HETELek, CONFEBASKek eta Politeknika Txorierrik “Global Training” programako 65 beka gestionatuko dituzte

HETELek eta Euskal Enpresarien Konfederazioak (CONFEBASK), Politeknika Txorierrik lagunduta, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak atzerrian praktikak egiteko abian jarritako “Global Training” programako 65 beka gestionatuko dituzte. Beka horiei esker, EAEko gazteek jarduerak eta proiektuak burutuko dituzte hainbat herrialdetako enpresa eta erakundetan. Izena emateko epea uztailaren 28ra arte iraungo du.
Card image cap
2014/06/25

HETELek (Euskadiko Gizarte Ekimeneko Lanbide Heziketako Ikastetxeen Elkarteak) eta CONFEBASKek (Euskal Enpresarien Konfederazioak), MONDRAGON Korporazioaren barne dagoen Politeknika Txorierrik lagunduta, 65 beka gestionatuko dituzte guztira –LHko 49 eta Unibertsitateko 16–, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak atzerrian praktikak egiteko berriki abian jarritako Global Training programaren barruan.

Programak EAEko tituludun gazteen nazioarteko mugikortasuna erraztuko du

Programak EAEko tituludun gazteen nazioarteko mugikortasuna erraztuko du. Izan ere, mundu zabaleko enpresa eta erakundeetan beren profil akademikoaren araberako jarduerak eta proiektuak gauzatzeko aukera izango dute. HETELek, CONFEBASKek eta Politeknika Txorierrik Global Training beken inguruan lortutako akordioak bultzatu egingo du hiru erakundeen arteko lankidetza. Hirurak ere erreferenteak dira arlo horretan eta esperientzia luzea dute nazioarteko mugikortasunaren alorrean, Global Training beken aurreko edizioetan parte hartu dutelako eta aurretik ere Europako Erasmus eta Leonardo da Vinci programetan parte hartu dutelako.

Gazteen enplegagarritasuna hobetzea helburu

Global Training” bekek enplegagarritasuna hobetzea eta gazteak nazioartera irtetea dute helburu, haien prestakuntza eta gaitasun-profila euskal enpresen lehiarako beharretara hobeto egokitzeko. Bekak eskuratzeko orduan, honako ezaugarri hauek hartuko dira aintzat izangaien artean: praktikak egiteko enpresak edo erakundeak eskatutako profilera egokitzea, horien jarduera-eremurako berariazko prestakuntza izatea eta eskainitako proiektuan eta lan-programan parte hartzeko hizkuntza-maila eta motibazioa izatea.

Bekek 6 hilabete iraungo dute gutxienez eta onuradunek batez beste 1.124 € jasoko dituzte hilean

Bekek 6 hilabete iraungo dute gutxienez eta onuradunek batez beste 1.124 € jasoko dituzte hilean. Kopuru horrekin, onuradunak helmugako lurraldera joateko gastuak, haien mantenua, ostatua eta Gizarte Segurantzako kotizazioa beteko dira. Orobat, bekak osasun-aseguru bat eta erantzukizun zibileko beste bat hartzen ditu barne praktikaldian zehar.

Euskaditik irten aurretik, bekadunek 50 orduko prestakuntza jasoko dute. Horretan, praktikari ekiteko modua ez ezik, kultura arteko negoziazioa, komunikazio-teknikak, elkarlana, adimen emozionala, berrikuntza eta beste batzuk ere landuko dituzte. Hautatuak azaroaren bukaeran abiatuko dira helmugara, honako herrialde hauetara: Alemania, Belgika, Brasil, Txile, ABE, Frantzia, Grezia, Herbehereak, Hungaria, India, Indonesia, Irlanda, Israel, Mexiko, Panama, Polonia, Erresuma Batua, Txekiar Errepublika, Errumania, Hego Amerika eta Sri Lanka.

Uztailaren 28an amaituko da eskaera epea

Global Training bekak eskatzeko epea 2014ko ekainaren 25ean hasi eta uztailaren 28an amaituko da, eta bekak eskuratu nahi dituztenek baldintza jakin batzuk bete behar dituzte:

  • Eskaera-epea bukatu aurretik lortutako lizentziaren, diplomaturaren edo Lanbide Heziketako Goi Mailako tituluaren jabe izatea.

  • Euskal Autonomia Erkidegoan administrazio-bizilekua izatea 2014ko urtarrilaren 1ean, gutxienez urtebeteko antzinatasunarekin.

  • 30 urte beteta ez izatea 2014ko urtarrilaren 1ean (1984ko urtarrilaren 1etik aurrera jaioak izatea).

  • Atzerrian sei hilabeteko edo gehiagoko praktikak egiteko aukera ematen duten beste beka batzuen onuradun ez izatea (Europako mugikortasun-programak: Leonardo da Vinci, Erasmus eta abar).

  • Ingelesezko B2 maila (Goi Mailako Lanbide Heziketarako) edo C1 edo CAE (Certificate in Advanced English, Unibertsitateko tituludunentzat) maila aurreratua izatea. Helmuga-herrialdeko hizkuntza-ezagutza ere aintzat hartuko da. Hizkuntza-maila hautapen-prozesuan zehar ere egiaztatu ahalko da.

  • Dirulaguntza publikoak jasotzeko aukera galarazten duten zigor administratiboa edo penala ez izatea eta horretarako gaitasunik gabe uzten duen legezko debekupean ez egotea.

  • Europako Osasun Txartelaren jabe izatea gomendatzen da.

Beka eskuratu edo horri buruzko informazioa jaso nahi dutenek honako webgune honetara jo dezakete: www.global-go.net.

Irakaskuntza teknikorako zentroa