguntzaileen artean Kantabriako Unibertsitatea eta Baliabide eta Kontsumo Energetikoen Ikerketa Zentroa daude (CIRCE). RedActiva 3.808.439,57 euroren aurrekontua du, eta zati bat Ekonomia eta Lehiakortasuneko Ministerioaren RETOS programaren bitartez finantzatzen da.

Proiektuaren helburua da 2018. urterako hainbat sentsore eta egokitzaile garatzea, erdi eta behe tentsioko sare elektrikoen egoera monitorizatu eta horien gainean modu automatikoan esku hartu ahal izateko. Automatizazioak zer onura ekarriko ditu?

Automatizazioaren onurak

Sentsoreek arazoren bat detektatzen badute, egokitzaileak segundo gutxiren buruan jarriko dira martxan, izan ere, gaur egun erreakzionatzeko denbora hainbat minutu izan daiteke. Ezaugarri hori oso baliagarria litzateke arazoren bat izan duen sarearen zatia azkar batean isolatzeko eta azkenean itzalaldi orokorra eragingo luketen tentsioaren kaskadako etenaldiak ez gertatzeko.

Gainera, energia berriztagarriak gero eta presentzia handiagoa hartzen ari diren sistema batean, energiaren ekoizpena ezin aurreikusizkoa da, aurreikusitako eskarira egokitu ezin diren elementu naturalen menpe dagoelako, energi iturri konbentzionalekin ez bezala. Hala, sareak gero eta arrisku handiagoa dute goi eta behe tentsioko puntak izateko, eta horrek kaltea eragin dezake transformazio zentroetan zein horietara entxufatutako ekipamenduetan. Sareak automatizatzeak aukera emango luke kontsumoaren iragarpena eta produkzioa orekatzeko eta, beraz, aipatu puntak saihesteko.

IK4-Ikerlaneko ikertzaile eta zentroan proiektuaren arduraduna den Juan Pedro Uribek azaldu duenez, "hein handi batean, sare elektrikoak oraindik analogikoak dira: ez daude digitalizatuta eta automatizatuta eta, ondorioz, tarte handia dago efizientzia eta segurtasuna hobetzeko”.

Eredu honen beste onura batek sare elektrikoetako langileen segurtasunarekin du zerikusia: mantentze edo konpontze lanen bat egin behar bada, zona hori automatikoki isolatu liteke, bertan korrontea sartzea galarazteko.

“RedActiva proiektuan dugun asmoa teknologia garatzea da, erdi eta behe tentsioko sare elektrikoetan sentsoreen eta eragingailuen sare handi bat sortu ahal izateko, horrek eskainiko lizkigukeen aukera guztiak aprobetxatzeko”, gaineratu du.

“Energia berriztagarriak hasi baino lehen nahiko erraza zen kontsumoaren gaineko aurreikuspen bat egitea eta ondorioz energia ekoiztea, baina hori gero eta konplikatuagoa da, eta teknologia modernizatu egin behar da, ingurune aldakor batera egokitzeko”, azaldu du ikertzaileak.

Erdi eta behe tentsioko sare elektrikoek ikaragarrizko hedadura dute, eta horregatik oso sentsore kopuru handia instalatu beharko litzateke automatizatzeko. Gailu horien gaur egungo prezioa altuegia da eta, ondorioz, RedActiva proiektuan kostuak erabat murrizteko asmoa dute: "sentsoreen kostua %90 merkatu nahi dugu gaur egun merkatuan daudenekin alderatuta", zehaztu du Uribek.

Komunikazioak

Proiektuaren sustatzaileek irudikatzen duten sarearen osagaiak lirateke sentsore kopuru handi bat, zeinek elektrizitatea banatzeko sarearen egoerari buruzko informazioa luketen, kontrol zentro bat, zeinak informazio hori prozesatu eta erabakiak hartuko lituzkeen, eta eragingailuak, erabakiak gauzatzeko. Horrenbestez, alde guztien arteko komunikazioa proiektuaren funtsezko zatia da.

Horixe da hain zuzen ere IK4-Ikerlanek proiektuan jokatzen duen rola, izan ere, bera da teknologia garatzearen arduraduna, alde guztiek informazioa modu azkar, zehatz eta seguruan trukatu ahal izan dezaten.

Ikerketa zentro teknologikoa