HUHEZIk 40. urtemuga ospatzen du

Urteurrena ospatzeko ekitaldiei hasiera emateko fakultatearen 40 urteko historia eta mugarri nagusiak jasotzen dituen “40 urtean euskal gizartean eragiten” izenburuko liburu eta dokumentalaren aurkezpena egin da.
2016/10/19

Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateak (HUHEZI) 40. urteurrena ospatzen du aurten. Lau hamarkada horietan prestatutako irakasle euskaldunak milaka haurren hezkuntzaz arduratzen dira gaur egun Euskal Herriko eskola eta ikastoletan, edo komunikazioaren profesionalak dira ikus-entzunezko komunikabideetan edo erakundeetan. Horrek agerian jartzen du Mondragon Unibertsitatearen zerbitzu publikoa.

Fakultatearen 40. urteurrena ospatzeko ekitaldiak gaur hasiko dira, Fakultatearen historia eta mugarri nagusiak jasotzen dituen liburu honen aurkezpenarekin: “40 urtean euskal gizartean eragiten. Irakasle Eskola-Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultatea (HUHEZI)”.  Iñigo Ramírez de Okariz ikertzaile eta irakasleak idatzitako liburu horrek 328 orrialde ditu, eta dokumental bat dakar berekin, Iñaki Bilbao eta Adrián Alonso ikasle ohiek Gradu Bukaerako Lan gisa egindakoa. Liburuak datu, grafiko eta argazki ugari jasotzen ditu, Fakultatearen historian zehar ikusizko ibilbidea egiten laguntzeko.

Eskoriatzako Irakasle Eskola 1976an sortu zen, garai hartako hezkuntza-sistemak aurrean zuen erronka handiari erantzuna emateko: irakasle euskaldunak sortzea. Horrelaxe sortu zen HUHEZI Fakultatea, garai hartan Eskoriatzako Irakasle Eskola edo Magisteritza Eskola zeritzona.

Euskadiko Fakultate aitzindari baten historiako mugarriak

Fakultatearen historiaren laburpena egiten duen liburua gaur aurkeztu da. Fakultateak bere sorreratik hona bizi izan dituen mugarri nagusiak jasotzen ditu, funtsean. Azpimarratzeko moduko oinarrizko ezaugarria fakultate euskaldun eta kooperatiboa izatea da. Hezkuntza-erakundearen bilakaera baldintzatu duten mugarrien artean, honako hauek aipa daitezke:

HUHEZI 40 urte

  • 1976an, gaur egungo Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultatearen ernamuina sortu zen Eskoriatzan.
  • Eskoriatzako Irakasle Eskola hura irakasleak euskaraz prestatzen zituen Euskadiko lehen fakultatea izan zen.
  • Abian jarri eta bi urte geroago, Hezkuntza Ministerioak ontzat eman zuen ofizialki ikasketa-plana, eta 1979an,  Irakasle Ikasketetan titulatutako lehen belaunaldia  irten zen hango ikasgeletatik,  39 diplomadunez osatua. Urtebete geroago (1980), Eskola kooperatiba bihurtu zen. 
  • Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultatea dibertsifikatuz joan da urteak igaro ahala. Hala, 1984an, Haurren gaineko Dokumentazio Zentroa jaso eta Jakingarriak aldizkaria plazaratu zuen.  Urtebete geroago, 1985ean, jarduneko irakasleak birziklatzeko ikastaroak antolatzen hasi zen, Eusko Jaurlaritzak lagunduta.
  • 1990an, Administrazioan euskara normalizatzeko ikastaro bereziak antolatu ziren Fakultatean, eta 1992an, euskarazko lehen eskola-liburuak argitaratu ziren.
  • 1997an, Irakasle Eskola Mondragon Unibertsitateko  Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultatea bihurtu eta Humanitateak-Enpresa lizentzia ematen hasi zen. Irakasle Eskolaren historiako lehen 21 urte horietan, 1976tik 1997ra bitartean, guztira 1.252 irakaslek egin zituzten ikasketak bertan.
  • Ordutik aurrera, titulazioak gehitu eta prestakuntza mota desberdinak eskaintzeari ekin zien. Hala, 1999an, Fakultateak lehen masterra eman zuen: “Enpresa Proiektuen Zuzendaritza”. Ikasle kopuruak gora egiten zuela-eta, beste eraikin bat eskuratu behar zuen Fakultateak.
  • 2000. urtean, Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultatea Psikopedagogia-lizentzia  ematen hasi zen, eta 2001ean,  lehen ikasketak guztiz online eta euskaraz eskaintzen hasi zen.
  • LANKI lankidetzaren ikertegiak ere funtsezko eginkizuna bete du Fakultatearen historian: 2001ean sortu zen, eta Mondragon Unibertsitateko Lankidetzaren Ikertegia izatera heldu zen. Sartu zenetik hiru arlo hauek lantzen ditu: kooperatibismoa, gizartean esku-hartzea eta garapenerako lankidetza.
  • 2003an, PBL (Proiektuetan Oinarritutako Ikaskuntza) metodologia erabiltzen hasi zen Fakultatea. Mondragon Unibertsitatearen aurkezpen-gutuna izango zen hura, gaitasunetan oinarritutako ikasketak eskaintzea erabaki baitzuen.
  • Hurrengo hamarkadan lizentzia eta master berriak jarri ziren abian (Hezkuntza Fisikoa, Ikus-entzunezko Komunikazioa, Prestakuntza Pedagogikoa eta abar).
  • Beste mugarri batzuk izan ziren, alde batetik, Euskal Kulturgintzaren Transmisioan (EKT) aditu titulua martxan jartzea, eta bestetik, Ikus-entzunezko Komunikazioa Graduko ikasleek antolatutako HUHEZINEMA film laburren lehiaketaren lehen edizioa (2007).  2008. urtean, Ikus-entzunezko Komunikazioa Graduko lehen belaunaldia lizentziatu zen.
  • 2010ean, Unibertsitateko telebistaren (MUtelebista) emanaldiak hasi ziren.
  • 2013an, Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultatearen eraikin berria inauguratu zen Aretxabaletan. Bertan emango zen aurrerantzean Ikus-entzunezko Komunikazioa Gradua.
  • Urte berean, gradu oso bat edo Hezkuntzako bigarren titulazio bat online eta euskaraz egiteko aukera eskaini zen lehen aldiz.
  • 2015-2016 ikasturtean, Fakultatearen 2020 Plan Estrategikoa jarri zen abian. Plan horren bidez, proiektua hau eraikitzen lagunduko duten erronka berriak identifikatu eta eraiki ahal izango dira.

  

Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultatea gaur egun

Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateak guztira 7.058 ikasle hartu ditu sortu zenetik hona. Ikasle horiek Aretxabaletako eta Eskoriatzako campusetan lortu dute euren titulazioa. Horietatik, 6.071 Haur Hezkuntzan eta Lehen Hezkuntzan graduatu dira.

Gaur egun, Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultatea aurreratua eta sendoa da, eta hainbat prestakuntza-aukera eskaintzen ditu.  Izan ere, 40 urte geroago, funtsezko pieza da oraindik hezkuntzaren, kooperatibismoaren, komunikazioaren, kulturaren eta euskararen alorretan.

Aurreko 2015-2016 ikasturtean, Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateak 1.049 ikasle izan ditu hezkuntza-graduetan, hots, Haur Hezkuntzan, Lehen Hezkuntzan eta Ikus-entzunezko Komunikazioan, modalitate guztietan:  presentzialak, blended (erdi-presentzialak) eta online. Guztiak ematen dira euskaraz.

Bestalde, 108 ikaslek egin zituzten unibertsitate-masterrak edo graduondokoak HEHEZIn aurreko ikasturte akademikoan. Fakultateak honako master-titulu hauek eskaintzen ditu gaur egun: Berrikuntza Didaktiko Metodologikoko Proiektuen Garapena eta Kudeaketa Hezkuntza Erakundeetan Unibertsitate Masterra; Hezkuntza Testuinguru Multikultural eta Eleaniztunetan Unibertsitate Masterra; Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan, Batxilergoan, Lanbide Heziketan eta Hizkuntzen Irakaskuntzan Irakasle Gisa Aritzeko Gaitzen duen Unibertsitate Masterra eta Gizarte Ekonomia eta Enpresa Kooperatiboa Unibertsitate Masterra. Horrez gain, erreferentziazko aditu-tituluak ere eskaintzen dira, hala nola Euskal Kulturgintzaren Transmisioan aditu titulua; Kooperatibagintzan aditu titulua; Kirol-hezitzailea aditu titulua eta Jatorrizko hizkuntzen eta identitateen berreskurapenerako aditu titulua.

Bestalde, aurreko ikasturtean Fakultatean matrikulatutako ikasleen % 20k atzerrira bidaiatu zuen ikasketak edo curriculumeko praktikak egitera.

Etorkizuneko erronkak

HUHEZI 40 urte

Bixente Atxa Mondragon Unibertsitateko errektoreak bere azalpenean azaldu duenez, Fakultate honek 40 urte daramatza gure gizartean hezkuntza eta euskara bultzatzen. “Osasun onarekin bete ditugu 40 urteak. Aztarna iraunkorra utzi dugu Euskadiko euskarazko hezkuntzan.  Eta, orain, aurrera begira gaude etorkizuneko eskola diseinatzeko, etorkizuneko profesionalen prestakuntzaren bidez”.

Bestalde, Humanitate eta Hezkuntza Zientzien dekanoak azpimarratu duenez, HUHEZIk hezkuntza-berrikuntza eskaini behar die bere ikasleei, honako honetan gauzatuta: “unibertsitate-bizitzako esperientzia berezia, metodologia aktiboetan oinarritua, kooperatibismoaren balioak oinarri dituen pertsonen prestakuntza, euskaldun identitate batekin eta nazioarteko beste esperientzia batzuei irekia”.

Fakultatearen etorkizuneko erronken artean azpimarratzekoak dira, alde batetik, berrikuntza pedagogikoa, hori baita etorkizuneko gizarte-aldaketen ernamuina. Arlo horretan eragile aktiboa eta liderra izaten jarraitu nahi du Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateak; bestetik, ikerkuntza eta transferentziaren eredu propio baten aldeko apustua, HEHEZIren proiektua indartzeko; eta azkenik, hezkuntza kooperatiboa ezaugarri nagusietako bat duen proiektu hau osatzen duten pertsona guztien garapen integrala ziurtatzea. Gainera, Fakultateak, bere sustraiak galdu gabe, mundura irekitzen jarraitu nahi du, munduan eragiten, ikerkuntzaren  nahiz ikasketa-eskaintzaren alorretako aliantza berrien bidez.

Begoña Pedrosa fakultateko dekanoaren hitzetan, Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultatearen helburua hezkuntzaren bidez gizartean eragiten jarraitzea da. Zentzu horretan, hauxe esan du dekanoak: “Gure gizartea hobetzen lagundu nahi dugu. Alde batetik, profesional onak, arduratsuak eta konprometituak prestatuz. Eta bestetik, ikertuz, eta transferentziaren bidez, gure ezagutzak gizartearekin partekatuz”.

40. urteurreneko ekitaldiak

Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultatearen historia jasotzen duen liburua gaur aurkeztu eta ezagutarazi dute. Geroago beste zenbait ekitaldi gauzatuko dira, batez ere 2017ko maiatzean, bai akademikoak bai ludikoak, data historiko bat ospatzeko: Fakultatearen 40 urteko ibilbidea. Hala, 2017ko maiatzean, antolatuko dira Eskoriatzako campusean, beste batzuren artean, mahai-inguruak, musika kontzertuak, aurkezpenak eta ateak irekitzeko jardunaldia. Azken horretan, 40 urteko historia honetako protagonistek partekatu eta gogoratu ahal izango dituzte Fakultatean bizi izandako esperientziak. Gainera, maiatzaren 18an, HUHEZIko egungo ikasle eta langileek modu berezian ospatuko dute Fakultatearen Jaia, Txomin Txapel.

Humanitate eta heziketa zientzien fakultatea