Herri ipuinak eta mitologia ardatz, maiatzaren 13an, Literatur Topaketa Eskoriatzako campusea

"Sutondoko ipuinak" lelopean, Literatur Topaketa egingo da, maiatzaren 13an, Eskoriatzan, Mondragon Unibertsitateako Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultatean. Aurtengo edizioan, herri ipuinen eta mitologiaren gaia landuko dute. Antolatzaileen ustetan, garrantzizkoa da irakasle ikasketak egiten dihardutenek euskal ipuinak eta mitologia ezagutzea, besteak beste, etorkizunean gai izan daitezen euskal kulturaren transmisioan eragiteko. Sarrera librea da.
Card image cap
2015/05/11

Berritasun ugarirekin dator 2015eko edizioa. Batetik, hitzaldiak eta ipuin kontaketak tartekatuko dituzte egunean zehar. Hala, hitzaldiak emango dituzte Jesus Mari Olaizola Txilikuk eta Anuntxi Aranak, berriz, ipuinak kontatzera etorriko dira Koldo Izagirre eta Edorta Jimenez idazleak. Idazle horiek, hurrenez hurren, mendialdeko eta itsasaldeko ipuinak kontatuko dituzte. Bestetik, fakultateko ikasleek protagonismo handia hartuko dute aurtengo ekitaldietan. Esaterako, goizean zehar, Ikus-entzunezko Komunikazioa graduko ikasleek zenbait bideo erakutsiko dituzte; arrastsaldean, berriz, atzerritik gurera etorritako Erasmus ikasleek euren herrietako ipuinak kontatuko dituzte. Horretaz gain, Lehen Hezkuntza graduko 3. mailako ikasleek pertsonaia mitologikoen inguruko erakusketa prestatuko dute.
Literatur Topaketa  Eskoriatzan egingo da, Zaldibar udal aretoan eta Eskoriatzako campusean. Jardunaldia irekia da eta sarrera debaldekoa.

Egitaraua
Goizeko saioa: Zaldibar udal aretoan (Eskoriatza)
09:00-9:15: Literatur Topaketari ongi-etorria sutondoan
09:15-10:15: Jesus Mari Olaizola Txilikuren hitzaldia: “Kontaketaren plazera”
10:15-10:45: Koldo Izagirreren ipuin kontaketa: “Baztango lanbroa” 
10:45-11:15 Atsedena
11:15-12:15: Anuntxi Aranaren hitzaldia: "Anbotoko Dama, deabru ala goiandere?" 
12:15-12:45: Ikus-entzunezko Komunikazioa graduko ikasleen bideo emanaldia: “Kontatu irudiz”

Arratsaldeko saioa: Eskoriatzako campusean
14:30-14:45: Ongi-etorria bazkalosteko naufragiora
14:45-15:15: Edorta Jimenezen ipuin kontaketa: “Naufragoa eta kupela”
15:15-15:45: Erasmus ikasleen ipuin kontaketa: “Long ago in a land far, far away...”

Humanitate eta heziketa zientzien fakultatea