HUHEZIk eta Aretxabaletako Udalak elkarlanerako hitzarmena sinatu dute

Mondragon Unibertsitatearen Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateak (HUHEZI) eta Aretxabaletako Udalak elkarlanerako hitzarmena sinatu dute. Hitzarmenaren arabera, bai fakultateak eta baita udalak zerbitzuak eta proiektuak trukatuko dituzte, bien interesekoak.
Card image cap
Hitzarmena Ana Bolinaga Aretxabaletako alkateak eta Nekane Arratibel HUHEZIKO dekanoak sinatu dute udaletxean bertan, erakunde bien arteko harremana arautzeko asmoz.
2013/01/23

Sinatutakoaren arabera, HUHEZIk bere liburutegiaren eta gelen erabilera irekiko dizkie aretxabaletarrei, beti ere unibertsitatearen funtzionamenduaren barruan. Horrezaz gain, ate irekien saio bat antolatuko du otsailaren 16an goizez, Aretxabaletako herritarrek bisita ditzaten campus berria. MUko Kirol Zerbitzuak, bestetik, hainbat ekintza antolatuko ditu urtean barrena zabalik izango direnak Aretxabaletako herritarrentzat.

Aretxabaletako Udalak, berriz, campuseko belardiaren eta bertako argiztapenaren ardura izango du. Horrezaz gain, Aretxabaletako Udalak erraztasunak emango dizkio fakultateari Arkupe udal aretoa, Ibarrako futbol zelaia eta Iturrigorri frontoia erabiltzeko, nahiz eta azken hauetan Kurtzebarri ikastetxeak izango duen lehentasuna.

Erakunde biek hitzartu dute elkarlanean jardungo dutela aurrerantzean, adibidez, aprobetxatuta Komunikazio ikasleen praktikak eta proiektuak, EUSPOT lehiaketa bultzatuta Arteman agentziarekin batera eta campus berriko aparkalekua partekatuta behar denean. Hitzarmena muga barik sinatu da, eta berau sendotzeko, jarraipen batzorde bat sinatu da, urtean behin, gutxienez, elkartuko dena, ikusteko dena ondo doan.

Irakaskuntza unibertsitate zentroa